ERREPORTAJEAK

Miren Zabaleta

Abokatua eta EH Bilduren Nafarroako koordinatzailea

Izendatu ezin den estatutua

2021-12-30

Nafarroako Foru Hobekuntza indarrean sartu zenetik 40 urte beteko dira 2022ko abuztuan. Bere eratze prozesua gertatu zen garaia bezain nahasia eta gatazkatsua izan zen eta agerian uzten du Nafarroa Estatu auzia izan zela. Ordutik asko aldatu da nafar jendartea. Garai hartan hegemonikoa zen navarrismoa gainditu lezakeen nafartasun berri baten inguruko bataila kulturala puri-purian dago, baita sakoneko aldaketa politiko zein soziala nahi duen pultsioa ere. Alabaina, gaur egungo Nafarroa ulertzeko funtsezkoa da garai hartan gertatutakoa aztertzea.


Argazkia. FOKU

 

  • — Artikulu hau 2021eko Abenduan argitaratu zen Erriaren 8. alean.

 

FORU HOBEKUNTZAREN ERATZE ETA EZARTZE PROZESUA

Nafarroako Foru Hobekuntza Berrezarri eta Hobetzea (hemendik aurrera, Foru Hobekuntza) 1982. urteko abuztuaren 16an sartu zen indarrean, espainiar Kongresuan onartua izan ostean. Foru Hobekuntza Nafarroako ordenamendu juridikopolitikoaren arau gorena da; espainiar Estatuko gainerako 16 autonomi estatutuak bezala, Konstituzio espainiarraren menpeko legea.

Foru Hobekuntzaren eratze eta onartze prozesua gainerako autonomi estatutuekiko ezberdina izan zen, baita 1979ko Gernikako Estatutuarekiko ere. Azken honekiko ezberdintasun edo berezitasun nagusia da nafar herritarrei inoiz ez zitzaiela eman lege hau berretsi edo errefusatzeko aukerarik. Frankismotik zetorren Nafarroako Diputazio Foralak izendatutako batzorde batek eta Espainiako Gobernuko ordezkariek erdietsitako akordio baten ondorioa izan zen.

Nafar jendarteari galdetu gabe gauzatu zen prozedura honek hainbat helburu politikori erantzun zion. Alde batetik, franko hil aurretik Nafarroan agintean zegoen elite politiko eta ekonomikoaren gidaritza ziurtatzea bilatzen zuen. Bestetik, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekiko egituratzetik aldentzea bilatzen zuen. Eta azkenik, Estatu espainiarrak euskal gatazkaren testuinguruan lurraldetasunaren auziari emango zion erantzuna behin betiko ezartzeko baliatu zen. Nafarroa Estatu auzi bezala erabili zen, euskal gatazka irtenbide politikorik gabe betikotzeko.

 

  • Bazenekien? Espainiako Errege Akademiak (EEAk) katalanismoa edo baskismoa lurralde batetiko maitasunari erreferentzia egiten dion kontzeptu kultural gisa definitzen ditu; navarrismoa ordea, hiztegiak jasotzen ez den kontzeptu bat da, euskalduntasunarekiko oposizioan eraikitako kontzeptu politiko bat.

 

Foru Hobekuntza sekula galdeketara ez eraman izana helburu politiko horiek ziurtatzeko modua izan zen. Nafarroako historiografia ofizialak ordea, navarrismoak hegemoniko egin zuen hitzarmenaren errelatomitoan oinarritzen du Foru Hobekuntzaren ezberdintasun edo singularitatea. Egun indarrean dagoen Nafarroako Erregimen Forala (edo bere hondarrak) Nafarroa eta Estatuaren arteko Itunaren ondoriozkoa denaren mitoan, hain zuzen. Mito honen enborideak dira Nafarroa borondate propioz dela espainiar Erreinuko parte eta fundatzailea1, eta Nafarroaren gainerako euskal lurraldeekiko izate eta ibilbide ezberdintasuna.

