Argazkiak. FOKU
EAEn Gernikako Estatutua onartu ostean, zer esan handia eman zuen 1982an Telesforo Monzonek 36ko gerran sortutako Ertzañaren berreskurapenak. Espainiar Erreinuak herrien autodeterminazio eskubideari uko egin izanak, ezker abertzaleak espainiar trantsizioari kritika zorrotza egitea ekarri zuen eta negoziazio estrategiak tentsio handia eragin zuen Euskal Herrian. 1986an EGIN egunkariak Txomin Iturbe ETAko buruzagia elkarrizketatu zuen eta Ertzaintzari buruzko jarreraz galdetu zioten. “-Espainiako poliziaren aldean, jarrera berdina al duzu Ertzaintzari buruz? - Ez, ezta gutxiagorik ere. Justu joku horretan sartu nahi gaituzte ba, baina ez gara bertan eroriko. Guk ongi garbi dugu zeintzuk diren gure etsaiak (...), espainiako indar errepresiboak eta beren nagusiak.”
1990ean Herri Batasunak Autonomi Estatutu Nazionala plazaratu zuen. Arloz arloko proposamenen artean, Polizia eta Ejertzitoari buruzkoa ere argitaratu zuen. Bertan, burujabetza marko batean, Ertzaintza eta udaltzainen eskumenak eta botere funtsa zein izan behar diren finkatzen zuten.
1990eko hamarkadan sartuta, Ajuria Eneako ituna fondoko teloi gisa, enfrentamendu armatuak eta hildakoak tarteko, ezker abertzalea eta ertzaintzaren arteko tentsioak gora egin zuen. Polizia autonomikoa errepresiorako makinaria bilakatu zuen EAJk eta ETAk bere helburuen artean sartu zuen. 1995ean KASek “Komunikabideak eta Euskal Herriaren etorkizuna” izeneko txostenean, Ertzaintzari dedikatu zion atal bat. “Zipaioak biluztuak eta frustratuak” atalean kritika zorrotza egin ostean, honako ondoriora iristen ziren: “Ertzaintzak modu honetan eratuta ez ditu gutxieneko berme demokratikoak eskaintzen. Premiazkoa da proiektu alternatibo bat lantzea, oraingoarekiko kualitatiboki ezberdina, munstro errepresibo bat garatzeko aukera oro eragotziko duena hasieratik.”
«1990ean Herri Batasunak Autonomi Estatutu Nazionala plazaratu zuen. Arloz arloko proposamenen artean, Polizia eta Ejertzitoari buruzkoa ere argitaratu zuen.»
Munstro errepresibo horren ondoko bi hamarkadako garapenean asko izan dira kapitulu beltzak. 2010ean ezker abertzaleak abiatutako egokipen estrategikoak aldaketa kualitatiboak eragin ditu Euskal Herriko egoera politikoan, ez hala polizietan eta Ertzaintzan. Ezker independentistaren eredua finkatzeko norabidean, 2016ko azaroan EH Bilduk segurtasun publiko ereduari buruzko jardunaldiak egin zituen. Bertan, Eskozia, Katalunia, Irlanda eta Quebeceko adibideak izan zituzten mahai gainean, eta bertako zenbait adituk ere parte hartu zuten.
2017an, Katalunian aldebakarrez erreferenduma ospatu zuten. Espainiar Estatuak Guardia Zibila eta Polizia Nazionala egurra ematera bidaliz erantzun zion ariketa demokratiko erraldoi hari, nazioartean lotsagarri agertuz. Erreferendumaren antolaketan zer esan handia eman zuen Mossoek izango zuten jokabideak. Egun haien irakaspenetako bat izan zen, halako prozesu batean zeinen garrantzitsua den lurraldearen kontrolerako egiturak (parte bat behintzat) norbere alde izatea eta funtsean lurraldearen kontrola mantentzeko gai izatea. Polizia funtsezko egitura da horretarako.
«2010ean ezker abertzaleak abiatutako egokipen estrategikoak aldaketa kualitatiboak eragin ditu Euskal Herriko egoera politikoan, ez hala polizietan eta Ertzaintzan.»
Hau da gaur egungo testuinguru politikoa eta beraz, egun prozesuak dituen erronken ikuspegitik heldu behar zaio auziari. Horregatik eta beste hamaika arrazoigatik, poliziari buruzko eztabaida ezin da gerorako utzi. Eta aldi berean, ezin da pentsatu behin gobernua eskuratuta goitik behera soilik aldatu daitekeen zerbait denik ere, arazoa konplexuagoa baita aurreko artikuluetan ikusi dugunez.
