GOMENDIOAK

Erria

Lurraz beste

2023-06-29

Garazi Arrula Ruiz. (Txalaparta, 2023)

Garazi Arrula Ruizek Lurraz beste, bere bigarren liburua, plazaratu berri du. Zortzi ipuin labur jasoditu Txalapartak argitaratutako lanean. 2020tik gaurdaino osatutako lana izan da, hiru urteingurukoa, beraz. Duela sei urte argitaratu zuen lehen liburua idazle nafarrak:Gu orduko hauek.Itzultzaile eta editore lanekin uztartzen du Arrulak idazlearena.

Garaiari eta tokiari oso lotuta dauden ipuinak dira Lurraz beste liburukoak. Espazio arruntetakojende arruntaren bizitzak ditu kontagai, haien ekintzak eta egunerokoak, arruntak horiek ere. Gaur eta hemen kokatzen dira ipuinak eta pertsonaiak, azelerazio handiko garai batean. Egileak adierazi duen moduan, mugimenduan edo iragatean daude pertsonaiak, alegia, deserrotze eta pitzadura aldiak bizi dituzte.Idazkera zehatzez eta aberatsez ondu du Arrulak liburua, eta modu horretan sartuko da irakurlea pertsonaia horien etxeetan, gorputzetan eta bizitzetan. Horrela ikusiko dugu behinola helduleku zituzten gauzak kolokan dituztela. Kontakizun soilak izan arren, testuinguru orokorraren gaineko kezka ere nabarmena da istorioetan. Forma aldetik, berriz, aberatsa da bilduma; eszenaka, atzetik aurrera, edo lehen, bigarren eta hirugarren pertsona erabiliz osatu ditu ipuinak.