ERREPORTAJEAK

Gotzon Elizburu Beristain

Uruguaiko eskalan jokatzen ari den partida politikoa eta ikasgaiak

2019-11-18
FR

Aurten lehen aldiz Sortu eta Iratzar Fundazioaren Eskala Politikoa Uruguaira joan da bertako prozesu politikotik irakasgaiak ateratzeko asmotan. MPP eta Frente Amplioko kideekin izandako bileretatik eta hauek erakutsitako proiektu ezberdinetatik ateratako ondorioekin, erreportajea idatzi du eskalan izan den Gotzon Elizburu kideak.


 

Montevideoko ilunabarra, Rio de la Plata erraldoiaren ondoan dela. / Gotzon Elizburu

 

"Uruguaitarrok argentinarrak gara Brasilgo lurretan. Guk, ordea, ez dugu inor izorratzen. 3.000.000 biztanle eta 11.000.000 behi gara."

 

“Ez dugu murrizketak ekarriko dizkigun gobernurik nahi. Zoriontasuna ekarriko digun gobernua nahi dugu.” Alejandro ‘Pacha’ Sanchez MPPko diputatuaren hitzak dira, Montevideoko Piedras Blancas langile auzoan abuztuaren 11n emandako mitinean. Hauteskundeak dira urrian Uruguain eta asko dago jokoan: Frente Amplioren 15 urteko gobernuak herri sektore pobreenen eta langileen mesedetan ekarri duen aurrerabideari eutsi edo eskuinaren itzulerarekin ziklo progresista eten eta atzera egin.

Oso estu egongo da emaitza aurreikuspen guztien arabera. 15 urte gobernuan egon ostean, herritar askoren frustrazioak eta nekea ageri dira frenteak agindu zituen baina egin ez dituen gauzengatik. Lehen aldiz bozkatzera joango den gazte belaunaldiak Frente Amplioren gobernuekin hazi dira, klase ertainak egonkortu dira. Gainera eskualdeko joera da; Latinoamerikan eskuinak azken urteetan jauzia eman du gobernuak berreskuratu eta politika neoliberalen errestaurazioa inplantatzeko. Metodo zikinen bidez lagunduta gehienetan, Brasilen eta Argentinan gertatu bezala, edo Venezuelan egiten ari diren saiakerarekin bezala.

 

Bi erraldoiren artean, ezkerraren argi izaten jarraitzen duen herri txikia

 

Frente Amplio gobernura iritsi zenetik, pobrezia %32tik %11ra jaistea lortu dute. Baina arazoak handiak dira oraindik eta etxebizitzarena da horietako bat.

 

Álvaro Miranda Frente Amplioko presidenteak brasildar baten hitzak gogorarazi dizkigu: “uruguaitarrok argentinarrak gara Brasilgo lurretan. Guk, ordea, ez dugu inor izorratzen. 3.000.000 biztanle eta 11.000.000 behi gara” dio, irribarre atseginez. “Uruguai britainiarren asmakizuna da. Estrategikoa zen Rio de la Plata ez egotea Estatu bakar baten baitan, Hego Amerikako sarrera baita.” Uruguai beti egon da beraz Brasil eta Argentinaren jo puntuan eta bi herrialde horiek eragin izugarria dute bertako politikan eta ekonomian.

Bolsonaro baten arriskurik ez dago Uruguain. “Oso herri ondulatua gara. Oso oso oso... ez bata eta ez bestea” dio frenteko militante batek. Hala ere kezkaz ikusten dute eskuinaren bilakaera gero eta kontserbadoreagoa. Hala dio Lilian Galán MPPko diputatuak: “Uruguai oso herrialde laikoa izan da historikoki baina egun bankada ebanjelista bat dago. Pentsaezina duela urte batzuk.”

Eskualdeko joera ikusita beraz, ezker latinoamerikarrarentzat kolpe gogorra litzateke Frente Ampliok gobernua galtzea, nahiz eta Argentinako barne hauteskundeetan Mauricio Macrik jasan duen kolpe gogorrak arnasa pixka bat eta itxaropenerako tartea eman dien.

Europan ohikoa izaten da eskuineko eta ezkerreko alderdien arteko alternantzia. Halakorik ez dute entzun ere egin nahi frenteamplistek. “Hau hirugarren munduko herrialdea da. Hemen eskuinaren legegintzaldi bat katastrofikoa izan daiteke herri sektore behartsuenentzat”, dio Camilo Cejas MPPko kideak.

