ERREPORTAJEAK

Iratxe Esnaola

Plataforma kAPPitalismoa

2019-04-01

“Ekonomia partekatua” edo “ sharing economy” kontzeptua 2008an aipatu zen lehen aldiz [1]. ‘Kontsumo kolaboratiboa” edo “kontsumo partekatua” ere gehitu zitzaizkion gero. Eta “plataforma kapitalismoa” ere bai, 2014az geroztik [2].

2017-06-29, Bilbo. Bizkaiko taxisten greba eta manifestazioa Uber eta Cabify kotxeak gidariekin alokatzeko enpresen kontra. / FOKU

Guztiek UBER, Airbnb, Deliveroo eta gisako plataformei egiten diete erreferentzia. Baina izen bakoitzak sortzen duen marko kontzeptuala oso ezberdina da. Horretxegatik, hain zuzen, ez da kasualitatea plataforma horiek “ekonomia partekatua” izenarekin etiketatu eta 2008an indar bereziarekin finantzatu izana. Testuingurua ezin egokiagoa zen: krisi finantzarioa. Bazekiten langabetu gehiago zeudela. Diru-sarrerak jaitsi zirela. Eta lan bila edota diru-sarrera gehigarrien bila modu desesperatuan zebiltzan herritar eta erabiltzaile potentzial asko zeudela. Eta shock egoera global hura baliatu zuten, prezio baxuen erakargarritasunarekin, duinak ez diren lanorduei eta gisako praktikei lekua egiteko. Eta sinpatia sortuko zuen izen batekin eta horren markoarekin (partekatua, kolaboratiboa, jasangarria...), ekonomia berregituratzeko ahaleginean hasi ziren. Eta horrela, XXI. mendeko lanaren gaineko eztabaidan langileriaren babesaren eta lan duinaren ikuspuntutik, mehatxu bortitzak abiarazi zituzten.


Bitartekari huts


2017-08-23, Bilbo, Aste Nagusia, Alde Zaharreko bizilagunen parodia udalaren auzoarekiko dituen turismo politiken inguruan. Irudian parodia. / FOKU

Plataforma hauek bitartekari hutsak dira. Ez dute ondasunik sortzen, ezta funtsezko zerbitzurik eskaintzen ere. Eta bitartekari huts direlako, parte-hartzaileak behar dituzte. Gure etxea eta gure autoa behar dituzte. Bietatik behar dute: ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko prest dauden herritarrak eta horiek erabiliko dituztenak. Eta bitartekaria transakzio horien komisioekin aberasten da. Eta nola gainera. UBER eta Airbnb-k gutxi gorabehera %20 jasotzen dute bidaia eta ostatu-hartze bakoitzeko, hurrenez hurren. Deliveroo eta gisakoek ‘autonomo faltsuen’ figura sortu dute, langileak autonomo gisa tratatuz, baina inolako autonomiarik eta babesik gabe utziz.

‘Start-up’ ereduarekin egin dute. Plataforma kapitalismoaren barruan kokatzen diren plataformak, oro har, eredu horri jarraiki sortu dira. Funtsean, teknologiari lotutako zerbitzu berritzaile bat eskaintzen dute eta kapital-arrisku entitate baten kanpo-finantzazioa jaso dute. Finantzazio hori lortzeko helburua dute hasieratik, funtsean, irabazi ekonomikoak lehentasun eta helburu dituen eredua baita. Eredu horren fruitu dira UBER eta Airbnb, besteak beste. Bi horiek ere, azpiegitura fisiko propiorik gabe abiarazi zituzten: ez zuten ez autorik ez ostatu/etxerik. Bitartekariak direnez, euren erabiltzeen ondasunak ustiatzetik bizi dira. Logistika konpainiak dira.

Plataforma kapitalismoak sektore erregulatuak kolpatu ditu. Merkatuaren arauak apurtu nahi izan ditu. Eta arau berriak eraiki, kapitalismoa efizienteagoa eginez. Merkeagoa. Lobo-k [2] Joseph Schumpeter-en ‘sormenezko suntsipena’ aipatzen du. Andrew Keen-en ‘The Internet is not the answer’ liburuan ere badu bere lekua. ‘Sormenezko suntsipena’ kapitalismoaren gertakari funtsezkoena bezala definitzen eta defendatzen du Schumpeter-ek. Eta enpresa eta negozio-eredu kontsolidatuak suntsitzeaz mintzo da, suntsipen horren atzean start-up horietako ekintzaileen sormena dagoela baieztatuz. Schumpeter-ek esana zuen, finantza, garraioa eta turismoa bezalako sektoreetan, negozio-eredu banatuak etorriko zirela. Kapitalismo banatua izango zela. Banatua: kapitalismo omnipresentea edo nonahikoa bilakatuko zela. Ez zebilen oker.

