GOMENDIOAK

Erria

Borgen

2020-12-29

Adam Price. Danmarks Radio, 2010-2013 Drama, telesaila. Hiru denboraldi.

 

Borgen danieraz herri hizkeran Kopenhageko Christiansborg Jauregia izendatzeko erabiltzen duten hitza da. Bera da Danimarkako hiru botereen eta Lehen Ministroaren egoitza. Birgitte Nyborg hautagai moderatua gobernuburu izatera iristen denetik Lehen Ministro gisa duen bizimodua azaltzen duen telesail politikoa da Borgen.

 

Nyborgek, hauteskunde emaitzak ikusita, boterean dauden liberalak gobernutik kentzeko, ezkerreko hiru alderdiren artean koalizio gobernua osatuko du. Kasper Juul prentsa arduraduna izango da bere aholkulari pertsonala. Telesailak joko politikoaren artea erakusten du maisuki: komunikazioa, estrategia, printzipioen eta pragmatismoaren arteko tentsioa, negoziaketak, azpi jokoak, botere lehia eta abar. Atalez atal, krisien zein gobernu ekimenen kudeaketak biziko ditugu.

 

Baina ez hori bakarrik.Konpromiso politikoak, ardurak eta pertsona bakoitzak dakarren bizi esperientziaren motxilak protagonisten bizitza pribatueta intimoan dituen ondorioak ere ikusiko ditugu.

 

Zentzu horretan,azpimarratzekoak dira genero rolen ikuspuntutik egin daitezkeen irakurketak. Oso interesgarria da ikustea Nyborgek emakumea izanik, batetik lider politiko gisa bizi duen boteretze prozesua eta bestetik, ardura politikoak baldintzatuta, bere bikotearekin eta seme alabekin duen harremanaren bilakaera.

 

Bestetik, kazetaritza politikoari buruzko hausnarketak ere uzten ditu prentsari lotutako kontakizun ildoak. Fikzioa izanik, errealitatera asko gerturatzen den telesaila politikari askoren hitzetan.