 

 

Segurtasuna eta politika autoritarioen matraka edo politika sozialak


Pepe Mujica presidente ohia Piedras Blancas auzoan emandako mitinetik irtetean jende artean. / MPP

 

Egun aurrekontuen %0,4 baino ez da bideratzen etxebizitzara. Frente Amplioren 2020-2025 Akordio Programatikoan asentamenduei aurre egiteko diru gehiago bideratzea adostu dute.

 

Partido Blanco (jatorri latifundistakoa) eta Partido Colorado dira Uruguaiko eskuineko bi alderdi nagusiak. 2005ean Frente Ampliok lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituen arte, hauen alternatziak gobernatu zuen herrialdea mende bat baino gehiagoz, diktadura garaian salbu. Hauen kanpainako gai nagusia segurtasunarekin dagoen “arazoa” bilakatu da. Kriminalitate tasak gora egin du Uruguain azken boladan, narkotrafikoak eraginda batez ere. Hori aitzakia hartuta, beldurraren bandera astintzeari ekin dio eskuinak eta Barne Ministerioaren aurkako (MPPren esku dagoena) kritikak gogortu dituzte. Beraiek gobernura iristen badira ejertzitoa kaleak zaintzera eta kriminalitatea borrokatzera aterako dutela agindu dute, lege erreforma baten bidez. Frenteamplistek narkotrafikoaren gorakadak eragindako arazoak ukatu ez badituzte ere, komunikabideek puztutako errealitatea dela erantsi dute.

Bitartean MPPk etxebizitzaren auzian eta politika sozialetan zentratu du bere kanpaina. Frente Amplio gobernura iritsi zenetik, pobrezia %32tik %11ra jaistea lortu dute. Baina arazoak handiak dira oraindik eta etxebizitzarena da horietako bat. Osasun zerbitzu unibertsala bermatuta eta hezkuntza sistema publikoaren estaldura hobetuta, etxebizitza duinerako eskubidea bermatzea da politika sozialetan gobernuaren erronka.

Uruguain oraindik ere dauden ezberdintasun sozialen paradigma da Maldonado hiriko El Kenedy auzoan ikusi duguna. 100 metroko distantzian miseriarik gordinenean bizi diren langile pobreen txabolaz betetako asentamendua eta ondoan aberatsak bizi diren txaletak, golf zelai eta guzti.

 

 

Etxebizitza duina eta hiri ordenamendua


Montevideon mural feminista. / Gotzon Elizburu

 

Bere helburua ez da soilik ordea enpresentzat espazio bat sortu eta industria eta teknologia Montevideoko gune honetara erakartzea. Auzoan eta auzoko bizitzan ere eragin nahi du; garapen soziala da xedea.

 

Montevideoren ingurua ere asentamenduz josita dago. Asentamenduak jendeak modu irregularrean lurra okupatu eta eraikitako etxola multzoak dira. Bertan bizi dira herri sektore behartsuenak. “90eko hamarkadan hazkunde ekonomikoak jende asko utzi zuen kanpoan”, dio Guillermo Gonsalves PTI Cerroko koordinatzaileak. Gustavo Gonzalez Federación Uruguaya de Cooperativas de Vivienda de Ayuda Mutuako (FUCVAM) kideak garbi azaldu du: “Asentamendu irregularrak 90eko hamarkadan biderkatzen dira, neoliberalismoarekin.” Batzuk bere etxebizitza galduta eta beste asko Uruguai barnekaldetik Montevideora lan bila etorritakoak dira. Pixkana hazten joan dira, bertakoen seme-alabek ere inguruan eraiki dituzte familia gaztearentzat txabolak.

Ernesto Agazzi MPPko senatari ohiak dio arazoa ez dela etxebizitzak ematea. “Nola egiten den asentamenduetatik hiria” da auzia bere esanetan. “Kaleak izan daitezela arteria -argudiatu du-, komunikazio esparru. Kalearen alde banatan bizi diren auzotarren artean errespetuzko harreman bat eraiki, auzoan elkar harremantzeko aukera emango duten espazioak ireki, gazteek gazteen gauzak egin ditzaten eta abar.” Indar handia egin du horretan Frente Amplioren gobernuak. Etxola multzoak ziren asentamenduetan urbanizazio lanak egin dituzte kaleak, estolderiak, plazak eta abar eraikiz. Egurrez eta txapaz eraikitako etxolak bota eta horren ordez, duinagoak diren adreiluzko etxeak eraikitzen lagundu die bertakoei.

