ELKARRIZKETAK

Erria

Declan Kearney

"Jendearen imajinazioa astindu behar da egin daitekeenaren inguruan, eta hori haien eguneroko arazo errealekin konektatu"

2023-07-11

Euskal Herrian harrapatu zuen Declan Kearney Ostiral Santuko Akordioaren 25.urteurrenak. Elorrio (Gazte Topagunea) eta Iruñea (Aberri Eguna) izan zituen geltoki eta agertoki, Irlandak egun bizi duen egoeraren berri emateko parada izan baitzuen Sinn Féineko lehendakariak. EH Bilduk gonbidatuta, egungo egoeraz ez ezik, uhartearen iraganaz eta etorkizunaz ere aritu zen; izan ere, urteetako engaiamendu politikoak eskaintzen duen talaiatik aritzeko zilegitasuna irabazi du Kearneyk.


Argazkiak. FOKU

 

Declan Kearney Antrim konderrian jaio zen (1964), eta familia errepublikano batean hazi eta hezi. Ondo gogoan dauka 70eko hamarkadan eskubide zibilen aldeko protestetara eraman zutenekoa, edota, gaztaro betean, 80ko hamarkadaren hastapenetan, gose grebalarien aldeko mugimenduan aktiboki engaiatu zenekoa. Sinn Féinen egin ditu Kearneyk ordutik gaur artekoak, eta herrialdeak zein alderdiak azken hamarkadotan bizi izandako mugarri garrantzitsuenen testigu bilakatu da. Gertutik bizi izan zuen politikari irlandarrak (legebiltzarkidea da egun, Stormonteko Biltzarrean) bake prozesuaren bilakaera, bai eta Ostiral Santuko Akordioa egikaritzea ere. “Erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu mugimendu errepublikanoak. Ausarta izan da Sinn Féin hartu izan dituen iniziatiba eta arriskuekin”.

 

25 urte igaro dira Ostiral Santuko Akordiotik. Zer ekarpen egin dio akordioak Irlandaren burujabetza prozesuari?

Akordioak prozesuari egiten dion ekarpen nagusia da Ipar Irlanda trantsizioan dagoen subjektutzat onartzen duela. Horrez gain, akordioak jasotzen du autodeterminazio eskubidea, 1920an uhartea zatitu zenetik ukatu izan zaion eskubidea, hain zuzen ere. Aipatu bi puntuak dira akordioak kualitatiboki egiten dituen ekarpen nagusiak. Horrez gain, etorkizun progresista eta plural baten aldeko mezua hedatzen du, berdintasunean eraikiko den etorkizun baten aldeko mezua, sektarismoa baztertuko duen etorkizun baten aldekoa.

Zentzu horretan, batasunerako erreferenduma egiteko aukerak indarra hartu du azken aldian, momentuma irabazi du, batez ere Brexitaren ostean, zeinak statu quo-a hankaz gora jarri duen, nola Irlandan hala Eskozian ere. Konstituzioan aldaketak egiteko aukera agenda politikoan sartu da. Errepublikazale izan edo ez, denak ari dira etorkizunak izan beharko lukeenari buruzko gogoeta egiten. Batasunerako erreferendumari data jarri behar zaion garaietan sartzera goaz, eta prest gaude horretarako. Ostiral Santuko Akordioa da horretan guztian giltzarri, hori baita erreferenduma ahalbidetzen duen mekanismoa.

 

Esan daiteke, beraz, mugimendu errepublikazaleak unionistak baino zuku gehiago atera diola Ostiral Santuko Akordioari.

Euskal Herrian harrapatu zuen Declan Kearney Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrenak. Elorrio (Gazte Topagunea) eta Iruñea (Aberri Eguna) izan zituen geltoki eta agertoki, Irlandak egun bizi duen egoeraren berri emateko parada izan baitzuen Sinn Féineko lehendakariak. EH Bilduk gonbidatuta, egungo egoeraz ez ezik, uhartearen iraganaz eta etorkizunaz ere aritu zen; izan ere, urteetako engaiamendu politikoak eskaintzen duen talaiatik aritzeko zilegitasuna irabazi du Kearneyk.

