GOMENDIOAK

Erria

BaƱolet

2023-05-02

Iribarne Olhagarai eta Irigoyen Etxeberri. Euskal Herria, 2023

 

Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyen Etxeberrik idatzitako eta zuzendutako filma da Bañolet, Xofaldia Prodek eta Kanaldudek ekoitzia.
Bañolet Garazi eskualdeko biztanleekin eginiko euskarazko fikziozko film proiektu parte hartzailea da. Eiheralarre herrian grabatu zen 2021eko udan. Nafarroa Behereko hainbat adinetako biztanleekin eraman zuten aurrera ikus-entzunezko proiektua, eta herritarrak aktore rolean jarri zituzten.

Filmak fikziozko herri bat aurkezten digu. Herria testuinguru geopolitiko berezi batean eraiki da; “zapalduek” berriki errekonkistatu duten lurralde batean. Fikzioak ematen dituen aukera zabalez baliatuz, errealitatearekin jolastu dute. Identitateari buruzko gogoeta bat da, non gizarte antolaketa berriak, botere harremanak, eta hizkuntza eta nazio identitatea jorratzen diren.

Haurtzaroko begirada hartzen du oinarri filmak, eta protagonista nagusien gogoetak eta jokoak oinarri hartuz, herriko bizitza zeharkatzen dute: lana, heriotza, beldurrak, familia, laguntasuna… Haurrak “helduetara” jolasten diren moduan eraikitzen dira pertsonaia guztiak. Umorea, absurdoa eta poesia nahastu dituzte Luixa eta bere lagunen abenturen bidez.
Musika haiek sortu dute, eta ekintza eta gertakariak, koreografia bat balitz bezala, erritmo berezi baten bidez lotzen dituzte, eguneroko gizarteko koreografien erara. Estetikari dagokionez, Bañolet “Atlantiko kostaldeko itsas giro hotzean” grabatu dute, irudi gordin eta kromatiko berezi batekin.