Uruguai herrialde laua izanik, aberatsak eta hiriguneak gune altuetan kokatu izan dira. Aldiz, pobreak behe aldeetan kokatzen dira normalean. “Baina hiri hondakin guztiak doaz behera -dio Agazzik -. Pobrezia, ugerra... dena elkartzen da behean, horrek dakartzan higiene arazo eta abarrekoekin. Beraz, hiria nola ordenatu da kontua.”

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko programa ugari bultzatu izan ditu Frente Amplioren gobernuak eta baita mugimendu ezberdinek ere. Aukera bat Banco Hipotecario del Uruguay etxebizitzak erosteko hipotekak ematen dituen banku publikoa da. Etxebizitza kooperatibek ere tradizio luzea eta sendoa dute, 60ko hamarkadaz geroztik. Esperientzia hau ezagutzeko aukera izan dugu. Estatuak finantzatzen du horien eraikuntza. 400 etxebizitza kooperatiba baino gehiago daude egun Uruguain eta guztiak FUCVAM elkartean daude bilduta. Bestalde, Pepe Mujicak presidente zela bere soldataren %80 etxebizitza beharra zutenei laguntzeko funts batera bideratu zuen, batez ere ama monoparentalei laguntzeko.

Baina hala ere ez da nahikoa. Egun aurrekontuen %0,4 baino ez da bideratzen etxebizitzara. Frente Amplioren 2020-2025 Akordio Programatikoan asentamenduei aurre egiteko diru gehiago bideratzea adostu dute. Pepe Mujicak berak argi azaldu du Piedras Blancaseko mitinean: “30.000 etxebizitza behar dira familia guztiei etxebizitza duina bermatzeko. Oraingo martxan ezinezkoa da, ez dago behar beste diru. Planteamendu iraultzaileak behar dira. Adibidez, milikoek kuarteletan zuhaitzak margotzen denbora galdu beharrean, doazela etxeak eraikitzen laguntzera!”.

 

 

Dirua nondik atera


PTI-Cerro, hiltegi zaharra, Frente Ampliok sustatuta auzoa biziberritzeko eremu bilakatu da. / Gotzon Elizburu

 

Ekonomiaren dibertsifikazioa herrialdearen biziraupenerako ezinbestekoa zaie, nahiz eta zailtasun handiak dituzten.

 

Izan ere pobreziari aurre egiteko ez da nahikoa inbertsio sozialak handitzea. Inbertsioak egin ahal izateko diru sarrerak behar dira. Ez da nahikoa etxebizitza edo hezkuntza eskubidea bermatzea. Lana sortu behar da. Enpresei eta enpresariei herrialdean inbertitzea exijitu behar zaie, ondoren sortzen den aberastasuna banatu ahal izateko. “Uruguaiko 20.000 milioi dolar kanpoan daude, ez dagoelako behar besteko enpresa azpiegiturarik inbertitzeko”, azaldu du Mujicak. “Estatuak segurtasuna eman behar du inbertitzeko. Ez naiz ari diru publikoa jartzeaz esku pribatuetara joateko. Baizik eta konprometitu daitezela herriarekin. Estatuak lagunduko die.” Ondoren, sortzen den aberastasuna banatzeko “ziztatzen dituen ero bat egon behar da: ‘banatu, banatu, banatu’. Hori da Estatua.”

Inbertsioa erakartzea eta sustatzea ezinbestekoa da beraz, eta horretan Daniel Placeres MPPko kide eta PTI-Cerron kokatua dagoen Envidrio enpresa autogestionatuko langileak azaldu duenez, “Estatua motorra ez, palanka izan behar da. Erraztasunak eman behar ditu. Langileen parte hartzea da motorra.”

Uruguai esportazioen oso menpeko herrialdea da: Brasil, Argentina, Txina... Bere ekonomia produktiboaren zati handiena primarioa da: haragia, esnea, soja eta zelulosa. Ekonomiaren dibertsifikazioa herrialdearen biziraupenerako ezinbestekoa zaie, nahiz eta zailtasun handiak dituzten. Kanpoko kapitalaren inbertsioa erakartzen saiatu da Frente Amplio baina minimoa izan da. Herrialde txikia izanik, enpresek nahiago dute Brasil.

