Slavoj Žižek Hitzostea: Imanol Galfarsoro Itzultzailea: Danele Sarriugarte Txalaparta, 2020 Saiakera.
Munduan aurrekaririk gabeko pandemia betebetean, Slavoj Žižek filosofo esloveniarra zirtolari eta kementsu dator beste behin ere. Pan(dem)ic! zen jatorrizkoan, eta euskarazkoak gorde du izenburuko hitz-jokoa, izua izan baita pandemiarekin batera etorri denetako bat. Estilo arin eta bizian, koronabirusak bistan utzi digun munduaren analisi zorrotz bat egiten du saiakera labur honetan, eta, finean, galdera “sinple” bat: zer egin behar dugu orain, barbarismoa ezarri, ala komunismoa aldez edo moldez berrasmatu? Birusak gure bizitzaren oinarriak desegingo ditu, ari da, eta horrek, sekulako sufrimendua sortzeaz gain, izugarrizko kalteak eragingo ditu.
Imanol Galfarsorok hitzostean dioen bezala, Žižeken ezaugarri nagusietakoa bikoiztasuna da, eta, oro har, ezkorra da pandemiak eraginda gizartea hobera aldatuko denik. Liburuaren hasierahasieratik adierazten du, bestalde, pandemiak ez gaituela zuhurrago bihurtuko. Ezkortasun hori, dena den, ez da liburu honetan gailentzen. Žižeken arabera, erantzuna kolektiboa eta komuna denari begiratzetik dator. Alde horretatik aldarrikatzen du komunismoa, etorkizunerako antolaketa global berri bat bezala ulertuta; ez baitu kapitalismoaren amaiera iragartzen, desiratzen baizik. Eta ez da inozoa, Žižekek ongi baitaki benetako komunismoaren iraganeko esperientziaren egiaz: desastrea, katastrofea… Hala eta guztiz ere, “komunismo berrasmatu bat” darabil, salbamendu jaka bakarra delakoan, koordinazioa eta elkarkidetza azpimarratzeko garaia sekula ez baita izan hain premiazkoa.