Irati Majuelo, saiakera Lisipe 17, Susa 2025
Hiriari beste era batean begiratzeko tresna bat izan nahi du liburuak
Liburu hau ibilaldi bat da, euskal literaturaren bidez espazioaren inguruan gogoetatzeko ariketa. Espazioa politikoa bada, botere-egiturek zeharkatzen dute, tentsioan dauden narratibek eraikitzen dute, eta, beraz, gure egunerokoan, gure haragitan, gure imajinarioan iragazten da. Hau da, honakoa galdegiten digu: nolakoa da hiria gure oinetan?
Galdera horri tiraka, liburu honek hitz egin nahi du espazioaz eta, bide batez, eta batez ere, gorputzez, horien zilegitasunaz eta biolentziaz, zaintza-lanez, desiraz eta premiaz, laguntasunaz eta bakardadeaz. Literaturak lagunduko gaitu bide honetan,euskal eleberrigintzan topatu baititugu hiriaren inguruan hausnartzera bultzatu gaituzten pertsonaiak, hiri-ibiltariak, emakume okerrak, kontraesanez jositako paseatzaile errebelde, zaurgarriak, eta hoietako bat bera ere ez da hegemonikoa. Kapitulu bakoitza horietako batek gidatzen du eta espazio bat eta gai zehatz bat landuz eta, gisa horretan, egoera eta bizipen desberdinak islatu ditu Majuelok.
Liburuaren sinopsi hiru alor batzen ditu: espazioaren inguruko ikasketak, euskal eleberrigintza eta begirada feminista. Egunero hasten delako (1969), Zergatik panpox (1979), Ugerra eta kedarra (2003), Jenisjoplin (2017) eta Neguko argiak (2018), bost eleberri hauetan, nola jorratu diren hiria eta espazioa, eta bi kontzeptu horietan emakumea nola erretratatua izan den.
Hitzaurrea: Irati Zubia Landa
Edizioa: Jule Goikoetxea