MPPko diputatuek azaldu dutenez, garai neoliberalean erabat desindustrializatu zen Uruguai, enpresa publikoak izan ezik. “Jendea pobreziatik ateratzeko ahalik eta dibisa azkarrenak behar dira. Politika sozialetarako dibisa horiek lehen sektoreko esportazioekin lortzen ditugu.” Ezin diote beraz horri uko egin. “Matrize produktiboa goitik behera aldatu gabe, produktu batzuen eta beraz herrialde batzuen menpeko izango gara.” Dibertsifikaziorako aukerak energiaren alorretik eta software teknologikoetatik ematea da apustua. Energia berriztagarrien alorrean Frente Ampliok apustua egin zuen eta egun erabat burujabeak dira.

Baina arazoak ez dira hor amaitzen. Batetik, lurralde desoreka handiak aipatu dituzte. “Montevideo hiri erraldoia da Uruguai bezalako herri batentzat. Industria gehiena bertan kokatzen da. Hiri antolaketaren ikuspuntutik ere arazoak sortzen ditu horrek.” Bestetik, eskulan kualifikatua behar da sektore ekonomiko berriak sustatzeko.

PTI Cerro. Eraldaketa sozial eta territorialerako gunea

Aipatutako erronka horiei modu praktikoan erantzuten dien gunea da Parque Tecnológico Industrial Cerro gunea. Montevideoko El Cerro auzo langilean kokatua dagoen proiektua da, Frente Amplioren Montevideoko intendentziak sustatua 1995az geroztik. Hiltegi enpresa gune abandonatu batean, enpresak martxan jartzen laguntzeko espazioa zabaldu zuten, horretarako laguntza teknikoa, administratiboa, kualifikazioa eta abar eskainiz. Berrikuntza gunea izan nahi du Guillermo Gonsalves koordinatzaileak azaldu duenez, 4.0 Industria iraultzaren bultzada baliatu nahi dute kualifikazio baxuko ikasketen harria mugitu eta ikasleen kualifikazio maila igotzeko. Egun sektore ezberdinateko 60 enpresa daude PTIn: industrialak, teknologikoak, lehen sektorekoak... Turismoa ere sustatu nahi dute berriz auzoan.

Bere helburua ez da soilik ordea enpresentzat espazio bat sortu eta industria eta teknologia Montevideoko gune honetara erakartzea. Auzoan eta auzoko bizitzan ere eragin nahi du; garapen soziala da xedea. Krisiak gogor kolpatu zuen auzoa da El Cerro. Antolaketa eta bizi maila handiko auzoa zena egun ezberdintasun sozialez betetako auzoa da: kriminalitatea, pobrezia, jaiotze tasa handia gaztetxoen artean... Familia arazotsuak eta bazterketa nagusitzen dira sarri. Gaztetxotan eskolara joateari utzi eta drogetan murgiltzen dira asko. Guzti horretan eragin eta bestelako aisialdi eta ikasketa eskaintza bat eskaini nahi die PTIk gazteei eta auzotarrei orohar, herri mugimenduekin eta, hezkuntza eta akademiarekin elkarlanean.

Izan ere, Pepe Mujicak sinple eta gordin azaldu du Piedras Blancaseko mitinean. “Familia pobreetako gazteei lizeoa doan bermatzeak ez die balio. Lau edo bost urtez joan behar dute lizeora. Baina familia horiek behar dutena orain jatea da. Lizeoan badaude, ez daude janaria lortzen. Beraz, lana bermatu behar zaie eta ikasi nahi duenari gau-eskolak eskaini.”

 

 

Frente Amplio. 15 urteko gobernantzaren ondoren alternatiba izaten jarraitzeko erronka


Montevideo udaletxe sabaitik. / Gotzon Elizburu

 

Uruguaiko errealitate soziala ondo ezagutzen dute eta badakite bertako langileen eta herri sektoreen bizi baldintzak hobetzeko duten aukera bakarra Frente Amplion ezker osoa batuta gobernura iristea dela.

 

Bere kontraesan guztiekin, gobernuan jarraitzea da beraz Frente Amplioren erronka. Hazkunde ekonomiko urteak izan dira baina krisi zantzuak atzematen hasiak dira. Eskuinaren gobernuak murrizketak eta eskuratutako eskubideetan inboluzioa ekarriko lituzkeela ia segurua da. Gobernu honen lorpen handienetakoa, osasungintza eta hezkuntzarekin batera, hiruko negoziazio kolektiboa izan da, PIT-CNT sindikatua, patronala eta gobernuaren artean. Lan eskubideak bermatzeko egiturazko tresna ikaragarria bilakatu da eta baliteke eskuinak gobernua eskuratuko balu, inboluzio neoliberalerako lehen erasoa lan erreforma baten bidez jotzea. Hala gertatu da Brasilen eta Argentinan.

