GOMENDIOAK

Erria

Bidasoa 2018-2023

2023-09-27

Zuzendaria eta gidoia: Fermin Muguruza

 

Bidasoako alde bietako ahotsei aurpegia jarriz eta ibai honetan bizitzen ari den tragediari oihartzuna ematen dio Fermin Muguruzak zuzenduriko ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentalean. 

Muguruzak dokumental honen bidez politika arrazistek hiltzen dutela agerian jartzen du eta ibaiak hil egiten duela dion gezurra desmuntatzen saiatzen da.

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta.

Europarako migrazioek sortzen dituzten gatazkan jarri du begia Fermin Muguruza musikagile eta zinemagileak, errealitate gordin honi izen abizenak jarriz etorkin horietako bakoitzaren biografiari errepasoa egiteaz batera alderdi gizatiarra lehen planora ekarriz eta zenbakien atzean dauden pertsonen irrikak eta ametsak, musikaz eta aipuz betetako 71 minututako metrajean.

Dokumentalak, Bidasoa ibaiaren bi ertzeetarako bisita sakona erakusten du, bizimodu hobe baten bila muga zeharkatu beste aukerarik ez duten etorkinak bertatik bertara ezagutu eta horien eskubideen alde lanean ari direnen ikuspegiari oihartzuna emanez. Aldi berean, ikusleak Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteetako ordezkarien ahotik izango du egoeraren berri eta, horrez gainera, bertan bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu.

Bost urte daramatzagu entzuten ibaiak hiltzen duelaren kontakizuna, baina argi dago, frame hori aldatzeko, hizkuntza aldatu behar dela, eta, horretarako, hedabideetan errepikatzen ari diren diskurtso horiek eta erositako iritzi-emaileak ekoizten dituzten mezuak desmuntu behar dira. 

Bidasoan azken arnasa hartu dutenen omenezko lana.