Zuzendaria: Mel Arranz
Animazio honek eskuak hartu eta laztantzeari buruzko eguneroko gaiari heltzen dio. Norbaiti eskua ematean, bero, hotz, heze edo lehor egon daitekeela nabaritzen dugu bat-batean. Horrez gain, esku batek indartsu, beldurti, urduri, lotsati, haserre edo pozik utz gaitzake.
Gainera animazioa bera eskuz egiten ari da, lantzen den gaiaren eta erabiltzen den teknikaren arteko erlazioa ageri-agerian utziz. Soinu tratamendua gehienbat zaratetan oinarritzen da, lerro esperimental baten ildotik, musika konposizioak saihestuz. Tratamendu bisualak dituen euskarri berberetan oinarrituta: sinpletasuna, egunerokotasuna eta sentiberatasuna. Guztira, 1500 marrazki inguru izango dira laburmetraiaren 4 minutuak osatuko dituztenak.
Fotograma bakoitza eskuz eginda dago eta, beraz, guztiz paregabeak eta originalak. DIN A5 neurriko paper begetalean eginda daude.
Mel Arranz pelikularen zuzendaria, gidoilaria eta animatzailea da. Koko Ávila artistak soinu-diseinua egingo du, eta ekoizlea Kalakalab.