Frenterekin deskontentu egon daitezkeen jendarte sektoreak eta gazte belaunaldi berriak aktibatzea da erronka. Horretarako memoria ariketa pixka bat egin eta gobernu honen aurretik zuten egoera gogoratzeko eskatzen dute frenteamplisten kanpainek. Edo begiratzeko zer gertatu den Argentinan eta Brasilen eskuineko gobernuekin. Rubens Zaharrak, MLN-Tupamaroetako militante historikoa, esan duenez, “gobernuan gaude, baina ez boterean. Boterea eskuratzeko urrats bat gehiago da Gobernua irabaztea.” Hori ulertzea funtsezkoa deritzo, are gehiago gainontzeko botere faktikoak alde ez dituztenean: justizia, komunikabideak, enpresa sektoreak, ejertzitoa eta abar. “Hemen gutxienez, orain, ez da ikusten haurrik kalean eskean, Buenos Airesen ez bezala”, dio militante batek.

Frente Amplio egun 33 alderdi eta sektorek osatzen dute, demokrata kristauetatik hasi, MPP bezalako askapen nazionalerako mugimendu batetik pasa eta komunistetaraino. Urtebetez Comité de Baseetan emandako eztabaidaren bidez 2020-2025 Akordio Programatikoa adostu dute. Izan ere, hau da Uruguaiko Frente Amplio munduko beste frente batzuetatik bereizten duen ezaugarria. Ez da koalizio elektoral bat: akordio programatikoa duen frentea da. Hori da batzen dituena. Eta bi printzipio ideologiko oinarrizko: anti-inperialista eta anti-oligarkikoa da. Hortik aurrera ideologikoki guztiak ados jartzea ezinezkoa litzateke eta gainera diotenez “ez litzateke desiragarria ere.”

Baina guztiak dira kontziente batasunak duen balioaz. Uruguaiko errealitate soziala ondo ezagutzen dute eta badakite bertako langileen eta herri sektoreen bizi baldintzak hobetzeko duten aukera bakarra Frente Amplion ezker osoa batuta gobernura iristea dela. Badakite zatitzen badira, eskuinak irabaziko duela beti.

“Guztia eztabaidatzen dugu. Eta asko eztabaidatzen dugu. Lehena kontsentsua lortzea da beti, horretan saiatzea” dio oinarriko militante batek. “Guztiok gara lehenik, gatozen sektoretik etorrita ere, frenteamplistak eta ondoren gure sektorekoak. Behin Frente Amplion erabaki bat hartuta, hori defendatzen dugu.” Aniztasuna, batasuna eta oinarri zein mugimenduekiko lotura. Horiek dira arrakastaren gakoak.

Pepek esan bezala, “gizarte modernoetan badago deskonformismoaren gaixotasun bat ‘ez dut politikan sinesten’ esatera daramana jendea. Epe luzera jendea izorratzeko erarik onena da. Ze animalia politikoak gara.” Dena den, inbidiagarria da benetan, Uruguai hain herrialde txikia izanik, zer nolako parte hartze politiko handia duen ikustea. Frente Amplion ia 50 urte dira jada batasuna printzipio nagusi duen kultura politikoa eraikitzen, eztabaida politikoan eta kontsentsuan oinarritutako kultura. Horren adibidea da PIT-CNT Uruguaiko zentral sindikal bakarra ere.

Argatik da, besteak beste, ezkerrarentzat esperientzia interesgarria Uruguaiko Frente Amplio. Zatiketarako joera ia patologikoa duen ezkerrari, ezberdintasunak ezberdintasun, batasuna posible dela eta desiragarria dela erakusten dio Frente Ampliok. Kontraesanak aurrera egiteko motor bilakatuta, eztabaidaren eta kontsentsuaren kultura aberatsa eraiki dute, horrela herritarren maila politikoa eta kulturala igoz. Herrialdeko baldintza materialen eta subjetiboen irakurketa zorrotza eginda, Estatuaren funtzio birbanatzailea erdigunean jarri eta herritarren bizi baldintzak hobetzea dute xede, eskubideak bermatzeko ezinbestekoa den bitarteko materialez hornituz legeak. Guztia, kontra duten testuinguru kapitalista eta neoliberalean.