Kearney Antrim konderrian jaio zen (1964), eta familia errepublikano batean hazi eta hezi. Ondo gogoan dauka 70eko hamarkadan eskubide zibilen aldeko protestetara eraman zutenekoa, edota, gaztaro betean, 80ko hamarkadaren hastapenetan, gose grebalarien aldeko mugimenduan aktiboki engaiatu zenekoa. Sinn Féinen egin ditu Kearneyk ordutik gaur artekoak, eta herrialdeak zein alderdiak azken hamarkadotan bizi izandako mugarri garrantzitsuenen testigu bilakatu da.

 

«Plan bat behar da, bide orri bat, eta ez bakarrik aukeretan zehar nabigatzeko, haiek sortzeko ere bai»

 

Gertutik bizi izan zuen politikari irlandarrak (legebiltzarkidea da egun, Stormonteko Biltzarrean) bake prozesuaren bilakaera, bai eta Ostiral Santuko Akordioa egikaritzea ere. “Erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu mugimendu errepublikanoak. Ausarta izan da Sinn Féin hartu izan dituen iniziatiba eta arriskuekin”.

Gogoratu behar da unionismoaren zati handi batek baztertu egin zuela Ostiral Santuko Akordioa. Sektore horrek ez du inoiz onartu akordiotik eratorritako arkitektura juridiko eta instituzionala, eta, Stormonteko botere banaketan parte hartu badu, behartuta izan da, ez horretan sinesten dutelako. Irlandar errepublikanoentzat ezberdina da; guk arkitektura hori babesten dugu, uste dugulako erabaki zuzena dela. Gainera, uste dut plataforma horrek ahalbidetu digula aurrera egitea, eta euskarria eskaintzen duela konstituzioan aldaketak egiteko eta aldaketa horien nolakotasuna moldatzeko.

Ausartuko naiz esatera, gainera, aipatu dugun aldaketa konstituzionala Sinn Féinek gidatuko duela. Horrek aukera emango liguke berdinen arteko uhart bat eraikitzeko; eskubideetan oinarrituko litzatekeen uharte bat, zerbitzu publikoen gaineko kontrol demokratiko handia izango lukeena, eta gaur egun bazterretan aurkitzen diren gutxiengoak zentrora ekarriko lituzkeena.

 

Argazkiak. FOKU

 

Kanpotik begiratuta, ideiak garbi dituen eta urrats sendoak egiten ari den mugimendu errepublikanoa ikusten da.

Estrategia bat daukagu eta estrategia horretan oinarritu da gure jarduna azken hamarkadetan. Estrategia horrek bi oinarri ditu: batetik, balio eta ideia nazional eta demokratikoak hedatzea eta jendarteratzea, eta bestetik, mugimendu errepublikanoaren oinarriaren barruko kohesioa eta batasuna. Nelson Mandelak behinola esan zion Sinn Féineko zuzendaritzari hautesbarruti garrantzitsuena norberarena dela. Garrantzitsua da aliantzak eraikitzea, baina norberaren oinarria da gehien zaindu behar dena. Zentzu horretan, denbora asko inbertitu dugu gure oinarri sozialarekin kohesioa ziurtatu eta batasuna mantentze aldera. Horregatik izan gara kapaz egin ditugun urratsak egiteko.

Horrez gain, funtsezkoa da babes soziala eta elektorala handitzea ere, eta hori buruan egin du Sinn Féinek bere azken urteotako jarduna. Horregatik uste dut iritsi garela gaur, 2023an, Sinn Féin alderdi nagusi izatera uhartean, hego eta ipar, hala politikoki nola elektoralki ere. Mezu bat daukagu, jendeari erakargarria zaiona, eta inplementatzeko estrategia bat. Horrek eragin du azken urteetan gure aldeko babesa handitu izana.

 

Zein da estrategiaren garrantzia egun bizi ditugun garai mugitu eta likido hauetan?

Erabat beharrezkoa da. Estrategia bat izatea da modu bakarra sortzen diren aukeretan zehar nabigatzeko, edo babes soziala handitze aldera plataforma berriak sortzeko ere, eta are aldaketan interesatuak dauden, baina oraindik aldaketaren olatura igo ez diren horiek erakartzeko ere. Estrategia da hori guztia nola egin adierazten duen erreferentzia puntua. Finean, plan bat behar da, bide orri bat, eta ez bakarrik aukeretan zehar nabigatzeko, haiek sortzeko ere bai; ahaztu gabe momentu zailetan eta desafioen aurrean estrategiak hartzen duen garrantzia.

