ERREPORTAJEAK

Erria

Ze polizia dugu? Ordenaren zaindarien desordena

2021-07-06

Auzi batzuei patxadaz begiratzea konplikatua izaten da, bizipenek gorputzak zeharkatzen dizkigute eta posizio gotortuak indartzen dira. Horietako bat da poliziaren auzia. Segurtasuna eta polizia auzi arantzatsuak izan ohi dira ezker eraldatzaileentzat. Baina gurea nazio askapenerako mugimendua izanik, ezinbestean heldu beharreko enborra da, arantzek eskuak ziztatzen badituzte ere. Erreportaje honen asmoa, gaur Euskal Herrian ditugun polizia autonomikoen ereduen analisi bat egitea da, jakinik ez dela osoa eta ertz gehiago dituen eremua dela.


Argazkiak. FOKU eta Joseba Benito del Valle

 

Segurtasunaren ikuspegi murritza eta gobernu eredu autoritarioak

1980ko hamarkadan Estatu Batuetan “leiho hautsien teoria” gisa ezagutzen den esperimentua gauzatu zen. Teoria horren arabera, hiri, auzo edo kale bateko desordenak lotura zuzena du delituarekiko beldurrarekin. Inguru urbanoak baldintza onetan mantentzeak, bandalismo eta kriminalitate tasa txikitzen du. Denbora luzez aparkatuta dagoen auto bati leiho bat hautsi eta egun gutxiren buruan konpontzen ez bada, hurrena beste kristal bat hautsiko diote, ondoren gurpilak zulatu, motorreko piezak ebatsi... autoa desegin arte. Aldiz, leihoa konpondu ezkero, gainontzeko guztia ez litzateke gertatuko.

Adibide horrekin prebentzio politikek duten garrantzia azpimarratu nahi da. Egun agintarien artean gailendu den segurtasunaren ikuspuntu autoritario eta neoliberalak, neurri errepresiboetan, indarrean eta zigorrean jarri du arreta, prebentziorako inteligentzian jarri beharrean. Gainera, segurtasunaren auzia kaleko kriminalitatera mugatzen dute. Zerbaitengatik daude kartzelak pobrez beteta eta ez marrazoz.

Agenda sekurokrataren adibide gordinak dira Iñaki Azkuna eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. “Legea betetzeko da”, “zero tolerantzia”, “egiten duenak ordaindu egiten du” eta “guerra al navajero” bezalako adierazpenetan laburbildu daiteke politika autoritario hori. Horren arabera, segurtasunaren auzia prebentzioan ez, polizia gehiago eta hobeto armatuak izatean datza.

 

«Prebentzioaren ikuspuntutik, segurtasuna ez da poliziaren auzia soilik. Bestelako diziplinek zeharkatzen duten auzia da.»

 

Ikuspuntu punitibo horrek, arazoak konpondu beharrean larriagotu egiten ditu ordea. Helburua delituaren unea eta zigor judizialaren arteko aldea ahalik eta txikiena izatea da; berdin dio zer nolako arau haustea egin den, ez da testuingurua kontuan hartzen. Pertsona hori bergizarteratzeko bideak eskaini beharrean, zigorrak delituen errepikapenaren espiralean sartzera bultzatu lezake.

Prebentzioaren ikuspuntutik, segurtasuna ez da poliziaren auzia soilik. Bestelako diziplinek zeharkatzen duten auzia da: hirigintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ongizatea eta feminismoa besteak beste. Batetik, neoliberalismoak areagotzen dituen ezberdintasun sozialak eta ekonomikoak baitaude delitu askoren oinarrian. Bestetik, patriarkatuak eragindako eraso matxistak daude, gizon txuri hegemonikoa ez den pertsona ororen aurkako biolentzia egiturazkoa.

 

Ertzaintza eta Foruzaingoa, polizia integralak?

Sarri entzun izan ditugu Eusko Jaurlaritzako agintariak Ertzaintza polizia integrala dela aldarrikatzen, baina hala al da? Poliziaren integraltasun hori, masak kontrolatzeko unitatea edo brigada mugikor gisa ezagutzen dena izatearekin lotu izan dute.