Foruaren Hobekuntzaren eratze ibilbide horretatik hiru gako azpimarratu daitezke: lehengoa, Foru Hobekuntzaren bidea navarrismoak ezarritako metarrelato historiko batean justifikatu zela; bigarrena, Nafarroako elite frankista eta eskuindar baten operazio politiko bat izan zela; eta hirugarrena, beste ezeren gainetik iruzur demokratiko bat suposatu zuela. Azter ditzagun gako horiek banan-banan:

 

  • Bazenekien? Nafarroako Parlamentu Foralak oinarrien gaineko bi akordio hartu zituen Diputazio Foralak espainiar Gobernuarekin egin beharreko negoziazioetan aintzat hartu zitzan. Horietako bat 1980. urteko azaroaren 3an hartu zuen, negoziazioen garai bete betean, euskara Nafarroa osoan hizkuntza koofiziala izan zedin eta etorkizuneko Nafarroako Gobernuaren esku gelditu zedin printzipio honen garapenerako eskumena. Nafarroako Batzorde negoziatzailearen ekimena izan zen (eta ez Madrilekoarena) Parlamentuaren akordioari iruzur egin eta Foru Hobekuntzan hizkuntza zonifikazioaren ideia txertatzea.

 

1. Navarrismoaren metarrelatoa

Itun-Legearen mitoa Nafarroa eta Estatuaren arteko Hitzarmenaren mitoa metarrelato historiko batean oinarritzen da; hainbat historialarik cuarentayunismo bezala izendatzen dutena. Kontakizun historiko honek 1841ko Foruen Moldaketarako Legea, hots, II. Karlistadan jasotako porrota militarren ostean Nafarroa espainiar monarkiaren menpeko probintzia bat gehiago izatera mugatu zuen legea, HitzarmenLege gisa aurkezten du; eta egun indarrean dagoen Foru Hobekuntza, Hitzarmen-Lege horren segida edo gaurkotze bezala.

Navarrismoaren errelato honen arabera, 1841eko Lege Itunduak Nafarroa eta gainerako euskal lurraldeek egindako ibilbide komuna apurtu zuen. Une hartatik aurrera, Nafarroak Itunaren bidea hartu baitzuen eta ez hala gainerako lurraldeek. Nafarroaren antzinako Erreinuaren Sistema Forala indargabetua gelditu zen eta Itunaren bidez Estatu espainiarraren lurralde antolamendu zentralizatu modernoaren parte izatera igaro zen ustezko borondate propioz. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren kasuan ordea, 1876. urtean eman zen aldaketa hori, azken Guda karlistaren amaierarekin batera2. Gerora, diktadura frankistak euskal lurraldeekiko izandako tratamendu ezberdinak ere, Nafarroako Hitzarmen-Legearen mitoa mantendu eta elikatu zituen; Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidoreetan ez bezala, Nafarroan 1841eko Legea eta Hitzarmen Ekonomikoa indarrean mantendu baitzituen.

 

  • Bazenekien? Foru Hobekuntza, Nafarroako antzinako Erregimenaren hobetze edo eguneratze bezala aurkezten da, 1841eko Lege Itunduaren – Ley Paccionada bezala ezagutzen dena- gaurkotze gisa. Horregatik, navarrismoak ezarritako kontakizun ofizialak hamarkada luzez arbuiatu du Foru Hobekuntza autonomia estatutu bat gehiago denik, nahiz eta formalki eta edukiari erreparatuta hori argudiatzea ezinezkoa izan, espainiar Konstituzio Epaitegiak berak adierazi duenez.

 

2. Nafarroa Garaia, Estatu Auzia

Aipatu dugunez, Foru Hobekuntza Nafarroako Diputazio Foral frankistak izendatutako batzorde batek eta Espainiako Gobernuko ordezkariek erdietsitako akordio baten ondorioa izan zen3. Akordioa 1981ko kolpe militarraren bezperetan itxi zen eta Foru Hobekuntza espainiar kongresuan onartua izan zen lege organiko gisa 1982ko abuztuaren 16ean, Nafarroako Parlamentuak onartu ostean.

