SINADURAK

Ibon Meñika

Sortuko Herrigintzako ordezkaria

Alternatibarik ez dago... what?!

2022-02-04

1979. urtean Margaret Tatcher lehen ministro britainiar berriak “there is not alternative” bere leit motiv sortzen ari zenean forma hartu zuen gazte antolakuntza independentista eta sozialistak Euskal Herrian. Orduko testuinguruak ezartzen zituen askatasun egarriei gazte izatetik ekarpena egiteko asmoz.


Argazkia. Unsplash / Matteo Grando

 

Tacherismoan bezala, No future xurgatu zuten askok Euskal Herrian ere; baina baita en la línea del frente sarri, David eta Goliath logikan haziak beste zenbaitzuk, kontraesanen oasian maiz bizirik, bisai berriak sorturik... eta haria ez da eten. Belaunaldiz belaunaldi, unean une, diskurtso, egitasmo, borroka, forma ezberdinak garatu zituen erraminta politikoa bihurtu zen, status quoaren agintarien buru-hauste handienetariko bat bihurtzeraino.

Zio horri erantzunez, Lizarra-Garazi itunaren logikan, 1999-2000. urteetan, ezker abertzalearen aurkako ilegalizazio prozesua ireki zuen estatu espainiarrak. Halaber, 2001ko martxoko eta 2002ko martxoko operazio polizialekin gazte antolakuntza eta borroka kolpatzeari ekin zion. Atxiloketak, miaketak, espetxeratzeak, jardunen etenaldiak etab.ak gauzatuz.

2002ko otsailaren 5ean Garzon epaileak Jarrai eta Haika gazte antolakundeak legez kanpokoak deklaratu zituen entzutegi nazionaleko bere 5.salatik argitaraturiko enegarren ebazpenaren bidez (gerora Segirekin egingo zuen bezala). 20 urte, beraz, igaro dira jada. Ez zen otsailak, gazte efemeride gisa, izango zuen bakarra.

 

«1999-2000. urteetan, ezker abertzalearen aurkako ilegalizazio prozesua ireki zuen estatu espainiarrak»

 

Izan ere, 2005ko otsailaren 7an -orain 17 urte- hasi zen Madrileko entzutegi nazionalean makro-sumarioaren epaiketa, “euskal gazteria aurrera!” lelopean generaman kamiseta gorriekin jantzirik, batetik; eta, bestetik, 2007ko otsailaren 4an -orain 15 urte- Bilboko Esperantza frontoian agertu ginen hainbat auziperatu; entzutegi gorenak gazte antolakundeak “terroristatzat” deklaratu ondoren, guardia zibil, polizia eta ertzaintzei gure bilatze agindua ezarria zitzaienean epaitegietatik. Espetxean bukatu genuen gau hartan, berriz ere.

Gaurko ile urdinek, buru-soiltzeek edo zimur disimulatuetatik ordukoa nola bizi izan genuen pentsatze hutsak, harridura sortzen digu, egia esanda. Baina gertatu, gertatu zen; bizi, bizi egin genuen. Norbait JASP belaunaldiaz mintzatzera ausartu zen orduko kotxe iragarki bati erreferentzia eginez (jóvenes aunque sobradamente preparadas); gaur, beharbada, random-tzat hartuko gintuzten. Auskalo.  Argi dagoena da gaur egun garena, ordukoaren ondorio ere badela. Bere erpin guztiekin.

Termino errepresiboetan, mugarri bat bihurtu zen; ez guretzat bakarrik, baizik eta mugimendu oso batentzat: batetik, gazte antolakuntza eta borroka kolpatzeko aterki juridiko oso bat eraiki zelako, gerora ezagutu eta pairatu zenuten bezala gazte askok: 200 atxiloketa, tortura, espetxeratze masiboak, jazarpen politiko-poliziala, klandestinizazio saiakerak, debekuak... eta baita, ordura arte epaitu gabe zeuden elkarte, alderdi, eragile askorentzat, eta haien kideentzat: 18/98 makro-sumarioaren epaiketa gure ondoren etorri zen, eta baita Egunkaria, Udalbiltza, Amnistiaren aldeko mugimendua, HB, Batasuna eta abarrak. Estatu frantziarrean aldiz, euro-aginduak, Espainiak ilegalizaturiko eragileen Ipar EHko kideen aurkako errepresioa, hegoaldeko lagunek Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberuan libre bizitzeko ezintasuna eta jazarpena... izan ziren harturiko formak.

 

«Termino errepresiboetan, mugarri bat bihurtu zen; ez guretzat bakarrik, baizik eta mugimendu oso batentzat, gazte antolakuntza eta borroka kolpatzeko aterki juridiko oso bat eraiki zelako»

 

Inteligentzia artifizialaren garaian gaude, eta metaverso/metauniverso-az hitz egiten da. Internetez haragoko belaunaldi berri bat sortzen ei dago, zeinek mundu paraleloetan bizitzeko gaitasuna izan dezakeen, mundu birtualez gain, esperientzia multidimentsionalak biziz. Eta guk, inuxenteok, ez genekien urteetan gure herri txiki honetan bizi genuen hori, hamarkada batzuk geroago munduko aldaketa teknologikoaren paradigmatzat hartuko zenik! Hamaikatxo ikusteko jaio gara!