Hasteko, Euskal Herriko poliziak integralak izatetik urrun daude ordea. Ipar Euskal Herrian ez dago bertako polizia unitaterik, udaltzainez harago. Ertzaintzak eta Foruzaingoak ere gaur egun ez daukate lurraldearen kontrol erabatekorik. Segurtasun publikoa Espainiar Konstituzioaren arabera, Estatuaren eskumenekoa da nahiz eta botere autonomikoarekin banatzen den eskumen sorta bat dagoen. Aldiz, ez dago polizia autonomikoen eskumen esklusiborik, bai ordea Estatuaren segurtasun indarren eskumen esklusiboak. Horrek polizien eskumenen kudeaketaren argazki erabat kaotikoa ematen digu.

Adibide praktiko batera joz, Guardia Zibilak zein espainiar Polizia Nazionalak nahi dutenean jarri ditzakete errepide kontrolak, Segurtasun Sailei abisurik pasa gabe. Eusko Jaurlaritzak berak salatu du espainiar segurtasun indarrek azken aldian, ikusgarritasun handiagoa izateko xedez, euskal administrazioenak diren zenbait konpetentziatan muturra sartzen ari direla. Lurraldearen kontrolerako funtsezkoak diren mugen kontrola, aire espazioa eta itsas erreskateak espainiar eta frantziar polizien esku daude. Polizia Judizialaren unitate Organikoa ere estatuko polizia indarren eskuetan dago.

 

«Ertzaintzak eta Foruzaingoak gaur egun ez daukate lurraldearen kontrol erabaterkorik. Segurtasun publikoa Espainiar Konstituzioaren arabera, Estatuaren eskumenekoa da.»

 

Horrez gain, etorkizun hurbilean gero eta garrantzia handiagoa izango duten hainbat unitate espezializatu Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren esku daude. Esanguratsua da, esaterako, ingurumen delituen kasuan ia eskumenik ez duela Ertzaintzak eta ez da ageri egungo gobernuaren lehentasunen artean. Talde ekologistek halakoetan Sepronarekin egiten dute lan. Antzera gertatzen da delitu informatikoekin (pederastia eta antzeko delituak barne) eta delitu ekonomikoekin (ustelkeria kasuak eta abar).

Nafarroan egoera are okerragoa da. Foru Erkidegoak duen autogobernu maila kontuan izanda, ez da Foruzaingoa Polizia Integrala izateko garapen egokirik eman besteak beste eskuinak ez duelako nahi izan. Funtzioen bikoizketa orokorra da eta Foruzaingoaren eskuduntzak eta efektibo kopurua handitzen ez diren bitartean, espainiar Estatuko segurtasun indarrek betetzen dituzte de facto funtzio horiek. Egun Nafarroa Garaian 1080 Foruzain daude, 1700 Guardia Zibil eta 700 Polizia Nazional 650 dira udaltzainak baina 270etik 15 herrik soilik dituzte polizia propioak. Gainontzeko udalerriak, txikiak izanik, ez dute gaitasunik segurtasun zerbitzua eskaintzeko eta beraz Foruzainek edo Guardia Zibilak betetzen dituzte funtzio horiek.

 

«Ingurumen delituen kasuan ia eskumenik ez du Ertzaintzak eta ez da ageri egungo gobernuaren lehentasunen artean.»

 

2011n Foruzain kopurua 2200 efektibora igotzea adostu zen. Aldaketaren gobernuak hiritarren segurtasuna, ikuskizun publikoak, ingurumena eta trafikoaren eskumenak, besteak beste, modu esklusiboan eskuratzea planteatu zion Espainiako Gobernuari baina ez zuen erantzunik jaso. Estatuaren aldetik eskumenen inbasioa etengabea da EAEn bezala. Bide segurtasunarena aldarrikapen historikoa da Nafarroan. Guadia Zibilaren trafiko unitatea egitatez ezarri zuen frankismoak 1959an. 2018an trafiko eskumenaren esklusibitatea Foruzainei ematearekin batera, pasarela poliziala ezarri zen. Hala, institutu armatuko trafiko unitateko agenteek zuzenean Foruzaingora pasatzeko aukera izango lukete. Momentuz ez da gauzatu arazo ekonomiko bat tarteko. Izan ere, Guardia Zibilak baldintza ekonomiko hobeak ditu Nafarroako poliziak baino.

EH Bilduren esanetan, eskumenen esklusibitatea eta Foruzain kopurua 1500-1700 efektibora igotzea, Estatuko segurtasun indarren erretiratzearekin batera gauzatu behar da.