Foru Hobekuntzaren hitzarmen berrituaren negoziazio horietara iritsi aurretik, gauzak lotuta eta ongi lotuta zeuden ordea. Batetik, Nafarroako Diputazio Forala frankismo garaitik zuen zazpi gizonen osaketa berdina mantentzen zuen eta, horrek, frankismoaren oinordekotza ziurtatzen zuen; baita gutxieneko ariketa demokratiko bati ateak itxita mantentzea ere. Bestetik, Nafarroako UCDk, Del Burgo buru, navarrismoaren tesia gaurkotu zuen4 eta horrek eragin zuzena izan zuen, Espainiako Gobernuak eta Estatu botereek euskal gatazkari eta lurraldetasunaren auziari emango zioten erantzuna finkatzeko orduan: Nafarroa erkidego berezitu gisa eratu zedin sustatzea, alegia. Eta azkenik, PSOEk 1981an navarrismoaren tesietarantz biratu izanak, behin betiko aldatu zituen indarharremanak.

 

  • Bazenekien? Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorraren sustatzaile nagusia Jaime Ignacio Del Burgo izan zela Nafarroako eskuinaren (UCDko) burua? Eta, xedapen honen inguruko eztabaidan egon zela, UCDk Nafarroan biltzen zuen eskuinaren zatiketa eta UPNren sorrera Aizpunen eskutik 1979. urtean?

 

3. Foru Hobekuntzaren iruzur demokratikoa

Foru Hobekuntzaren prozedura abiatu zenean, Nafarroan indar harremana tesi navarristaren aldekoa baldin bazen, bada galdetzerik zergatik arbuiatu zen Foru Hobekuntzaren inguruan nafar jendarteari galdegitea; edota zergatik etapa aurreautonomikoan ezeztatu zen gainerako euskal lurraldeekin batera Euskal Kontseilu Orokorrean parte-hartzeari buruz galdegitea.

Agian, nafar jendarteak adierazi duelako, galdetu izan zaionean, ez dagoela emaitza ziurtatzerik; zentzu horretan adierazgarria izan zen oso, Hobekuntzaren prozesu hartatik urte gutxira, nafar jendarteak OTAN-i eman zion ezezkoa. Eta noski, behin galdetzen hasita, ustez itundua den status-aren inguruan galdetuak izateko atea parez pare irekiko litzatekeelako.

 

  • Bazenekien? Frankoren heriotzaren aurretik eta ondorengo lehengo etapan, Espainiako UCD-ko Gobernuak eta PSOE-PSEk Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa erkidego autonomo bakarra osatzeko apustua egiten zutela? Frankismotik zetorren Nafarroako Diputazio Forala eta Nafarroako UCD erregionala gakoak izan ziren bide hau arbuiatzeko. PSOEk, aldiz, 1981. urtean eman zuen aldaketa, PSE utzi, PSN sortu eta navarrismoaren tesiak bere egitearekin batera.

 

Argazkia. FOKU. 2021eko urriaren 16an Nafarroa XXI herri plataforma aurkeztu zuten Iruñean. Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenean herritarrek bozkatu ez zuten Estatutu bakarra dela salatu eta eztabaida piztu nahi dute, Nafarroak bere etorkizuna erabakitzeko tenorea dela aldarrikatuz.

 

NAFARROA GARAIA, KONSTITUZIOAREN KAIOLAN

Nafarroako Foru Hobekuntza Berrezarri eta Hobetzea Nafarroako Autonomi Estatutua da, navarrismoak hala izendatzea arbuiatzen badu ere; Nafarroa Erkidego Foral gisa eratzen duena eta Konstituzio espainiarraren menpeko lurralde antolamenduan txertatzen duena.

Hala izanik ere, Foru Hobekuntzak Nafarroako erregimen foralaren Estatuko beste erkidegoekiko hainbat ezberdintasun ezartzen ditu. Lehenik eta behin, aipatu dugunez, autonomia erdiesteko genesian egindako bide itundua; Nafarroako erregimen foral aurre-konstituzionala autonomien lurralde antolamenduan txertatzeko modua, alegia. Bigarrenik, Nafarroa (EAE bezala) Estatuko lurralde antolamenduaren baitan eskumen maila altuena duten erkidego historikoen multzoan kokatu izana. Bukatzeko, zehazki aipatzea merezi duten Nafarroako erregimen foralaren lau aldagaibereizgarri.