Eredu horri erantzunez, “plataforma kooperatibismoa” deitu dena sortu da [2]. Berez, bitartekariak izatea da, baina jabetza-eredu ezberdin batekin eta lan-baldintza duinekin. Merkatu librearen ereduaren aurrean alternatiba humano bat planteatzen du. Eta kooperatiba hauek herri/hiri, sindikatu, erabiltzaile edo bestelako kolektiboenak izan daitezke. Alegia, eredu honek sektore batean parte hartzen duten agente ezberdinen interesak uztartzeko eta ekonomia demokratizatzeko balio dezake. Adibide argia da Fairbnb (http://fairbnb.coop): turismo eredu jasangarri eta arduratsu bat sustatu nahi duen kooperatiba. Airbnb, bezalaxe, turistentzako alojamendua eskaintzen du. Baina bertako bizilagunak kaltetu gabe. Alderantziz: plataformak jasotzen duen komisioaren %50 bizilagunen komunitateak hautatutako proiektu sozialetan inbertitzen da (irabazien itzulera bermatuz).


Partekatzearen monetizazioa eta erreputazioa neurtzeko mekanismoak


2017-07-13, Donostia. AirBnBk Donostian duen efektuari buruzko mintegia. Irudian Alfonso Sanchez. / FOKU

Plataforma kapitalismoak lehen pribatuak ziren zerbitzuak monetizatzea ekarri du. Hau da, merkatu libre eta ez erregulatuaren sintonia gure bizitzetako arlo pribatuetara hedatzea [2]. Lehen inguruko bati ematen geniona, orain erabiltzeko prest dagoenari eskaintzen diogu, diru kopuru baten truk. Lehen eskuzabaltasun ariketa bat zena, orain ariketa ekonomiko bilakatu da. Hori da plataforma kapitalismoaren sloganetako bat: ondasunak jabetzan baino, behar dituzunean eskura izatea dela garrantzitsua.

Plataforma hauek merkatu anonimoak sortu dituzte. Ezezagunen arteko harremanak merkantilizatzea lortu dute (eta horrek zerbitzuak eskaintzen dituztenak banatzea ekarri du, indarrak batzea zailduz). Ezezagunen arteko hartu-eman hori, ordea, ez da plataforma hauek erabiltzeko oztopo bat. Motibazio nagusia zerbitzuaren prezioa da. Eta partekatzearekin lotuta dauden motibazio etiko edota moralak apenas dute indarrik.

Anonimotasun horren aurrean erreputazio eta konfiantza neurtzeko mekanismoak sortu dituzte. Konfiantza baita eredu honen funtzionamendua bermatzen duen emozioa. Eta euren helburua mekanismo horiekin merkatua auto-erregulatu egingo dela sinestaraztea da. Hau da, ez dela instituzioen partetik erregulaziorik behar. Gauzak aldatu egin direla, eta sektore erregulatuak iraungi egin direla. Erregulazioa atzera egitea balitz bezala saltzen digute. Jarrera atzerakoi edo erreakzionario bat balitz bezala. Baina sortu duten merkatu berri hau erregulatzea ere ezinbestekoa da. Euren erreputazioa eta konfiantza neurtzeko mekanismoaren aurrean ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dituen herritarra inolako babes errealik gabe baitago.


Zer egin errealitate honen aurrean


AirBnBren egoitza. / Ezezaguna, CC BY

Partekatzearen filosofia enpresa hauen praktika errealetik oso urrun dago. Are, erregulazio faltaz baliatzen dira eta legezkotasunik eza erabiltzen dute metodo gisa. Sillicon Valley-n azkar doaz, kontzienteki. Eta tokian tokiko erregulazioa poliki, nahi gabe, kasu askotan. Eta plataforma hauei komeni ez zaien arren, erregulazioa ezinbestekoa da. Erregulazio-ezaz ere baliatzen direlako, modu kontzientean. Badakite sektore erregulatuek ordaintzen dituzten zergak ez dituztela ordaintzen. Legea urratu izan dutela ere bai, zenbaitzuetan. Kontziente dira tokian tokiko garapenean sortzen ari diren kaltearekin. UBERek badaki taxien sektorea bortizki kolpatu duela (Govern-ak dekretu bat onartu berri du honen harira). Airbnb-k dakien bezala hiri turistikoetan gentrifikazioa sortu duela, Donostian kasu (tasa turistikoa ordainarazten zaio Europako zenbait hiriburutan). Badakite erregulazio-eza dela euren metodoa, eta horrek egiten duen kaltea. Baina hori ez omen da euren ardura. Erabiltzaileek egiten dutelako plataforma hauek erabiltzeko hautua.

Erabiltzaile askok, nahi gabe ziur aski, plataforma hauek erabiliz aberastasun pribatuaren metaketa horretan eta lana ulertzeko modu prekario hori hedatzen lagundu dute. Duela 15 urte Internetek komunitateak indartu eta mundua demokratizatu behar zuela zirudien. Baina Internet ez da tresna demokratizatzaile bilakatu. Eta plataforma hauek ere ez. Eta erabiltzaileok zeren erabiltzaile izan nahi dugun hausnartzea ezinbestekoa da.