Bestetik, kriminalitate tasa oso txikia izanda ere, Euskal Herriak Europako polizia ratiorik handienetakoa izaten jarraitzen du, 7 polizia mila biztanleko. Montenegroren ostean (8,8) ratio handiena da, Europako bataz bestekoa 3 poliziakoa denean mila biztanleko. Are, iparraldeko herrialdeetan 1,5ekoa da. 20.000 polizia daude Euskal Herrian, Europako batez bestekoaren arabera, 6000 aski liratekeenean.

 

Arkauteko akademia eta trokeleko poliziak

Bi polizia eredu unibertsal daude; “postaria” eta “suhiltzailea”. Lehena, gertukoa da eta prebentzioan jartzen du indarra. Bigarrenak, iritsi, sua itzali eta ospa egiten du ondorioei erreparatu gabe. Lehenak, arazoen aurrean, eskuak gorputzetik aurreratu eta mediaziorako borondatea azalduko du. Bigarrenak eskua zuzenean gerriko borrara edo pistolara eramango du. Argi dago hemengo agintariek zeren alde egin duten.

Ertzaintza ez da euskal jendartearen isla. Ze jende mota sartzen da egun polizian? Zein dira agente bat “gai” jotzeko irizpideak? Ikasleek proba ezberdinak gainditu behar izaten dituzte. Atal psikoteknikoan, inteligentzia neurtzen duten probak daude batetik. Nortasuna neurtzen duten probak daude bestetik. Gardentasun falta izugarria da; ez dute inoiz esan ze perfil bilatzen diren eta ze irizpideren arabera hartzen den “gai” agente bat.

 

«Gardentasun falta izugarria da; ez dute inoiz esan ze perfil bilatzen diren eta ze irizpideren arabera hartzen den "gai" agente bat.»

 

Polemikoena, ordea, soziograma deritzon froga da. Akademiaren ereduan oinarrituta dago eta salatari izatea da bere funtsa. Guztira 300 puntu atera daitezkeen lau bloke dira. Horien artean, norbere ikaskideen iritziek 65 puntu balio dute. Ikasleei galdetzen zaie norekin patruilatuko luketen, norekin ez lioketen aurre egingo arrisku egoera bati eta abar. Ertzaintzako ahots kritikoek esan izan dute proba horrek kide jakinei kalte egiteko “aliantza perbertsoak” eratzen dituela. Halako zerbait gertatu zen XXVII. promozioan bi neskarekin. ELAk salatu zuenez, “gauza larriak” ari ziren gertatzen eta zuzendu ezean generoagatiko edo hautu sexualagatiko diskriminazio kasuak gerta zitezkeen. Akademiak ez zuen neurririk hartu eta azkenean, kideen iritziengatiko puntuazioa medio, bi neska “ez gai” gisa kalifikatu zituzten lesbianak izateagatik. Sindikatuak salatu du soziograma, “korporatibismoa eta kideen arteko mesfidantza elikatzen duen eta poliziagaien isilpeko ezabapena bilatzen duen ‘gran hermano’ modukoa dela eta generoa, aniztasun sexuala, jatorri politikoa eta abarrengatiko diskriminazio joera ekar dezakeela.” Beraz, akademia ez, eskola da behar dena.

Bestetik, legeak erakusten dira, arau horiek nola aplikatu ez ordea. Legearen interpretazio estu eta itxiak arazoak areagotu egin ditzake, pandemian behin baino gehiagotan ikusi dugunez. Gertutasuna eta enpatia bilatze aldera eta zigorraren kulturatik aldentzeko, ezinbestekoa da arauak testuinguruan jarri eta unearen arabera, pertsonen egoeraren arabera malgutasunez jokatzen jakitea. Bi printzipio mota daude: legezkotasun printzipioa, zuzenbide erromatarrean oinarritua. Legea betetzeko da eta kito. Bestea, abagunearen printzipioa; pertsona eta testuingurua aztertzen da, zigorra jartzea okerrago izan daitekeelako. Bigarren hau aplikatzean poliziak zentzuz jokatzen du. Glasgowko poliziak hala egin zuen esaterako, etorkin batzuk kanporatzeko atxilotu zituenean. Ehunka herritarrek etorkinak ez kanporatzeko herri harresia eraiki zuten. Poliziak, bortizki kargatu beharrean arazoa areagotuz, alde egitea erabaki zuen. Abagunearen printzipioa. Ertzaintzak jarrera bera izan zuen Athleticeko zein Realeko jokalariak euren entrenamendu zelaietatik finala jokatzeko irten zirenean edo martxoaren 8an Tubacexeko langileek eta mugimendu feministak egindako eserialdian. Ez aldiz, langile horiek berak Eusko Legebiltzarrera joan zirenean edo Ernairen mobilizazioetan, esaterako.

