Gezurraren erabilera politikan oso zaharra da baina “Fake News”-ak adierazpidea hautatu zuen Collins-en hiztegiak 2017ko hedatuen bezala onartutako ingelesezko hitz berrien artean (eta Oxford-en hiztegiak, berriz, “egiaostea” aukeratu zuen 2016an).
Halere, zer dira Fake News-ak?: funtsean kontrastatu gabeko berriak.
Jakina, orain arteko gizarteetan informazioa helarazteko era simetrikoan, ahoz ahokoa izaten zen modu erabiliena eta eraginkorrena. Orain, berriz, internet dela medio, buruz buruko informazioaren elkartrukea ematen da sarean. Beraz, orduko zurrumurru, bolo-bolo edota esamesak, ahoz eman beharrean, zuzenean edo telefonoaren bidez, sarean, hedatzen dira egun (facebook, you tube, instagram, twitter, whats-app…, eta gisakoen bidez).
Eta horrek horrela funtzionatu ohi du, zeren eta gaindituta dauden garai industrialei zegokien informazioa helarazteko era asimetrikoak, hedabide klasikoak, alegia telebista, egunkariak, berri-agentziak edota, neurri txikiagoan, irratiak… dagoeneko ez dira fidagarriak izaten. Honekin esan nahi dut gaurkotasun handiko hitza eta gaia direla, Fake News-ak nahiz eta atzo goizekoak ez izan. Horixe aztertu nahi izan dut nik liburutxo honetan.
Fito Rodriguez (Gazteiz, 1955) aspaldidanik ari da gai hau jorratzen (“El rumor y el efecto Pigmalión”, in Crítica del lenguaje ordinario. Ediciones Libertarias. 1993) eta euskaraz ere hori aztertu du behin baino gehiagotan (“Zurrumurruak gizarte-zientzietan gaur egun”, in Jakin, 106. 87-99 or. 1998). Espainiako errege emeritoak abdikatu aurretik hori iragarri zuen Madrilen kaleratutako liburu batean (¿Está El Rey Desnudo? El habla de la sospecha. 2014). Ingeleraz ere horri buruzko ikerketak argitaratuta dauzka (“The Iatrogenic Perspective on Contemporary Legends”. The International Journal of Critical Cultural Studies Volume 10 Issue 2, pp. 1-16. 2016).