Ez da artikulu honen xedea ezker independentistaren polizia eredua zein izan behar den zehaztea, baina eredu aldeketa horretarako pista batzuk ematen ahaleginduko gara.
Eskumen guztiak eta segurtasunaren ikuspuntu integralagoa
Dosier honetako artikulu batean aipatu bezala, segurtasun publikoko eskumenak gaur egun, Frantziar eta Espainiar Estatuenak dira. Espainiak horietako batzuk partekatzen ditu EAE eta Nafarroarekin, baina eskumen horietako bat ere ez da esklusiboki euskaldunona. Beraz, burujabetza eta estatus politiko berriak ezinbestekoak izango dira arlo honetan ere autogobernu maila gorena izateko eta segurtasun indar okupatzaileak Euskal Herritik behin betiko bidaltzeko. Bertako polizia guztiak Euskal Polizian integratu behar dira.
Bestetik, segurtasunaren ikuspegi zabalagoa hartu behar da. Churchillek esan omen zuen gerra auzi garrantzitsuegia dela militarren eskuetan uzteko. Berdina esan liteke segurtasunaz: auzi garrantzitsuegia da poliziaren eskuetan soilik uzteko.
«Kataluniako erreferendumaren irakasoenetako bat izan zen, halako prozesu batean zeinen garrantzitsua den lurraldearen kontrolerako egiturak (parte bat behintzat) norbere alde izatea eta funtsean lurraldearen kontrola mantentzeko gai izatea.»
Segurtasunaren ikuspegi demokratikoa, prebentiboa eta ez zigortzailea. Hirigintza, ongizatea, gizarte zerbitzuak, babes zibila, hezkuntza eta ikuspegi feminista barneratuko dituen ikuspegia behar dugu. Pertsonen ongizatea da segurtasunareko bermea. Beraz, segurtasun sistema osoa da berrikusi beharrekoa, ez polizia bakarrik. Segurtasun Legeetan, Polizia Legeetan eta Justizia Errestauratiboan lege aldaketak egin behar dira. Dena den, badago nondik hasi, behetik gora, udalgintzatik, bestelako eredua eraikitzen.
Polizia komunitarioa
Azken urteetan agertu den kontzeptua da polizia komunitarioarena eta zenbait herrialdetan aplikatzen hasiak dira. Eredu horrek, poliziaren eta herritarren arteko kontratu berri bat eskatzen du konfiantza berriak eraikiz. Paradigma honen funtsa zera da: jendeak eta komunitateek prozesu polizialetan eragiteko gaitasuna izan behar dutela, bere partehartze eta babesaren truke.1
Polizia eredu honek lau ardatz ditu. Lehena, lurralde eremu oso txikietan bideratutako arreta prebentiboa. Bigarrena, komunitatearekin harreman estua izatea, hauekin kontsultak etengabe eginez, poliziaren ekimena kontrolatu edo norabidetu ahal izateko bere usteen arabera. Hirugarrena, poliziaren ahalegina komunitatea eginahal prebentiboan mobilizatzeko. Laugarrena, jendea delituak edo arau hausteak egitera bultzatzen dituen egoerak aztertzea poliziek modu itunduan.2
«Poliziarekiko konfiantza eraikitzeko ezinbestekoa da delitu eta arau hausteen aurrean, zigortzaileak ez diren bestelako alternatibak indartzea.»
Euskal Autonomi Erkidegoko 15/2012 Legearen 9. artikuluan, maila lokalean eredu horri bide eman diezaioke EAEn: “Herritarren segurtasunean parte hartzeko toki-kontseiluak. 1.– Udalerriek aukeran daukate herritarren segurtasunen parte hartzeko tokiko kontseiluak sortzea, betiere, beren eskumenen esparrua gainditu gabe, udalerriko segurtasuna hobetzeko neurriak aztertu eta arlo horretan eskumena daukaten organoei neurri horiek proposatzeko. 2.– Parte hartzeko moduak, bitartekoak eta prozedurak tokiko araugintza-ahalmenak erabiliz burutuko dira. Kontseilu horietan, ezinbestean egon behar dute udalerrian aritzen diren Euskal Herriko Poliziako kidegoek.”