 

«Ertzaintzako ahots kritikoek esan izan dute soziogramak kide jakinei kalte egiteko "aliantza perbertsoak" eratzen dituela»

 

Ezker abertzale ilegalizatuarekin, Rodolfo Ares Segurtasun Sailburu zela, 15/2012 Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko legea onartu zuen EAEko Legebiltzarrak. Hor, Euskal Herriko Poliziaren Akademia zena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia bilakatu zen. Arkauten zentralizatu zituzten segurtasunarekin zerikusia duten zerbitzuak eta ikastaroak: ertzaintza, udaltzaingoa, suhiltzaileak, larrialdi zerbitzuak, suzko zezenak, basozaintza, segurtasun pribatuko langileak eta babes zibilekoak besteak beste. Antzeko zerbait egin zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean polizia eskola, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola bilakatuta.

2012ko lege horretan bertan hartutako beste neurri batzuekin batera, segurtasunarekin lotutako eremu guztiak zentralizatu zituzten, antolaketan eta kudeaketan Segurtasun Sailari zentralitate osoa emanez eta udalei eskumenak kenduz; EAJ eta PSEk abian jarri dute Udaltzaingoaren Miñonizazio prozesua. Ikastaroen kalitatean beherakada handia gertatu da horren ondorioz, babes zibileko boluntariotzari ere eraginez. Erabaki horren atzean ordea, poliziaren eta babes zibilaren gaineko kontrol osoa izateko desioa dago eta kontrol hori, akademiatik hasten da. Horrek, gertuko polizia izatearen ikuspegian, arazoak eragin ditu ordea.

 

Gertuko polizia?

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak egindako 2013-2016 Plan Estrategikoak ez zuen ezta lehen ardatza ere bete: errekonozimendu sozial eta profesional handia lortzea, hurbiltasun eta eraginkortasunagatik.

Azken urteetan EAJk zein PSEk hartutako erabaki guztiek, polizia herritarrengana hurbildu baino, urrundu egin dute. Ez Ertzaintza bakarrik, baita udaltzaingoa ere. Ertzaintzan, makrokomisaldegien eredua sustatu dute, erabakiguneak lausotuz eta kontrol politikoari eta herritarrari hesiak jarriz. 2012ko legean, eremuko Ertzaintzako Nagusia, herriko udaltzainburua eta alkatea biltzen zituzten Tokiko Segurtasun Kontseiluak desegin zituzten. Herritarrek ere parte hartu zezaketen, euren kexak azaltzeko. Kontseilu horiek, egin beharreko operazioen kudeaketa irizpide politiko batzuen arabera egitea ahalbidetzen zuen.

 

«Azken urteetan EAJk zein PSEk hartutako erabaki guztiek, polizia herritarrengana hurbildu baino, urrundu egin dute.»

 

Egun, Tokiko Polizia-Koordinaziorako Batzordea dago. Marko hori Ertzaintzako zuzendaritzak deitu dezake, edo bi alkatek. Horrek ertzainak boteretzen ditu eta alkateei eskumenak kendu. Ertzainen gaineko kontrola txikitzen du, nahi dutena egiten dute eta kontu emateak lausotu.

Bestetik, makrokomisaldegien eredu horren ondorioz, ertzainak gaur Ondarroako komisaldegitik Gernikara doaz, Azkoitiakotik Zarautzera, Bergarakotik Zumarragara eta gainera egun bakoitzean agente ezberdinak bidaliko dituzte herri bakoitzera. Beraz, herri bakoitzeko jendearen eta idiosinkrasiaren ze ezagutza dago hor? Ze gertutasun? Eskasa.

