Joxe Azurmendi, Jakin 2023
«Bidaiatuz nazionalismoa deskubritzen da, estatua bezain unibertsala baita». Esaldi ezagunari buelta emanda, lan hau definitzeko gakoa ematen du idazleak. Esan bezala, nazioa eta nazionalismoa ditu ikergai liburuak; alabaina, nazio modernoak sortu aurreko topos eta errelato nazionalistetan jarri du arreta oraingoan. Hain zuzen ere, Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Modernitatearen hastapenetako gatazka erlijioso-politikoak, barbarizazio prozesuak eta kolonizazioak aztertzera jo du filosofoak, eta horien bidez agerian jartzen du nazioa ez dela asmazio modernoa, baizik eta garaian-garaian moldatzen doan pentsamendu eta sentimendu multzoa, gizataldeek euren burua pentsatzeko darabiltena, sekulan ez gatazkarik gabea. Hots, nazio modernoak agortze bidean baldin badaude, naziotasunari buruz pentsatzeko bide eta molde berriak beharko direla argudiatzen du Azurmendik, nazio modernoen aurretik egon ziren gisan, horien amaierarekin ez baitira nazio-bulkadak agortuko.
Haritz Azurmendik egindako hitzaurrean, liburu hau Joxe Azurmendiren ibilbidearekin kontsonantzian eta koherentzian aurkezten da. Ildo horretan, zehaztu behar da ez dela euskal nazioari eta abertzaletasunari buruzko liburu bat. Baina modu batean hori ere bada, euskaldunei eta, oro har, nazio txikiei atxikitako topiko arbuiatzaileak era argian azaleratzen baititu ez-nazionalistak omen diren estatuen sortze mitoetan. Hori hala, gerora Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Alemaniako nazionalismoetan sinbolo eta mito garrantzitsuak izan direnak aletzen ditu, gaur egunean irauten duten irudi eta sentimenduen jatorria argituz. Hiruko ezinbestekoa ageri da guztietan: erlijioa, hizkuntza, estatua.
Oharrak dira Azurmendiren lehengaia, urteetan zehar jasotako apunteak, ideiak, hausnarketak. Testua bera horien bidez eraikia da, aipu labur, hitz gutxikoen bilduma bailitzan, sarri erabat garatu gabeko pentsamenduz, irakurleari bide horretan ekiteko bultzada emanez. Askotariko testuek osatzen dute lan honen aberastasuna, bizialdi batean pilatutako jakintzaren lagina erakutsiz: filosofia, historia, arkitektura, literatura... Interesa duenak, marko teoriko bat baino askoz gehiago aurkituko du liburu honetan, betiere Azurmendiren hizkuntza eder eta hizkera berezkoak lagunduta.
Irati Majuelo