Esaterako, hamaika desafio ditugu guk ortzi mugan. Irlandaren batasuna da garrantzitsuena, eta, lorgarria izanagatik ere, esango nuke ez dela saihestu ezina. Beraz, ezin gara autokonplazente izan orain arte egindakoarekin. Eta autokonplazentzia erauzteko modu bakarra erreferentzia puntu hori izatea da, marko estrategiko hori izatea, etorkizuneko urratsak gidatuko dizkiguna, babes soziala handitzea ahalbidetuko diguna. Hori guztia da estrategia.

 

Nola egin du Sinn Féinek bere oinarri sozial tradizionaletik haragoko jendearengana iristeko eta haien babesa lortzeko?

Aldaketa erreal bat gauzatzea da gure plana. Aldaketa hori aurrerakoia, positiboa eta pluralista izango da, jende arruntarekin konektatuko du, eta onartuko du gaur eta hemen jendea egoera ekonomiko zaila bizitzen ari dela. Ulertzen dugu gure proiektu politikoak, gure politika publiko eta ordezkari publikoek, eta komunitatearen alde egiteko gure moduek nahitaez konektatu behar dutela egunerokoan jende arrunta bizitzen ari denarekin. Uste dut asmatu dugula uztartzen etorkizunarekiko bisio hori gaur eta hemen jendeak dituen beharrekin. Zentzu horretan, saritu gaituzte aldaketa erreal baten inguruan mezu positiboa eraikitzen asmatu dugulako. Gure emaitza elektoralak hobera doaz, eta hori hala da gizarte zibileko sektore anitz, gure oinarri sozial tradizionaletik at kokatzen diren sektoreak, identifikatuak sentitu direlako Sinn Féin planteatzen ari den mezuekin eta agendarekin.

 

Aipatu duzu batasunerako erreferenduma momentuma irabazten ari dela. Zein dira aipatutako galdeketa egiteko aukerak? Eta zein da bide horretan egiten ari zareten lana?

Lehenik eta behin, Gobernu britainiarrak data bat adostu beharko luke erreferenduma egiteko. Hori, bere horretan, sekulako desafioa da. Izan ere, gaurgaurkoz, Gobernu britainiarrari ez zaio halakorik interesatzen. Gainera, Gobernu irlandarrak, eragile klabea baita horretan guztian, ez du konpromiso proaktiborik hartzen batasunerako erreferenduma bultzatzeko beharrarekin.

Era beren, Brexitak utzitako irakaspenetatik ere ikasi behar dugu. Zeharo gaizki prestatua iritsi zen Gobernu britainiarra erreferendumera, eta horren aurretik izandako eztabaida ere ez zen batere egokia izan. Zentzu horretan, konstituzioari aldaketak egitearen gaineko eztabaida freskoa behar dugu, gizarte irlandar osoa gurutzatuko duena. Mundu guztia ari da afera horretaz hitz egiten, baina ez dago prozesu adosturik aipatu elkarrizketa nazionala egituratzeaz eta garatzeaz.

 

«Batasunerako erreferendumak aurrelanketa egokia eskatzen du, eta eskatzen du gauzak modu zuhur eta zentzudunean egitea. Prozesua motela eta pixkanakakoa izango da»

 

Argazkiak. FOKU

 

Nork gidatu beharko luke elkarrizketa nazional hori?

Gure ustetan, Gobernu irlandarrak zuzenean engaiatu beharko luke elkarrizketa gidatzeko, eta horregatik aldarrikatzen dugu Gobernu irlandarrak dagokion ardura hartu eta herritarren batzar batera deitu beharko lukeela. Herritarren batzarra arduratuko litzateke elkarrizketa nazionala egituratzeaz eta garatzeaz. Horrek Irlandako gizarteko sektore askotarikoak barnebilduko lituzke: alderdiak, enpresa komunitatea, langile mugimendua, maila lokaleko aktibismoa, eta abar. Gaur-gaurkoz, desafio nagusia da Gobernu irlandarrak dagokion ardura hartzea lortzea.

