GOMENDIOAK

Erria

Sahara, herri bat erresistentzian

2023-12-07

Egilea: Kristina Berasain Tristan,  ELKAR-BERRIA-JAKIN, 2023

 

Mendebaldeko Saharakoa gatazka ahaztua da, isilarazia. Hamasei urteko gerraren eta ia 30 urteko su etenaren ostean, sahararrek armak hartu dituzte berriz ere. Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen, 53. probintzia, baina frankismoak ez zuen behar bezala amaitu deskolonizazio prozesua. Traizioen kateaketa etengabea da orduz geroztik.

Marokoren okupazioak munduko harresirik luzeenaren bi aldeetan banatuta bizitzera behartu ditu sahararrak; batzuk errepresiopean bizi dira, eta beste batzuk, berriz, ihes eginda, basamortuen basamortuan. Fronte Polisarioak, klandestinitatean sorturiko askapen mugimendu nazionalak, estatu bat eratu du erbestean.       

Lurralde okupatuetako eta kanpalekuetako sahararrak gerraz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz mintzo dira, baina, okupazioa hasi zenetik 50 urte betetzear dauden honetan, ez dute independentzia eskuratzeko eta jaioterrira itzultzeko itxaropenik galdu. Saharar herriak nortasunari, duintasunari eta erresistentziari eusten die.

Liburu hau kazetaritza kronika bat da. Kristina Berasainek modu erraz bezain sakonean kontatzen du ahanzturara kondenatutako herri honen borroka, bertatik bertara, sahararren kontakizunak eta lekukotzak historiako pasarteekin tartekatuta. 

Berasain ahaztutako gatazketan eta giza eskubideetan espezializatutako kazetaria da. Berriako mundua sailetik leku gatazkatsuetara bidaiatu  du: Gaza, Riff, Egipto, Maroko, Ceuta eta Melilla… herri ahaztuei erreparatuz palestinarrak, kurduak, amazigak, errefuxiatuak, baina bereziki, sahararekin dauka lotura. Mendebaldeko Saharara 2005ean intifadaren berri ematera joan zenean kateatu omen zen herri horrekin.