Zuzendaria: Costa-Gavras, 2019.
2017an Yanis Varoufakis berak argitaratutako liburuaren izenburu berdinarekin Greziako finantza ministro izandakoaren memoria politikoetan oinarritutako filma eskuragarri dugu orain PRIMERAN plataforman; jatorrizko bertsioan (hizkuntza anitzetan: ingelesa, greziera, frantsesa...) eta euskarazko azpidatziekin. Krisiak Greziako ekonomiari nola eragin zion —porrot egiteko zorian egon zen— eta gobernu berriak, EBk ezarritako neurri gogorren aurka nola altxatu zen azaltzen du.
Makropolitikaren konplexutasunaren erakusgarri diren elementu ugari ageri zaizkigu: gobernura heldu eta boterea izatearen ezberdintasuna, bulegoetan hitz egin eta prentsaurrean esaten direnen diferentzia, herriari egindako promesen eta gero posible denaren arteko aldea, alderdien baitan kontraesanak kudeatzeko dauden zailtasunak...
Botere bokazioa duen eta eraldaketa gauzatu nahi dugun askapen mugimenduontzat hausnartu eta irakaspen ugari ateratzeko filma.