 

  • Bazenekien? 2018an Altsasuko gazteekiko elkartasunez egindako manifestaldia egin zen arte, Nafarroan Aro Garaikidean egindako manifestaldirik jendetsuena 1977an “Nafarroa Euskadi da” lelopean gauzatu zena dela?

 

1. Hitzarmen Ekonomikoa.

Hitzarmen Ekonomikoa gure sistema foralaren hondarra da, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren erakundearen parekoa. Mugekin bada ere, Nafarroari ahalmen zerga-biltzaile eta fiskala aitortzen dio.

 

2. Foru Berria edo Nafarroako Konpilazio Zibila.

Araubide zibilean Nafarroako erregimenean hainbat bereizgarri ezartzen ditu.

 

3. Euskararen ofizialtasunaren zonaldeen araberako arautzea.

Foru Hobekuntzaren 9. artikuluak gaztelera Nafarroa osoko hizkuntza ofizial izendatzen du eta euskararen ofizialtasuna Nafarroako zonalde euskaldunetara mugatu. Artikulu honetan aurkitzen da 1986. urtean “Vascuence”aren Foru Legeak garatu zuen zonifikazioa.

 

  • Bazenekien? 1977ko espainiar Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek adierazten dutenez nafar jendartearen %60a gainerako euskal lurraldeekin proiektu amankomun bat egitearen aldekoa zela? Eta 1983ko Nafarroako hauteskundeetan, berriz, boza emandako herritarren %80ak baino gehiagok Foru Hobekuntza babestu zuten indar politikoak babestu zituztela? Navarrismoaren tesien aldeko indar-harreman hau hamarkadetan zehar mantendu da, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte, hain zuzen.

 

4.Konstituzio Espainiarraren Laugarren Xedapen Iragankorrak suposatzen duen berezitasuna.

1978ko Konstituzio Espainiarraren Laugarren Xedapen Iragankorrean Nafarroa beste hiru euskal lurraldeen aurreautonomiara edota, behin EAE osatuta, erkidego horretara gehitzeko aukera arautu zen. Xedapen hau lau euskal lurraldeen arteko harremanen arautzea gatazka ireki bat suposatzen zuenaren isla da.

Eskuinak, gaur egun, xedapen hau abertzaleen aldarrikapen gisa aurkezten du, baina bere sorrera ekarri zuen motibazioa justuki kontrakoa izan zen: Nafarroako Erkidego Forala EAEko erkidegora gehitu edo anexionatzeko aukera irekiz, lau herrialdeen arteko egitate politiko amankomun bat eraikitzeko aukera itxi nahi izan zen, anexioaren eta Nafarroaren desagerpenaren izua eraginez.

1982an indarrean sartu zen Foru Hobekuntzak ez du xedapen honen garapenik zehazten eta, beraz, xedapenak jasotako aurreikuspenaren (Nafarroa EAEra gehitzearena, alegia) intentzionalitate eta egokitasun politikoa eztabaidagarria izateaz gainera, juridikoki bideragarria ote den ere galdegiterik dago.

 

  • Bazenekien? Diario de Navarra eta Pensamiento Navarro egunkariak izan zirela, tesi navarristen sustatzaile nagusiak. “Nunca, pero nunca, puede jugarse a cara o cruz el ser o no ser de Navarra, porque el derecho a la vida foral de nuestro pueblo escapa al resultado de las urnas. Nuestros poderes están en las raíces de nuestra historia y no en la mitad más uno de los votos que puedan emitirse al compás de los caprichos de las democracias”. Editorial del Pensamiento Navarro, 2 de agosto de 1977.