Kontseilu horietan alkatea eta ordezkari politikoez gain, udaltzainburua eta auzo bakoitzeko erreferentziazko udaltzainak, Babes Zibileko teknikari/arduradunak, auzo alkateak, udal sail ezberdinetako teknikariak, eskola kontseiluetako kideak, komertzioen ordezkariak, eragile sozialetako ordezkariak, gazte mugimenduak, mugimendu feministako kideak eta gaiaren arabera interesatuta egon daitezkeen enpresak zein herritarrak bildu daitezke. Kontseilu horien funtzioak izan daitezke segurtasun-politikak diseinatzeko kontsultak egitea, azterketa eta aholkularitza zerbiztua ematea; xenofobia, indarkeria matxista, drogak, delinkuentzia eta abar diziplina anitzetatik aztertzea konponbideak aurkitzeko eta gatazkak prebenitzeko; herritarren segurtasunari eragiten dieten fenomenoen bilakaerari buruzko informazioa jasotzea; herritarrek beste polizia indarrei zuzendutako proposamenak eta kexak bideratzea eta abar. Era horretan, poliziaren kontrol herritarra areagotzeaz gain, arazoak eta gatazkak prebentzioz, adostasunez eta modu komunitarioan konpondu ahalko dira, ahal den heinean prebentzioz eta aurreikuspenez jokatuz.
«Euskal Autonomi Erkidegoko 15/2012 Legearen 9. artikuluan, maila lokalean polizia komunitarioaren eredu horri bide eman diezaioke EAEn.»
Eredu horrek funtzionatzeko, ezinbestekoa da poliziak (udaltzainak kasu honetan), komunitatean integratuta egotea, auzoa eta herritarrak ezagutzea. Norabide horretan praktika on bat dira Bilbon sortutako Auzo Tailerrak, nahiz eta gehiago sakondu daitekeen. Tailer horretan biltzen dira auzo elkarteak, bizilagunak eta erreferentziazko udaltzainak, beharrak kudeatzeko.
Azken urteetako joerari buelta emanez, udalek lan eskaintza publikoetarako aukera mantetzea ere funtsezkoa da. Hala egin du EH Bilduk gobernatzen duen Galdakaoko Udalak esaterako, herriko errealitateari lotutako gai espezifikoak ere landuz. Hiriek eskola propioak izatea baztertu ezin den aukera da, tokiko beharren eta idiosinkrasiaren araberako poliziak formatzeko.
Organigramari buelta
Polizia gertukoago egiteko norabidean, organigramari buelta eman behar zaio. EAEn Ertzain gutxiago eta udaltzain gehiago, tokiko esparruetan kokatuz poliziak eta ez urruneko makrokomisaldegietan. Egun 7500 ertzain daude eta 3500 udaltzain EAEn. Nafarroan berriz 1080 Foruzain, 1700 Guardia Zibil, 700 Polizia Nazional eta 650 udaltzain daude. Espainiar segurtasun indarrak kanporatuta bertako poliziak indartu behar dira.
Funtzioen araberako bereizketa bat ere egin beharko litzateke: polizia gertukoa batetik (udaltzainak) eta espezializatuak bestetik (unitate espezializatuetan antolatutako ertzainak edo foruzainak). Suzko armak, eramatekotan, unitate espezializatu jakin batzuek soilik eraman beharko lukete, bitartekaritzan eta prebentzioan oinarritutako polizia ereduaz hizketan ari baikara. John Finnie Eskoziako polizia buru ohiak kontatzen duenez, han polizien %3,5ak baino ez ditu suzko armak. Unitate espezializatuetako ofizialak dira eta formakuntza berezia jasotzen dute. Edozein kasutan, horiek ere ezin dute euren arma erabili buruen baimenik gabe. Finniren hitzetan, “normalean tratatzen diren krimenek ez dute armen erabilerarik behar” eta indarra erabiltzea beti azken muturreko bitartekoa izan behar da. “Polizia baten armarik onena eta eraginkorrena bere ahoa da.” Zentzu horretan, suzko armen erabilera unitate espezializatu batzuetara bakarrik mugatu beharko litzateke. Ertzaintzan, Bizkor unitatea esaterako, asaltoko unitate berezia.
«Eredu horrek funtzionatzeko, ezinbestekoa da poliziak, komunitatean integratuta egotea, auzoa eta herritarrak ezagutzea.»
Unitate espezializtuekin segiz, etorkizunera begira, ezinbestekoa izango da halakoak sortzea edo indartzea delitu ekonomikoei aurre egiteko, ingurumen delituei aurre egiteko eta delitu informatikoei aurre egiteko, besteak beste.
Bestetik, unitate espezializatu guztiak Ertzaintzaren edo Foruzaingoaren baitakoak izan behar diren eta organigramaren puntan, Babes Zibila kudeatzen ere, poliziak egon behar duen berrikusi behar da. Erreskateak poliziak egin behar ditu edo suhiltzaileek egin behar dituzte? Brigada Mugikorra behar da, ala bitartekaritza unitateak behar dira?