Era berean, plataforma kooperatibismoa bezalako iniziatibekin, baina ez horiekin soilik, sortu den errealitatean alternatibak eraikitzea halabeharrezkoa da. Plataforma kapitalismoaren ezaugarri batzuk hartuz, baina tokian tokiko benetako ekonomia partekatu bat bermatuz. Jabetza eta gobernantza eredua eraldatuz lortuko baitugu ekonomia digitala demokratizatzea. Plataformei dagokionean, jabetza eta aberastasuna banatzea eta lan-baldintza duinak bermatzea da bidea. Kontua ez baita berrikuntzari eta aldaketei bizkar ematea, berrikuntza tokian tokiko garapenera begira jartzea baizik.


UBER eta Airbnb zenbakitan [3]


UBER eta Airbnb dira bi plataforma nagusiak. Merkatuan duten balioa 50.000 eta 25.500 milioi eurokoa da, hurrenez hurren. Eta atzetik dituzte gainontzeko guztiak. Bien artean, 20 plataforma nagusien merkatuko balioaren %60 batzen dute. UBER eta Airbnb, biak ala biak, euren sektorean monopolio izatera iritsi dira: pertsonen garraioan UBERek merkatu-kuotaren %86 bereganatu du; ostatu-zerbitzuen kasuan, Airbnb-k %55.

UBERen kasuan, zerbitzuaren prezioa, plataformatik ordaintzeko erraztasuna eta mugikorrean ibilgailua gerturatzen ikustea dira, oro har, bere arrakastaren gakoak. Erabiltzaile bezeroaren profila pertsona gazte batena da, hiri handietan eta ingurune oso urbanizatuetan bizi dena, diru-sarrera ertainak edo ertain-altuak dituena. Eta honen ikuspuntutik, UBERek onurak ekarri dituela ukaezina da. Baina erabiltzaile-gidariak, UBERentzat lan egiten duten gidarien %84, ez da hilean 500 dolarrera iristen (erabiltzaile-bezeroak ordaintzen duenaren zati bat UBERentzat delako, lanorduaren balioa larriki jaitsiz). Horregatik, ziur aski, gidarien erdiak ez du urtebete baino gehiago egiten UBERentzat lanean. Negozio-eredua bera ere, hortaz, ezin jasangarria denik esan. Airbnb-ren kasuan ere, prezioa eta ordaintzeko erraztasuna dira, eskaintza zabalarekin batera, erakargarri egiten dutenak. Hotel bateko prezioa %35 eta %47 artean murriztea lortzen du. Wikipediaren arabera, 2 milioi ostatu edo etxe eskaintzen ditu, 192 herrialdetan eta 33.000 hiritan. Esan gabe doa, ostatu horietatik bat bera ere ez da Airbnb-rena.

Interesgarria da plataforma hauek (oro har) automobil-industriarekin alderatzea. Plataforma hauen merkatuko kapitalizazioa automobil-industriako 18 enpresa nagusien batura baino lau aldiz handiagoa da. Sortzen dituzten zuzeneko lanpostuei begiratzen badiegu, automobil-industriak sei aldiz lanpostu gehiago sortzen ditu. Deigarria da. Horregatik enpresa ‘estraktibo’ edo erauzleak ere deitzen zaie: erabiltzaileek diru-sarrera txikiak lortuz eta zuzeneko lanpostu gutxi sortuz, plataformak aberastu egiten direlako.

Kokapenari dagokionean, plataformen %37 Sillicon Valley-n kokatua dago (egoitza soziala han dute, behintzat), tartean UBER eta Airbnb. Eta horrekin, Sillicon Valley-n dago plataforma hauen merkatu kapitalizazioaren %55. 120 plataforma nagusietatik, Europar Batasunean egoitza bakar batek du, Alemanian. Plataforma hauen erabilerari erreparatzen badiogu, Frantziar Estatua da Europar Batasuneko buru (%36). Espainiar Estatua Europar Batasuneko batazbestekoaren (%15) gainetik dago (%19). Interesgarria litzateke Euskal Herrian zein onarpen maila duten ezagutzea.


OHARRAK


[1] Puschmann, T. & Alt, R. (2016). Sharing economy. Business & Information Systems Engineering, Vol. 58: 93-99. Eskuragarri: https://labur.eus/Hdkkm

[2] Scholz, T (2016). Platform cooperativism, challenging the corporate sharing economy. Rosa Luxembur Stiftung, New York Office. Eskuragarri: https://labur.eus/1q2ST

[3] Ostelea School of Tourism & Hospitality (2018). “Plataformas de Economía Colaborativa: Una Mirada Global”. Eskuragarri: https://labur.eus/R5WJn