GOMENDIOAK

Erria

Mesfida zaitez

2024-04-09

Bea Salaberri, Txalaparta 2024.

 

Laurendia gazteari mesfidatzeko esaten diote. Esaten dio aitak, esaten diote adiskideek, bai eta, azkenean, bere buruak ere. Nafarroa Behereko landa eremutik Baionara ikastera joanda, inguruarekin batera aldatuko zaizkio jakin nahiak, piztuko kontzientzia politikoa eta sortuko ordura arte bururatu ere egin gabeko zalantzak.

Horrela, ETA erakundearen laguntza sarean sartuko da, fardelak batera eta bestera eramaten lehenik, etxean kideak aterpetzen gero. Laurendiaren istorioa kontatzen bazaigu ere, historia kolektiboa dugu hau, garai nahasi eta oposizioz bete batean hamaika emakume aritu baitira, ezkutuan eta espanturik gabe, engaiamenduaren sarean.

Borroka armatuaren ezohiko ikuspegi bat ematen du eleberriko protagonistaren eskutik: babes eta laguntza sarean ibilitako emakumeena. Memoria kolektiborako balioko duen eleberri indartsu bat harilkatu du, fikzioa eginez errealitateari komeni bezain hurbiletik segituta.

Nobelak bi atal ezberdin ditu: lehenak Lizarra-Garazi akordioraren garaira darama irakurlea (1995etik 2005erako tarte hartzen du) eta bigarrena armagabetzearen inguruan kokatzen da (2014tik Luhusoko armagabetze zibilera artekoa).

Salabarriak, aurretik, Baionak ez daki (Susa, 2015) helduentzako ipuin liburua argitaratu du, bai eta Oihenartea ez da hunki (Elkar, 2023) eta Baiona (Elkar, 2019) helduak euskalduntzeko liburuxkak idatzi ditu ere.