Bertsolari aldizkariaren 4.komikia, 2021.
Gaztelumenditarrek eskuz esku osatu dute bertsolaritzari buruz baino, bertsolaritzatik egindako komikia, belaunaldi baten erretratua.
Komikian bidaia bikoitz bat kontatzen da. Martin Artola da protagonista; bertsolaria, 30-35 urte bitarteko gizon gipuzkoarra, gaztea izan zena, orain botere posizio batean dagoena eta, hala ere, erabat kontziente ez dena okupatzen duen posizioaz. Lehen aldiz iritsi da Txapelketa Nagusiko finalera eta Barakaldon da finala. Martin Artolak bere etxetik Barakaldora egiten duen bidaia fisikoa eta, horrekin batera, Martin Artolaren hazte eta hezte prozesua kontatzen da.
Belaunaldi bateko parte baten bizipenak kontatzen ditu komikiak Martin Artolaren eta bere inguruko lagunen bitartez. Martin Artola Euskal Herriko gatazka singularrean kontatu izan den horren alor zehatz batean jaioa da, gerra hizkera batean hezia, dena eraikia zegoenean jaio zen –bera jaio zenerako hor zeuden ikastolak, euskalgintzako erakunde gehienak, gaztetxeak, musika talde erreferentziazkoenak– horien ondoren eta berandu samar jaio izanaren sentsazioa dauka eta bere bizitzari epika horren baitan topatu nahi dio zentzua.
Gertatu zaiona da heldu dela helduarora eta epika hori eta bera hazi zen testuingurua aldatua, bukatua edo beste epika edo testuinguru batzuekin nahastua geratu dela. Hori da komikian kontatzen dena. Nola erresistentzian, defentsan eta nolabaiteko subalternitate batean hazi den pertsona bat iristen den botere posizio batera eta ez den erabat kontziente zein den okupatzen duen leku hori.
Unai Gaztelumendik urte eta erdian garatu ditu komikiko marrazkiak, 120 orrialde baino gehiago. Marrazketa prozesuak urte eta erdi iraun du. Denboraren muga horretatik abiatuta, eskuz egin dut lana eta kolore gama txiki samarrean. Baina hasieran denbora epeak errespetatzeko hartutako bidea, iruditzen zait bihurtu dela momentuan gidoia irakurrita sentitzen nuen hori paperera eramateko modua. Gauza asko perfekziotik urrun daude, baina saiatu naiz marrazki bakoitzak transmititu behar zuen hori transmititzen; testuan jasotakoa nire barrutik pasatu eta gero ateratzen zena transmititzea izan da nire obsesioa.