GOMENDIOAK

Erria

Gazako egunerokoa

2024-10-05

Atef Abu Saif (itzulpena: Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalan), Aleka 2024

 

Atef Abu Saif Gazan jaio zen, baina 2019an, Palestinako Aginte Nazionalak Kultura ministro izendatu zuenean, Zisjordaniara aldatu zen. 2023ko urriaren 7an, baina, atzera berriz Gazan zegoen. Bere karguarekin lotutako hainbat konpromiso zituen, eta pentsatu zuen konpromiso haiek eta senideak bisitatzea uztargarriak izan zitezkeela.

Horregatik berekin eraman zuen Yasser, hamabost urteko semea. Egun hartan, infernuko ateak parez pare ireki ziren Gazan. Israelgo armadaren inbasioaren lehenengo momentutik kale gorrian, aita-semeek hara eta hona ibili behar izan zuten iheska, gainerako gazatarrek bezala, aterpe bila baino gehiago –Gazan aterperik ez dago-eta– herioari izkin egiten.

Horrela, 85 egun, harik eta handik nola edo hala atera ahal izan zuten arte. Egun haietan, ikusitakoari eta oroz gain bizitakoari buruzko kronikak ahal bezala idatzi zituen Atef Abu Saifek, eta Gazatik mundura bidali, hori ere ahal bezala, sakelakoaren mezu edo audio laburren bitartez. 

Kronika horiek gertatuaren lekukotasun paregabea ematen dute; guztiak bilduta, genozidio baten egunerokoa osatuz. Urtebetean 42.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta 95.000tik gora zauritu. Atef Abu Saifek ez dio Gazako sarraskiari «analista politiko baten ikuspuntutik» heldu, aldiz, kopuru horiei, izen-abizenak jarri dizkie.