Batasunerako erreferendumak aurrelanketa egokia eskatzen du, eta eskatzen du modu zuhur eta zentzudunean egitea. Eztabaida informatua egin dadin nahi dugu: jendeak baliabideak izatea. Izan ere, behin data zehazten denean, eztabaidaren nolakotasuna aldatu egingo da, eta erreal bilakatu. Gero, irabaztea izango da desafioa. Beraz, prozesua motela eta pixkanakakoa izango da.

 

Noiz nahiko zenukete egitea erreferenduma?

Hamarkada honen amaiera baino lehenago nahiko genuke bozkatu. Horrek denbora nahikoa ematen digu epe motzean herritar batzarra osatzeko, eta elkarrizketa nazionala garatzeko etorkizuneko Irlandari buruz; herritarrak informatzen eta baliabidez hornitzen hasteko, erreferendumari data bat ezartzeko, eta, emaitza positiboa balitz, Irlanda batua eraikitzeari begira trantsizio fasea irekitzeko.

 

Nola ari dira egokitzen gainerako eragileak agertoki berri honetara?

Alderdien artean ezberdintasunak daude, batez ere perspektibari eta denborei dagokienez. Baina, esaterako, enpresa mundua batasunerako prestatzen ari da, eta langile mugimenduak ere onartzen du haiek ere izan behar dutela etorkizuneko eztabaidaren parte. Horiek aldaketa nabarmenak dira. Akademian ere lan akademiko mardula ari da sortzen etorkizuna modelatzeko. Hori guztia ari da jazotzen, iraganean ez bezala. Gizarte irlandarraren pilare nagusiak sartuak daude etorkizuneko Irlandaren gaineko eztabaidan.

 

Esaten da norbera non dagoen ebaluatzeko bi galdera egin behar dizkiola nork bere buruari: hasieran baino gehiago edo gutxiago gara? Eta hurbilago edo urrunago gaude gure helburuetatik? Non dago Sinn Féin horretan guztian?

Ez gara inoiz hain gertu egon Irlandaren batasun eta independentziatik, eta inoiz baino indartsuagoak gara. Are gehiago, gizarte irlandarrean, uhartearen batasunaren aldeko momentuma inoiz baino hobea da: mugimendu errepublikanoaz gaindi, Sinn Féinen oinarri sozial tradizionaletik at, ez da inoiz gaur adina konprometitua egon aldaketa errealaren aldeko politikekin.

 

«Uste dut asmatu dugula uztartzen etorkizunarekiko bisio hori gaur eta hemen jendeak dituen beharrekin»

 

Baduzu gomendiorik zuek bezala beren herrien askatasun nazional eta sozialaren alde lanean diharduten mugimenduentzat?

Ez naiz ni inor beste mugimendu edo herrialde batzuei haien borrokari buruzko gomendiorik emateko. Baina uste dut badirela printzipio unibertsal eta betiereko batzuk, edozein borrokari aplikatzeko moduak direnak; esaterako, helburu zehatzak ezartzea, edota borrokaren beraren garapena neurtzeko neurgailu egokiak erabiltzea. Adibidez, gure kasuan, lurralde batasuna erdietsi nahi dugu autodeterminazio eskubidea egikaritzearen bitartez, baina azken helburua irlandar errepublika sozialista eraikitzea da. Horrek guztiak, baina, babes soziala eraikitzeko norberak daukan gaitasunarekin egiten du topo, eta babes sozialak estrategikoki garatua behar du izan. Helburu estrategiko konkretuak ezarri behar dira borroka gaur egungo puntutik eraman nahi dugun puntura gidatzeko. Babes sozial hori, baina, indar harreman politikoan eragiteko behar da erabili, elektoralki, instituzio politikoen baitan.

Horrek guztiak konpromiso politikoa eskatzen du, eta are egun aurkari ditugun horiekin ere konprometitzea, komunak izan daitezkeen interesak identifikatzeko. Aliantzak, beraz, giltzarri dira edozein borrokatan, eta zintzotasunez eta benetako konpromiso politikoz eraiki behar dira. Funtsean, jendearen imajinazioa astindu behar da egin daitekeenaren inguruan, eta hori jendearen eguneroko arazo errealekin konektatu, momentuma bilatu eta denboran mantentzeko.