Poliziaren kontrolerako eta gardentasunerako mekanismo herritarrak
Iñigo Cabacasen auziak agerian utzi zuen Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak euren ardurak ezkutatu eta inpunitateari eusteko erabili zuten jokabide tranpatia. Herritarrekiko konfiantza gardentasunasunez eraiki beharrean, isiltasuna eta korporatibismoa.
Polizia eredu demokratikorantz jotzeko, ezinbestekoak dira kontrolerako eta gardentasunerako mekanismoak ezartzea. EAEko 1/2020 lege dekretuak dio 13. artikuluan polizia autonomikoa bere herritarrei zor zaiela bere “jardunaren zuzentasunaz eta efikaziaz” eta administrazioak “ustezko jardunbide txarrak ikertzeko prozedura eraginkorrak eta inpartzialak ezarriko dituztela” zehazten du.
2021eko urtarrilean Euskadiko Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea eratu da euskal polizien eskubide urraketen ikerketa gauzatzeko. “Batzordearen xede nagusia da legitimitatea eta herritarren konfiantza indartzea, hau da, polizia-jardunaren gaineko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibotasunarekiko konfiantza indartzea.” Alta, bere osaketak ez du neutraltasun eta objetibotasunerako tarte handirik uzten.3 Ikusteko dago beraz zer emango duen.
«2010ean ezker abertzaleak abiatutako egokipen estrategikoak aldaketa kualitatiboak eragin ditu Euskal Herriko egoera politikoan, ez hala polizietan eta Ertzaintzan.»
Esperientzia interesgarriagoa da Katalunian bertako arartekoak abiatu duena. Síndic-ek Mecanismo Catalán Para la Prevención de la Tortura izeneko organismoa eratu du. Bere helburua polizia gehiegikeria eta tratu txar oro modu independentean ikertzea da. Arartekoak, bere eskumenen artean du komisaldegiak ikuskatu ahal izatea adibidez, bertan gertatzen dena kontrolatzeko. Horretarako giza eskubideen alde eta torturaren aurka jarduten duten gizarte eragileetako kideak eta arlo ezberdinetako adituak txertatu ditu organismoan, erabat independenteak.4
Zigorraren alternatibak
Poliziarekiko konfiantza eraikitzeko ezinbestekoa da delitu eta arau hausteen aurrean, zigortzaileak ez diren bestelako alternatibak indartzea, zigorrak sarri arazoak konpondu beharrean, iraunarazi edo larriagotu egiten baititu.
Bi aukera gutxienez badaude gaur aplikatzen hasi daitezkeenak. EAEn 1/2020 dekretuak, 55. artikuluan udaltzainei gatazka pribatuak ebazten laguntzeko bitartekaritza egitea ahalbidetzen die. Bitartekaritza hauen helburua, auzia judizializatu aurretik, inplikatutako alde guztiak garaile ateratzea da. Bitartekaritza azkarra, eraginkorra eta ekonomikoa izateaz gain (auzia ez doalako epaitegietara), gatazkaren areagotzea alboratzen du, alde guztiak entzunak izango direnaren segurtasuna ematen du, harremanak eraikitzen ditu hauek desegin beharrean eta aldeen artean erantzun baliagarriak, errealistak eta adostuak sustatzen ditu. EH Bilduk Iruñeko Udalean esaterako, sortu zuen halako Bitartekaritza Unitatea Udaltzaingoan eta egun martxan segitzen du.
Herri txikietan ere egin daitekeen zerbait da. Espainiar estatuan 5000 biztanleko herrietan eratu dituzte bitartekaritza unitateak.
Beste aukera justizia errestauratiboa da. Kasu horretan auzia judizializatzen da eta beraz epeetan ere luzatu egiten da. Kasu honetan ere inplikatutako aldeen arteko mediazioa bilatzen da, kaltetuaren erreparazioa bilatuz eta ez kaltea eragin duena zigortzea. Adostasuna lortzen bada, kasua artxibatu egiten da. Gaur egun, justizia sistemak ahalbidetzen duen aukera da baina oso gutxi baliatzen da.
1Trojanowicz, Kappeler, Gaines & Bouqueroux, 1998, 11. orrialdea
2Frühling, 1998
3https://www.euskadi.eus/euskadiko-autonomia-erkidegoko-poliziaren-kontrol-eta-gardentasun-batzordea/web01-s2segur/eu/
4https://www.sindic.cat/es/page.asp?id=330