GOMENDIOAK

Erria

Demokraziaren pribatizazioa. Kapitalismo Globala, Europa eta Euskal Lurraldeak

2018-09-29

Jule Goikoetxea. Elkar, 2017


Liburu hau ingelesezko Pribatizing Democracy: Global Ideals, European Politics and Basque Territories (Oxford: Peter Lang, 2017) liburuaren bertsio bat da, laburtua eta euskaratua (Danele Sarriugarteren laguntzarekin) izan dena Elkar editorialaren eskutik. Aurrekoaren tonu akademikoa leunduta, Jule Goikoetxeak azken urteotako fenomeno bati izena jartzen dio, hain zuzen, demokraziaren pribatizazioa. Oximoron bat dirudien arren —demokraziak esparru publikoa zabaldu egiten duen heinean—, Goikoetxeak fenomeno baten berri eman nahi digu hitz-jolas horrekin: demokrazia esku pribatuetan jartzen denean, erabakiak hartzeko ahalmena eta ondasun kolektiboak pribatizatu egiten direla, alegia. Aurreko ideiari tiraka, liburuak erantzun nahi duen galdera, autorearen hitzetan, ondokoa da: “zer behar du herriak, aro kapitalista global honetan, demokrazia gisa bizirauteko?”

Liburuaren lehen zatian, liburuan zehar landuko dituen kontzeptuen eta ideien oinarri teorikoak mamitzen dituen bitartean, bigarren zatian, Europako eredu kapitalistaren baitan demokratizazio prozesuek zein joera eta garapen izan dituen aztertzen du. Liburuak, aurrerago, demokratizazioaren teorizazio bat proposatu, eta lurraldearekin lotzen du aurrekoa: lurralde gisako eremurik ez badago, populaziorik egon ezin daitekeela ondorioztatuz, eta ondorioz, ezin dela herririk egon, eta azkenik, herri burujabetzarik ere ez. Bosgarren kapituluan, irakurleak euskal lurraldeen demokratizazio eredua aurkituko du mamitua, gure sistema federalaren zutabeen eta erlazioen azterketa batekin. Euskal lurraldeek demokrazia bezala beren burua iraunarazteko gaitasun politiko eta publikoak baliatu dituztela defendatuko du Goikoetxeak. Ondorioa zera da: lurralde eta identitate batek denboran eta espazioan bizirauteko baliabideak eta instituzioak behar dituela, hain zuzen. Seigarren eta azken kapituluan, EAEko demokratizazioa analizatzen du, erlazioak eta gakoak aztertuz.

Liburuaren ondorioa, nolabait, ondokoa da: demokratizazioa mamitzeko funtsezkoak direla, “besteak beste, estatu esaten diogun egitura publikoen multzoa zein estatu eta herri soberaniaren teoria eta praktikak; izan ere, komunitate politiko batek zenbat eta botere instituzional eta konstituzional gutxiago izan, orduan eta soberania edo burujabetza gutxiago lortuko du komunitate horrek, eta, beraz, orduan eta erreprodukzio-botere gutxiago izango du bere burua komunitate autogobernatu gisa iraunarazteko denboran eta espazioan.” (19. Orria) Aurrekoa burutzeko, gatazka ezinbesteko baldintza dela defendatuko du, eta boteretze indibiduala eta kolektiboa eskutik joan behar direla ere.

Liburu honek, hortaz, XXI. mendeko galdera eta erronka berriak pausatuz, euskal demos-aren eta lurraldeen aurrera begirako erronkei erantzuteko tresna teoriko berriak ematen dizkigu.