 

NAFARTASUN BERRIRANTZ, AZKEN GOGOETA BAT

Foru Hobekuntzak bere Hitzaurrean nabarmentzen duen izaera Itundua beteko balitz, Nafarroa eta Estatuaren arteko harremana berdinen artekoa litzateke, benetako harreman aldebikoa. Tamalez, Nafarroak, gainerako euskal lurraldeek bezala, ez dute Estatuarekiko aldebiko harremanik eta ez dute beren status-a zein haien arteko harreman instituzionalpolitikoa beren erabakimenaren arabera arautzeko botererik.

40 urte hauek ez dira, ordea, debalde pasa. Gauza asko aldatu dira Nafarroan. Garaian Nafarroako presidente izan zen M. Sanz-ek bataiatutako gaztatxoen teoria apurtu egin da azkeneko hamarkadan eta indar-harreman berriak sortzen ari dira. Baina, zalantzarik gabe, Nafarroako jendartearen aldaketa sakonena eremu kulturalean gertatzen ari da, hegemonikoa izan den navarrismoa tokia galtzen ari baita nafartasun bezala definitu dezakegun identitate kultural anitz berri baten mesedetan. Nafartasun honen ezaugarri dira aurrerakoitasuna, feminismoa, autoritarismoa arbuiatzea edota euskalduntasunarekiko irekitasuna. Bataila kultural latza eman da azkeneko hamarkadetan eta sedimentatzen ari den nafartasun berriaren ezaugarri nagusia, dagoeneko ez dago Euskal Herriarekiko oposizioan eraikia, aniztasunaren kudeaketa demokratikoan baizik. Gure esku dago, gauzatzen ari den aldaketa kultural hau sustatu eta gainerako euskal lurraldeekin Nafarroa burujabe bateranzko aldaketa politiko estrukturaletan bilakatzea.

 

  • Bazenekien? “Onargaitza zen Espainiako erkidego historikoena dena” Nafarroari erreferentzia eginez, “modu iraunkorrean Damoklesen ezpataren mende egotea eta sekula gertatuko ez dela espero dudan uneren batean, herritarrak erotu eta Euskadirekin egitate politiko bat egituratzeko gehiengoa lortzea Parlamentuan. Hori onartezina da”. Miguel Sanz-ek, Nafarroako Lehendakariak, 2004ko maiatzaren 4an esandako hitzak.

 


1. Nafarroa 1512. urtean Gaztelako Erreinuak militarki konkistatua izan zela arbuiatu eta “Nafarroaren Gaztelako koroaren menpeko borondatezko sarrera” aldarrikatzen dute.

2. Ordutik aurrera, lau euskal lurraldeetan Foruak mantendu dira “Konstituzioaren batasunari kalterik egin gabe” eta burujabetza espainiar monarkiari egotzita, hau da, status-aren inguruko erabakimenik gabe. Foruen mantentze hori, administrazio-araubide berezi batean zehaztu da eta autonomia fiskal zein tributu autonomia jakin batean, etenaldiekin bada ere, gaur egunera arte iraun duten Kontzertu eta Hitzarmen ekonomikoaren instituzioen bidez.

3. Madrileko Gobernuan zegoen eskuinaren baitan emandako jarrera aldaketaren lekuko da M. Herrero de Miñon, garaian espainiar Gobernuaren izenean Konstituzioaren inguruko negoziazioetan ibili zena. Zera dio bere memorietan: “lo que ahora es inviable, era entonces más que posible“, “La inclusión de Navarra en un conjunto vasco-navarro era una previsión que el propio Gobierno había hecho”.

4. Del Burgoak 1966an idatzi zuen Nafarroako historiari buruzko bere tesi doktorala OPUS-eko NU-n; tesi horretan,1982ko Foru Hobekuntzaren ezartze prozesua gidatuko zuen errelato historiko neo-cuarentayunista-ren oinarriak ezarri zituen eta navarrismoaren euskal lurraldeekiko harremanaren oposizioaren oinarrizko argudio dialektikoa finkatu zuen, zeinak, Nafarroaren gainerako euskal lurraldeekiko “autodeterminazio eskubidea” aldarrikatzen zuen, Espainiar Estatuarekiko ez bezala.