Leire Vargas Nieto. Elkar, 2021
Kontzientzia hartze baten kontakizuna da Dena ametsa den irudipena Vargasen lehen poema liburua. Hiru ataletan banatuta daude bilduma osatzen duten 40 poemak: Zuloak, Ateak eta Zubiak. Idazleak azaldu duenez, 16 urtetatik gaurdaino idatzitako poemek jaso ditu, eta lan honek 2021eko Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria irabazi zuen.
Helduarora bidean egindako hiru norabidetako kontzientzia hartze bat jaso du Vargasek, liburuko hiru ataletan banatuta: lehenengoan, Zuloak atalean, gorputzetik egindako kontzientzia hartzearen inguruko poemak daude, baita norbere itxurari eta gorputzari lotuta sortzen diren gatazkak ere. Kontraesanez, nor izateaz, besteen begiradaz.. zeharkatutako poemak dira.
Bigarrenean, Ateak atalean, kontzientzia hartze politiko eta ideologiko bat sumatzen da. Kaleak, jendartea, borroka, inertziak... aipatzen ditu, besteak beste. “Desiotik sortzen da mundu ikuspegi bat?” edo “Nola irakatsi nire buruari bularrarekin bat egiten?” gisako galderak aireratzen ditu, barrura bezainbeste kanpora begiratzen dutenak.
Eta Zubiak hirugarren eta azken atalean, berriz, pertsonen arteko harremanei egiten die so; horietan dugun posizioaren inguruko kontzientzia hartze bat islatzen dute poemek. Interdependentziaren, hau da, besteekiko beharraren inguruko gatazkaz hitz egiten du Vargasek poemotan.
Bilakaera pertsonal bat jasotzen du nolabait Vargasek liburu honetan, soiltasunetik bezainbeste sakontasunetik. Eta, norbere zuloak, ateak eta zubiak bilatzeko eta zeharkatzeko aukera irekiko dio irakurleari Dena ametsa den irudipena liburuak.