GOMENDIOAK

Erria

Zaldi Urdina audio-fikzio podcasta

2021-12-10

 

Artedrama, Axut! eta Dejaburen Zaldi Urdina antzezlana podcast formatuan. Izen bereko audio-fikzio seriea izango da eta Aingeru 17 urteko gaztearen arrastoaren bila jarriko ditu entzuleak.

Honako hari hau izango du abiapuntu: gazte bat hil da tekno-jaialdi batean Zaldi Urdina izeneko droga berria hartuta, eta, aldi berean, Aingeru desagertu egin da. Droga berriarekin ezkutuko salerosketan dabilena Aingeru delakoan, atzetik ditu familia eta polizia. Amets 22 urteko arreba errebeldeak, Karmen amonak eta Simon udaltzainak astebeteren barruan aurkitu behar dute mutila, 18 urte bete baino leheneta epaitegira abokatu on batekin eraman.

Hainbat elementu izango ditu fikzioak: ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko diren gazteen ondoezak eta ametsak, trafikatzaileen eta interes ekonomikoen boterea, eta polizia-indarren eta politikaren konplizitatea.

Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute audio-fikzioa, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean. Aktore lanetan, berriz, Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Iraitz Lizarraga, Oier Zuñiga, Urko Redondo, Argi Perurena eta Olatz Beobide aritu dira, besteak beste.