XX. Mende luzearen bukaera aldera, Berlingo harresia erori eta "There is no alternative "markoa nagusitu zen, kapitalismoa sistema bideragarri bakarra zelako sinesmena zabalduz. Fukuyamak aurreikusi zuen historiaren bukaera zen, azken finean, zentzu metaforikoan, gertatu zena: gizakiaren historian organizazio sistema politiko eta kultural gorena erdietsi dugunaren ustea. Ideologia horri, Mark Fisherrek errealismo kapitalista deitzen dio. 2008ko krisiaren ondorioen ondoren idatzia, Fisher postfordismoan lanaren egoeraz mintzatzen zaigu, burokraziaz, kontrol sozialaren mekanismoez, heziketaren merkantilizazioaz eta patologia mentalen ugaltzeaz. Ildo horretan, kontsumo kultura konpultsiboarekin lotuak dauden patologia eta gaixotasun berriak aztertzen dira adibide eta bizipen pertsonalak nahasiz. Liburuaren gaia potoloa izan arren, erreferentzia literario, filmiko eta abar mordoa topatuko ditu irakurleak, aldarrikatzen diren tesiak kultura popularrareko adibideekin azaltzeko ahalegina eginez. Gomendagarria oso, gaur egungo neoliberalismoaren mutazioa eta jendartean duen eragina ulertzeko.
Mark Fisher [1968 – 2017] "K-punk" ere esaten zaion, kulturaren idazle britainiar, kritikari eta teorikoa izan zen. Londresko Unibertsitateko Goldsmiths Collegeko Ikus-entzunezko sailean aritu zen irakasle. Ospetsu egin zen XXI. mendearen hasieran K-punk gisa sinatutako blog-sarrerengatik eta politika erradikalari, musikari eta herri-kulturari buruzko idatziengatik.