 

 

Uruguaiko hauteskunde sistema

 

Uruguaiko hauteskunde sistema Euskal Herrikoaren guztiz bestelakoa da. Hauteskundeek bi fase dituzte: barne hauteskundeak eta hauteskundeak eurak. Barne hauteskundeetan bozkatzea ez da derrigorrezkoa baina zentso guztiak parte hartu dezake. Bertan, alderdiek hautagai ezberdinak aurkezten dituzte presidentegai izendatzeko. Esate baterako, Frente Amplioren baitan, komunistek, sozialistek, MPPk eta abarrek euren hautagaia aurkezten dute presidentetzarako eta herritar guztiek bozkatu dezakete nor nahi duten izatea Frente Amplioren presidentegaia.

Behin presidentegaiak hautatuta, hauteskunde egunean bozka derrigorrezkoa da herritar guztientzat. Gustukoena duen sektoreari eman dakioke bozka. Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista, MPP edo Frente Amplioren baitako beste edozein zerrenda bozkatuta ere, Frente Amplioren hautagaiarentzat kontabilizatzen dira boto guztiak. Baina, era berean horrela frentearen baitan sektore bakoitzak ze indar duen ere jakiten dute. Horren arabera diputatu eta ardura kopuruak banatzen dira.

 

 

Frente Amplioren gobernuak lortu dituenak eta ez dituenak

 

Uruguai Latinoamerikan ezberdintasun sozial gutxien dituen herrialdea da. Frente Amplio 2005ean iritsi zen lehen aldiz gobernura. Uruguai 2002an bizi izandako krisi ekonomikoaren ondorio larriak pairatzen ari zen: soldaten jeitsiera, langabezia, emigrazio handia eta abar. Ordutik aurrerapen handienak jendarte politiketan eman dira:

 

  • Neoliberalismoaren zutabe nagusiak eraitsi ditu:
  • ◦ Inbertsio soziala %90 igo da. BPGren %40 gehiago inbertitzen da, inbertsioa bikoiztuz.
  • ◦ Hezkuntzan eta osasungintzan %5etik %9ra igo da inbertsioa.
    Politika ekonomikoa. Hazkunde garaia izan dira 15 urteak. Lehengaien prezioak (haragia, soja, etab.) gora egin du.
    ◦ Egitura produktiboa lehengaietan oinarritua dago batez ere. Ondorio ekologikoak ditu horrek. Gainera, logika neoliberalak ekonomiaren primarizazioa indartu du: soja, haragia eta basoa. Energia berriztagarriak %50 dira.
    ◦ Jabetza: Ekoizpen bitartekoen jabetzari dagokionez, 90eko hamarkadatik datorren kontzentrazio prozesuak indartzen jarraitzen du.
    ◦ Subirautza nazionala: Jabetzaren estranjerizazio prozesua ematen ari da; Brasil, Argentina, AEB,... Kapitala erakartzeko zona frankoak daude. Bertako enpresek ez dute zergarik ordaintzen.
    ◦ Integrazio latinoamerikarra. Mercosureko herrialdeen arteko trukea gutxitu egin da, eskualdean eman den eskuineranzko joeraren ondorioz. Txinaren sarrera indartsua eman da salerosketetan horren ordez.
    ◦ Zerga politikak. Progresibitatean aurrera pausoak eman dira. Enpresen zergak jeitsi egin dituzte ordea, inbertsioa eta dibisak erakartzeko.
  • ◦ Pobrezia %32tik %11ra jeitsi da.
  • ◦ Negoziazio kolektiborako hiruko esparrua ezarri da, lan eskubideak bermatzeko.
  • ◦ Soldaten arteko banaketa berdindu da baina kapitalaren errenta ere igo da, zerga politikaren ondorioz.
  • ◦ Gizarte segurantzako afiliatu kopurua igo da.
  • ◦ Osasungintzako erreforma egin da. Unibertsalizatu egin da eta estaldura hobetu. Jende asko mutualera joan da ordea, klase aszendentziako elementu kultural gisa.
  • ◦ Hezkuntza inbertsioa handitu da. Jende pobrearen sarrera handitu da.
  • ◦ Lan arloan hobekuntzak: soldata %50 igo da, gutxieneko soldata %100 igo da, zortzi orduko lanaldia ezarri da zaintza lanetan eta lehen sektorean.
  • ◦ Pentsio sistemaren erreforma egiteke.
  • ◦ Politika feministetan aurrepausoak: abortoaren legea, trans legea eta abar.
  •