Zuzendaria: Icíar Bollaín, 2024
2000n, Ponferradako Udaleko Ogasun sailean zinegotzi Nevenka Fernandezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen gizon batengandik: Ismael Alvarez, udalerriko alkatea (PPkoa). Nevenkak hilabeteren buruan, salaketa jarri zuen epaitegietan, jakinda "oso garesti" ordaindu beharko zuela...eta handik urtebetera iritsi zen epaia: Alvarezi zigorrik txikiena ezarri zioten sexu jazarpenagatik: 6.480 euroko isuna eta Fernandezi ordaindu beharreko 12.000 euroko kalte ordaina.
Salaketak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan eta zenbait kazetari Fernandezen sinesgarritasuna zalantzan jarri zuten. Ponferradan, areagotu egin ziren alkatearen aldeko babes agerraldiak, eta biktimak, azkenean, presio sozialak bultzatuta Espainiatik alde egin behar izan zuen.
Benetako gertakarietan oinarritutako istorio honetako protagonista #metoo mugimenduaren aitzindari izan zen, itzal handiko politikari bat sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea izanik.
Kasua gertatu zenetik hogei urte baino gehiago igaro diren honetan, Iciar Bollain zinemagile espainiarrak jazarpenean jarri du arreta baita inpunitatearen aurkako «ekintza politikoan» ere. Zuzendariak oso txukun kontatzen ditu gertaera haren nondik norakoak. Ondo kontatua dago, ondo girotua eta ondo interpretatua, batez ere Mireia Oriolek Nevenkaren paperean, sexu-jazarpenak dakarren larritasuna, nahasmena, erruduntasuna eta higadura emozionala ondo transmititzea lortzen duena.