GOMENDIOAK

Erria

Olatuak sutzen direnean

2025-03-05

Haritz Larrañaga. Txalaparta, 2025

 

Franco hil osteko urteetan haziak dira eleberri honetako protagonistak, Lizar eta Imanol anaiak. Etxe berera urte bateko aldearekin sortu arren, bide desberdinei heltzen diete: batak surfa hautatzen du bizimodutzat, eta besteak, borroka armatua. Beste modu honetan ere esan liteke: batak askatasun indibiduala bilatzen du itsasoan, eta besteak, askatasun kolektiboa xede, engaiamendu politikoari heltzen dio. Nolanahi den, bien bideak gurutzatu eginen dira han eta hemen, atalak txandakatzen direlarik.

Zarautzen kokatuak daude istorioaren gorabehera gehienak, zehazki, Bermudako triangelua edo barrio txino esaten zitzaion horretan, non kale istiluak, jonkiak eta haurrak nahas-mahas ibiltzen baitziren 1980ko urteetan. Horrela, bi protagonisten urratsen atzetik, garai eta paisaia baten kronika ere eginen du Haritz Larrañagak bere lehen nobelan, irakurle askori ezaguna eginen zaiona.