Superheroiak, biografiak, komikiak… eta jainkoak, noski. Jainkoak hil egin genituen behar bada, baina ez ziren inoiz joan.
Jainko amerikarrak Neil Gaimanen 2001eko izen bereko eleberriaren Starz telebista edukien ekoiztetxe eta banatzailearen ikus-entzunezko bertsioa da. Estetikoki kitscharen eta americanaren arteko nahasketa berezi eta arriskatu samarra eskaintzen duen telesaila da, neoiz argizko barrokoa ematen duena tarteka, eta Amerikar kontinentera joandako jainko zaharren eta estatu batuetako gizarte garaikidearen jainko modernoen arteko guda kontatzen digu.
Gaimanen egokitzapenei gertatu ohi zaien bezala (Neverwhere eta Good Omensekin ere gertatu zitzaion) oso zaila da idazlearen mundua irudizko narraziora eramatea. Idatzita sinesgarria izan daitekeena sinesgaitza bihur daiteke pantailan, eta aktoreek (txalo bero bat mesedez Emily Browning, Ian McShane, Crispin Glover eta Yetide Badaki erraldoientzat) lan ederra egiten duten arren tarteka telesaila horteratasun metafisikoan barneratzen da erremediorik gabe.
Zergatik ikusi orduan? Mitoen, fedearen eta modernitatearen inguruko hausnarketa emankorra eskaintzen duelako klabe fantastikoan. Gainera ausardia behar da kontzienteki hortera izateko, eta telesail hau ausartu egiten da, horretaz ez dago dudarik.