Garbiñe Ubidea idazlea eta Garluk ilustratzailea, Xabiroi komikia, 2025
Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea «ikonoa humanizatzera» datorren komikia. Mauriziak txikitan ikasi zuen panderoa jotzen, eta herriz herri aritzen zen, bere burua «aupa Maurizia!» oihuaz hauspotuz Euskal Herriko erromeriak girotuz. Horrela ezagutu zuen Benantzio Bernaola trikiti jotzailea, hasieran musikarako kide izan zuen eta ezkondu ere egin ziren. Garai hartako pandero jotzaileen ikur bilakatu zen Aldeiturriaga, ordura arte gizonezkoena zen mundu batean lehen lerroan jartzea lortu baitzuen.
Komikian Mauriziaren bizitzako momentu «zaurgarri» bat hartu dute ardatz. Haren senarra gaixotu eta ospitalean hainbat egun igaro zituztenekoa, harik eta Bernaola hil zen arte. Une gogor horretatik abiatu, eta hura gainditzera eta berriro musikaz gozatzera nola iritsi zen kontatu dute komikian. «Puska hori hartu dugu, hortik ateratzean Mauriziak are indar handiagoa erakusten duelako», gaineratu du idazleak. Hori bakarrik ez, denbora saltoak ere gehitu dizkiote kontakizunari, eta Aldeiturriagaren haurtzaroko eta gaztaroko momentuak azaldu dituzte. «Betiere musikarekin zerikusia duten momentuak dira», zehaztu du Garlukek.
‘Maurizia. Biziminaren hotsa’ komikia Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin elkarlanean argitaratu dute.