GOMENDIOAK

Erria

Gurpilak

2024-09-10

Eztizen Artola Iturrate, Txalaparta 2024

Eztizen Artolak espetxez espetxe eman du haurtzaroa eta nerabezaroaren hasiera, aitari bisita egin ahal izateko. Haur motxiladuna izan da eta ikuspegi horretatik kontatu du euskal presoen senideek bizi izandakoa Gurpilak izeneko eleberrian. 

Ihintza izeneko pertsonaia da liburuko protagonista, bai eta kontakizunaren narratzailea ere, 6 urtetik 13 urte bete arterako esperientziak kontatzen ditu. Bere bizipenak ez ezik, beste hainbat lagunei bildutako esperientziak ere baliatu ditu Artolak pertsonaiaren ahotsa eraikitzeko; pasarte "hunkigarriak" eta "oso gogorrak" kontatzen ditu eleberrian.

Artolak liburu aurkezpenean azaldu duenez, «espetxeak min handiak egiten ditu, eta ez dakit inoiz uzten diogun haur motxiladun izateari edo gazte motxiladunei buruz ere hitz egiten hasi behar ote dugun», espetxeak "hankaz gora" jartzen ditu ume horien bizitzak. 

«Aspertuta bezain nekatuta» zegoen Artola gizonek monopolizatu duten gatazkaren errelatoan bere burua ez aurkitzeaz eta horren aurka egin du liburuan, motxiladun umeen amei aitortza eginez, bere amarengandik abiatuta.

Idazleak adierazi du «gutako asko ume zoriontsuak izan garela, batzuetan harrigarria dirudien arren» eta batez ere amek egindako lana goraipatu du «magia egin zuten eta egiten dute, zeren eta lortzen zuten, eta lortzen dute gaur egun ere umeak zoriontsu eta pozik joatea espetxera, espetxea, berez, ume batentzat eremu oso arrotza denean».

Oraindik ere, 97 lagun daude euren gurasorik gabe hazten, eta horietatik 62 adin txikikoak dira.