Bromak aparte, agian, kolektiboki hainbeste mintzatu ez garen bestelako ondorioak utzi zituen garai hurak: ilegalizazio fase luze bati eusteak zekarren errealitatea alde ezberdinetatik, gu bezalako mugimenduarentzat zer suposatu zuen, zein ondorio laga zituen epe labur, erdi eta luzeko jardunean, bere kidegoan iltzaturiko marka... eta bagaude, berauek (eta gehiago), gure baitan jarraitzen dutela, neurri batean; gure genealogia garaikidearen parte bihurtu direlako.    

Hari horri tiraka lanketa sakonerako lanabesa izan daiteke, apika; zentzu horretan, egunotako urteurren berezi hauek, gogoeta batzuk mahai-gaineratzeko probestu nahiko genituzke, baliagarriak direlakoan hausnarketa kolektiboa aberasteko.

 

«Ilegalizazio fase luze bati eusteak zekarren errealitatea alde ezberdinetatik, gu bezalako mugimenduarentzat zer suposatu zuen, zein ondorio laga zituen epe labur, erdi eta luzeko jardunean, bere kidegoan iltzaturiko marka...»

 

Argazkia. Unsplash / Linus Nylund

 

Nola? Galderari erantzuten saiatzea abiapuntu bat (ez bakarra) izan daiteke. Orain gutxi Gabriel Boric, Txileko presidente berria, elkarrizketa batean entzun izan dugu Pepe Mugikak emandako aholkua “no cometan nuestros mismos errores” izan dela; gazte-eskola batean entzun genion Arantxa Arruti ezker abertzaleko militante historikoari antzerako mintzatzen gaurko militanteei: “zuen akatsak egin itzazue” gehitu zuen Burgoseko prozesuan epaitua izandako arima askeak. Ikasle mugimendutik datorren gobernu-buru latinoamerikarrak argiki azaltzen du egun duen bilakaera sinbolikoaren karga: “gure bizitza-esperientziak baino luzeagoa den ibilbide baten eroaleak gara, baina horren parte sentitzeak baita ere zera dakar, zeintzuk izan ziren bere hutsune, akats, eta porrotak ulertzen jakitea”.

Belaunaldien arteko espazioak sortzea funtsezkoak direla begitatzen zaigu, zinez. Berdinetik berdinera. Elkar ikasteko. Norabide-askotarikoa. Nia eta guaren arteko orekan. Entzuketa aktiboan. Zubigintzan. Eta zenbat gauza on atera daitezkeen bertatik ohartzeko aukera eskaini geure buruei. Adibide bat jarriko dugu, “bulkada berrien garaian” dinamikan suertaturikoa, lagin gisa: gure belaunaldi-kide emakumezkoei entzun genien feminizazio politikorako mugarria bihurtu zitzaiela lehen atxiloketa hura, ordura arteko bidean jauzi bat emanik gaurdaino eraman gaituen ezker abertzalearen eraldaketaren motor bat bihurtzeraino. Eta berau aurrez aurre entzuterakoan ikasi genituen gizonok, gauza asko. Norbere bere buruaren ariketa kritikoa egiteko ikasgaia(k) bilakatuz.  

 

«Belaunaldien arteko espazioak sortzea funtsezkoak direla begitatzen zaigu, zinez. Berdinetik berdinera. Elkar ikasteko. Norabide-askotarikoa. Nia eta guaren arteko orekan. Entzuketa aktiboan.»

 

Zer-zertarako? Erantzukizun politikotik geure memoria egitea dagokigu. Ondorengoek tresna gisa izan dezaten. Epikarik gabeko mugimendu emantzipatzailerik ez dago, baina neurrikoa izan behar da: Testuinguru politikoa, ezaugarriak, joerak eta praktikak zorrotz azterturik eraikia. Eta zintzotasunetik plazaratua.

Gazte eta errebeldeak sentitzen ginen... y que nos quiten lo bailau. Alta, 2022ko begietatik begiratu beharko genuke geure esperientzia, ekarpen politikorako euskarria izateko. Susmoa dugu erradikaltasun nagusia feminismoan, ekologismoan, hezkuntzan, aisialdian, euskara-kulturan, sozio-ekonomian dagoela egun... Eta geure buruari galdetu beharko genioke memoria hori zertarako izan daitekeen baliagarria orain. Sinisturik gaude inteligentzia eta esperientzia kolektiboan oinarrituriko unibertso bat dagoela hor. Ezagutzeko beharrarekin, erregai amaiezinarekin, gutxi batzuek duten biltegi aberatsarekin, baina kasu! hankaz gora jartzeko trasgresioarekin ere.  Hil itzazue....batez ere aitak! Agian horrela emari bat izan gaitezke, umiltasunetik.

Izan ginelako dira, bai. Eta oraindik geldituko zaituzten mugarik ez zaizue nabari.