Arkauten ertzainen eta udaltzainen formazioa zentralizatzeko hartutako erabakiak ere bere ondorioak ditu, herri txikien kaltetan batez ere. Udalek hautatu egin dezakete Enplegu Publikorako Eskaintza propioak antolatu nahi dituzten udaltzainak hautatzeko, edo Arkautetik bideratu nahi duten. Arkauteko deialdietan izena ematen duten gehienak Bilbo handiko gazteak dira. Behin polizia gisa gaituta, agenteek libre dauden plazen arabera hautatu dezakete nora joan nahi duten ertzain edo udaltzain gisa. Lehenengo Bilbo hautatzen dute gehinek. Bigarren aukera gisa beste herri handi batzuk dira erakargarrienak: Getxo, Durango, Gasteiz... Herri txikietako plazak sekula ez dira betetzen. Plazak bete ahala erortzen joango dira, azkenean batere interesatzen ez zaien herri txiki batean amaitu arte lanean, hurrengo enplegu publikoko eskaintza batean mugituko den esperantzaz. Edo ertzain izan nahi zuen batek udaltzain amaituko du, berak nahi zuen herrian geratzeko aukera hori zuelako, edo udaltzain izan nahi zuen batek ertzain amaituko du arrazoi beragatik. Horren ondorioz, udaltzain izateko bokazioa duten perfil jakin bateko gazteek, uko egiten diote aurkezteari.

 

«Arkauten ertzainen eta udaltzainen formazioa zentralizatzeko hartutako erabakiak ere bere ondorioak ditu, herri txikien kaltetan, batez ere.»

 

Hizkuntza eskakizunek ere berebiziko garrantzia dute gertutasunaren ikuspuntutik. Gaur egun, Nafarroan ez dago euskararen ezagutza eskakizunik. B2 maila eskatzen da EAEn plaza perfilatuetan (erdiak gutxi gora behera). Beste erdietan, ez da eskatzen euskara jakitea, nahiz eta puntuak ematen dituen. C1 maila nahitaezkoa jarriko balitz, hizkuntza eskubideen defentsan aurrera urrats izugarria emateaz gain, polizian sartzen direnen perfila ere asko aldatuko litzateke.

 

Polizia militarizatuak

Segurtasunaren ulerkera sekurokratak eta disidentzia politikoaren aurkako borrokak poliziaren militarizazioa bultzatu du. Hasi uniformeen itxuratik eta armen erabilerara. Beste herrialde batzuetan ez bezala, Euskal Herrian polizia guztiek armak eramateko joera gero eta handiagoa da. Hala egiten dute ertzain guztiek, eta 2012az geroztik, udaltzaingoak ere arrisku bera du. Ordutik, Segurtasun Sailak dekretu bidez agindu dezake udaltzainek ze uniforme erabili behar duten, ze arma eta abar, nahiz eta, uniformearen kasuan ez den derrigorrezkoa dekretua betetzea, Donostia kontra atera zelako. Europako beste herrialde batzuetan suzko armen erabilera murrizteko joera dagoen bitartean, hemen kontrako norabidea daramate agintariek. Udaltzainen suzko armen dekretua lantzen ari da EAEko Segurtasun Saila. Armak eman nahi zaizkie tokiko idiosinkrasia, kriminalitate tasa eta abar kontuan izan gabe.

 

Brigada Mugikorra. Zer egin?

Arazo handia du herri honek Ertzaintzaren Brigada Mugikorra edo “Beltzekin”. Gatazka politikoaren urterik gordinenetan ikusi zen haien bortizkeria. 2012an, Iñigo Cabacasekin gertatu zena ere denok dugu gogoan. Aldiz, ez da inongo depuraziorik ez ardura hartzerik izan. Korporatibismoz elkar babestuz omertá aplikatu dute eta hala polizia gehiegikerietarako inpunitatea areagotu. Urteen poderioz, gero eta munstro handiagoa elikatu dute agintariek eta udaltzainetan ere halako unitateak sortzeko tentazioa handia izaten da, nahiz eta eskumenik ez izan.

Azken urteetan nabaria izan da unitate espezializatu horretan ultraeskuineko elementuen infiltrazioa. Hor daude, esaterako, “Eskerrik Asko” bezalako elkarte españolista eta ultrak. Segurtasun Sailaren baimenaren aurka, hildako kideei omenaldiak eginez, Segurtasun Sailari nork agintzen duen argi uzteko. Deigarria da unitate hau handitu eta handitu ibili diren bitartean, nola beste unitate espezializatu batzuetan murrizketak egin dituzten: salbamendu unitatean gaueko txandak kenduz, adibidez.

