GOMENDIOAK

Erria

Deustuko unibertsitateko irakaslea

Brassic

2022-07-01

Xabier Landabidea Urrestiren gomendioa

Owen Jones britainiarrari irakurri niola uste dut bere Chavs: the demonization of the working class (Chav-ak: langile klasearen demonizazioa) ezagunean klase gorrotoak dena zeharkatzen duela kultura britainiar garaikidean, egunkarietatik hasi eta telebistako komedietaraino.

Langile klasearekin lotutako biolentzia, alkoholismo, arrazakeria, gaztetako haurdunaldi, alferkeria, kriminalitate eta bestelako estereotipo negatiboak britainiar – eta Europar- ikus-entzunezko kulturan nonahi eta noiznahi aurki ditzakegu, dela albistegietako morboan dela umore saioetan. Jonesek arrazoi osoa duela iruditzen zait (Shameless lehenengo britainiar gero ipar-amerikarra gogoratzea baino ez dago)

Brassic interesgarria da zentzu hortan, Jones-en kritikari arrazoia kendu beharrean hezur-haragizko marrazki bizidun bihurtuta estereotipoez haraindiko lagun-kuadrilla bat aurkezten digulako txiste erreakzionario guztiak eta bakoitza konfirmatzera dirudielarik... estereotipo hauen hutsaltasuna eta ezdeusa agerian uzteraino azelerazio hutsez.

Azeleratua, gehiegizkoa, dementziala, inteligentea, samurra, ezinezkoa, beharrezkoa, galduezina. Zaila da momentuz 3 denboraldi eskaini dizkigun telesail hau deskribatzea. Laguntasunari oda. Galtzaileen apologia. Gizatasunari (nagusiki maskulino baina baita femeninoari ere) gorazarre umoretsu, gordin baina harrigarriki fina.

Eguneroko gertagaitzenean bizi diren izaki harrigarri bezain maitagarriz osaturiko akuario ezinezkoa. Benetan, ez galtzekoa.