GOMENDIOAK

Erria

Transgresioa irakasgai

2023-10-06

Amaia Apalauzak euskaratua eta Nora Salbotxek hitzaurrea idatzi du. Katakrak, 2023

 

bell hooks-ek maistra eta intelektual matxinatuan hezkuntza mota berri bati buruz idazten du, hezkuntza askatasunaren praktika gisa. Ikasleei askatasunaren oparia lortzeko arraza-, sexu- eta klase-mugak «urratzen» irakastea da, hook-entzat, maisutzaren helburu garrantzitsuena. Gaur egungo hezkuntzaren bihotzari mintzo zaio: nola birpentsa ditzakegu irakaskuntza-praktikak multikulturalismoaren aroan? Zer egingo dugu irakatsi nahi ez duten irakasleekin eta ikasi nahi ez duten ikasleekin? Nola egin behar diogu aurre arrazakeriari eta sexismoari ikasgelan? Pasioz eta politikaz betea, Urratzen irakasteak ikasgelaren ezagutza praktikoa eta emozioen eta sentimenduen munduarekin lotura sakona uztartzen ditu. Irakasle eta ikasleei buruzko liburu ezohikoa da hau, amorruari, minari eta adiskidetzeari eta irakaskuntzaren beraren etorkizunari buruzko galderak egiten ausartzen da.

«Askatasunaren praktika gisa heztea, edonork ikas dezakeen irakasteko modu bat da».

Hezkuntza krisi larrian dago. Ikasleek, askotan, ez dute ikasi nahi, eta irakasleek ere ez dute irakatsi nahi. Herrialde honen historian sekula ez bezala, gure gizartean irakas-praktikek sortu dituzten aurreiritziei aurre egin behar diete hezitzaileek, baita ezagutzarako modu berriak eta ezagutza partekatzeko bestelako estrategia batzuk asmatu ere. Pentsalari kritiko aurrerakoiek eta kritika sozialean jarduten dutenek irakaskuntza funtsezko aferatzat hartzen ez badute, nekez helduko diogu krisi horri.

Pedagogo marxista eta kritikoek jakin izan dute etika eta estetika uztartzen dituzten proposamen erradikalak egiten, tradizioaren arau zurruna leherrarazten, ikastetxe barruko elkarrekintzetan ildo berriak zabaltzen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboa sustatzen dituzten proposamenak egiten. Pedagogo iraultzaileek – gaur ezinbertzean feminismoa ere barne hartuta – jakin dute, gainera, haien lan hezitzailea militantziarako esparru bat ere badela, emantzipazioaren aldeko borrokarako ezinbertzeko tresna.