GOMENDIOAK

Erria

Hiruki gatazkatsua

2021-05-12

Marina Sagastizabal Emilio-Yus Lisipe 8, Susa 2020 Saiakera.

 

Marina Sagastizabal Emilio-Yus soziologoa da, EHUko irakaslea, militante feminista gasteiztarrak idatzi duen Hiruki gatazkatsua.Etxeko eta zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa, bere doktorego tesian oinarritutako liburua da, eta LISIPE bilduma feministak argitaratutako zortzigarrena.

Sagastizabalek liburuaren sarreran aipatzen duen moduan, eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa jaso nahi izan du, liburu horretan hiruki gatazkatsua da mintzagai: emakumeon egunerokoan gauzatzen diren hiru dimentsioen artikulazioan oinarritzen dena, hala nola, etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hain zuzen ere, hiru eremu horiek gure bizitza zikloetan nola zeharkatzen gaituzten azaltzen da, horiek gauzatzeko denborak nola uztartzen diren edo talka egiten duten, zer-nolako estrategiak garatzen ditugun hiru denbora hauekin malabarrak egiteko, halaber, bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten dutenean esperientziak ezagutu eta beste mundu bat amesteko abiapuntua izango da.

Liburuaren lehen atalean hiruki gatazkatsuaren abiapuntua eta denboraren aferari buruz hausnartzen du autoreak. 1980ko hamarkadan, zenbait emakumezko soziologo italiarrek doppia presenza (presentzia bikoitza) kontzeptua proposatu zuten, emakumeek euren eguneroko bizitzan koordinatu eta bateragarri egin behar dituzten espazio eta denbora ugariak adierazteko, emakumeak etxean eta etxetik kanpo lan egin behar izateak zekarren lan karga eta denbora falta mahai gainean jarriz.

Zaintza eta produkzio lanei eskaintzen zaien denbora hain da handia parte hartzea sozialerako dedikazioa ia ezinezko bihurtzen baitu. Horrek azaltzen du militantzian edo esparru politikoan orokorrean, emakumeon presentzia askoz urriagoa izatea gizonezkoekin konparatuta. Galdera asko jasotzen dira testu guztian zehar: Zer ondorio ditu gure bizitza kapitalaren arabera antolatzeak? Are gehiago, zer ondorio ditu emakumeentzat haien lanaren herena eta, kasu askotan, erdia musu-truk izateak? Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago nahiz eta lan handiagoa egin? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? Zergatik hezten dituzte haiek seme-alabak? Emakumeek egiten dutena pribatizatu egiten da edo pribatuki egin beharrekoa emakumeek egiten dute? Zer da zeren ondorio? Nori egiten dio mesede sistema honek? Sistema bakarra al da?