 

«Europako beste herrialde batzuetan suzko armen erabilera murrizteko joera dagoen bitartean, hemen kontrako norabidea daramate agintariek.»

 

Galdera handira egin beharra dago. Beharrezkoa al da halako unitate bat polizia integrala izateko? Badira herrialdeak halako unitaterik ez dutenak edo desegin dituztenak (Eskozia, Quebec, Irlanda...) edo unitate askoz txikiagoak dituztenak. Masen kontrolerako, pilotakadak eta bortizkeria ez diren estrategiak baliatu daitezke. Bitartekaritza unitate indartsu eta eskumenez hornitu batekin, inteligentzia baliatuz, egoerak aurreikusi eta eragile inplikatuekin hitz eginez alternatibak aurkitu daitezke, jokabideak adostu... Edozein kasutan, izatekotan bestelako agente perfilez osatua izan beharko luke; enpatikoa, eragileengana hurbiltzeko gaitasuna duena, elkar ezagutza sustatuz. Manifestarien artean “oreinak” ikusten dituenak ez du balio horretarako, noski, ezta “10 minutu dituzue eta bestela kargatu egingo dugu” bitartekaritza egitea dela uste duenak ere.

 

Gatazka politikoak zipriztindutako polizia eredua

Egun dugun polizia eredua aztertzeko ezin da albo batera utzi gatazka politiko-armatu baten ondorio ere badela egun dugun hau. Horren ondorio da gaur oraindik Espainiako Segurtasun Indarrek mantentzen duten presentzia. Elkarren jopuntuan egon dira ETA eta Ertzaintza ere.

Guzti hori alboratu gabe, borroka armatua behin betiko amaitu eta hamarkada batera, polizia ereduari dagokionez zein egoeratan gauden begiratzea da auzia. Zoritxarrez, gatazka klabeetan jarraitzen duen polizia eredua da Ertzaintza. Euskal jendarteko sektore jakin batzuekiko fijazioa eta kriminalizazioa nabarmenak dira.

 

«Zoritxarrez, gatazka klabeetan jarraitzen duen polizia eredua da Ertzaintza.»

 

Urte guzti hauetan ez da polizia ereduaren inguruko inolako berrikuspenik egin, ez bada inpunitatean sakondu. Sindikatu profesionalek duten jarrera sektarioa eta agintea arazo potoloak dira polizia demokratizatzeko [irakurri ¿quién manda actualmente en la Ertzaintza? artikulua]. Cabacas auziaren ondoren, EAJ eta PSEk aukera paregabea izan zuten gauzak aldatzeko, baina ez ziren ausartu. Ordutik, indartu egin zaie ertzaintzako zenbait sektoreri edozer eginda ere, ezer gertatuko ez zaienaren ustea.

Gardentasun falta ere itzela da. Erandioko eta Oiartzungo makrokomisaldegietan leihoak ireki behar dira. Zertan ari diren fiskalizatu behar da. Euren jergan “Bermudetako Trianguloa” deitzen diete. Hor sartzen zara eta ez dakizu zer gertatzen den.

Depuraziorik ez da egin, baina ezinbestekoa da polizia demokratizatuko bada. Gainontzean, trantsizioan segurtasun indar espainiarrekin gertatu zena gertatu daiteke orain Ertzaintzan; zezenari adarretatik ez heltzeagatik, epe ertain edo luzera arazo izugarriaren aurrean aurki gintezke. Edo hobe esanda, arazo izugarriaren aurrean gaude jada, eta hori Eusko Jaurlaritzak badaki, nahiz eta aitortu nahi ez izan.

 


  • Gatazka politikoak zipriztindutako polizia da Ertzaintza. Gaur, oraindik, inpune jarraitzen duten auziak daude. Iñaki Gonzalo, Urtza Alkorta eta Gaizka Gañan ageri dira argazkian, Ertzaintzak torturatuak hirurak. Euskal Memoria elkarteak egindako ikerketaren arabera 407 pertsona torturatu ditu polizia autonomikoak. Eusko Jaurlaritzak egindako txostenaren arabera 336 dira, baina ez du horien aitortza ofizialerako eta erreparaziorako urratsik eman. Ertzaintzaren bortizkeriaren ondorioz hildako pertsonen kasuek edota berek hildako ETAko militanteenek ere argitu gabe jarraitzen dute.