GOMENDIOAK

Erria

Hondamendia

2022-10-07

Zaldibarko zabortegiko gertaerarena eta izurriarena, denboran, elkarren gainean jarri ziren bi hondamendi izan ziren. Axut! eta Artedrama antzerki taldeek disziplina anitzeko obra sortu dute hondamendi bikoitza abiapuntu hartuta. Zaldibarko gertakaritik hasi, handik hilabetera lehertu zen pandemiarekin jarraitu eta ihauterien itzulerarekin amaitu. Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian.

Axut! eta Artedrama konpainiek antzerkia ulertzeko eta bizitzeko moduarekin bat, gidoia ez dator idatzia zuzendaria eta aktoreengana. Testua bizia da, bidea egin ahala haziz eta garatuz doa. Harkaitz Canok eta Ximon Fuchsek elkarrekin idatzi dute testua eta Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagüés eta Jon Ander Urresti. Dantzaria, irrati-esataria, Zaldibarko langileak, politikariak, enpresariak... gorpuztu dituzte antzeslana.

«Garbi geneukan pertsonaien obra bat izan behar zuela, pertsonaiei bizitzan gainera etortzen zaienaren aurreko erreakzioa. Nork bere bizitzatik, esperientzia afektibo, profesional eta sozialetik bizi behar zuela tragedia bikoitza. Ospitaleko giroa, giro domestikoa eta Zaldibarko gertaera ikus daitezke. Azken hau fikzioa da, baina oso garbi dago zertaz ari garen», azaldu du Harkaitz Canok, obraren idazleak.

Zuzeneko musikaz, bideoz eta dantzaz osatutako ikuskizuna da ‘Hondamendia’. Maialen Belaustegi arduratu da bideogintzaz, Phlippe Ducouk sortu du koreografia eta Maite Larburuk eta Asier Ituartek musika. Eszenografia Fran Dussordek prestatu du, argiztapen diseinua Xabier Mujikarena da eta soinu diseinua Philippe Barandiaranena. Denera, agertoki gainean, 23 pertsona lanean. «Eskura dugun tresneria guztia erabili istorioa kontatzeko istorioak merezi zuelako gure onena eskaintzea», kontatu du Ximun Fuchs zuzendariak.