GOMENDIOAK

Erria

Euskal Langile Andreak. Atzineko erregimenetik kapitalismora

2019-11-18

 

Oiane Valero Belasko. IPES, 2019

 

Liburu hau Euskal Herriaren historiaren gaineko liburuetan dagoen hutsunea betetzera dator, langile andreen historia, alegia. Izan ere, Euskal Herriko historiaren ikerketa objektua "andreak" izan duten lan gehienak, ikerketa zehatzak dira, denborari zein espazioari dagokienez. Horregatik, liburu honek garrantzia bikoitza dauka, Euskal Herriko langile andre guztiak kapitalismoa sortze-garatze prozesuan kokatu baititu, herrialdez herrialde, euskal langile andre guztiek nazio-klase-sexu zapalkuntza pairatu zutelako (dutelako).

Kapitalismoak lanaren kontzeptua eraldatu zuen eta sexuaren araberako lan merkatua edota lan harremanak antolatu zituen. Testuinguru hartan, langile andreei langile izaera kendu zien. Aldi berean, andre langileak herri menderatuaren jende menderatua izatera zigortu zituen, hizkuntza egoera diglosikoan murgilduta eta identitatea bera ordezkatuta. Prozesu horretan eskubide kolektibo guztiak ukatu zizkien.

Zapalkuntza hirukoitza gainditzeko bidean, erresistentzia borrokak, ekarpen aberatsak eta urrats esanguratsuak egin zituzten euskal langile andreek: matxinadetan, laborarien erreboltetan, grebetan, sufragioaren aldeko aldarrikapenetan, gerra edota herri borroka ugaritan hartu zuten parte, jende multzoan edota andre taldeetan antolatuta. XX. mendearen bukaeran teoria-antolakuntza-praktika bereizia sortu zuten: euskal feminismoa, euskal langile andreen askatasuna lortzeko antolakuntza sendoa.

Euskal langile andreen ibilbide historikoa aztertzeari atea zabaldu dio liburu honek. Azterketa horretan, Euskal Herria askatze markoa eta euskal langile andreak askatze subjektua marraztu dira.