ERREPORTAJEAK

Haimar Altuna Ijurko eta Aiora Epelde Agirre

Sortuko kideak

Indarkeria matxistaren aurrean eraldaketarako tresna

2021-07-06

​​​​​​​Indarkeria matxisten kasuen kudeaketarako Barne Protokoloa urte eta erdiz luzatu den prozesu sakon baten emaitza da. Urrats eta ekarpen kualitatibo handia egin duen tresna da, eratze prozesua bera sakona izan zelako. Arakatzea, murgiltzea, tripetara arte heltzea, kontraesanei parez pare begiratzea eskatu zuen.


Argazkiak. FOKU

 

20 urte badira Ezker Abertzalea mugimendu gisa eraso sexistei aurre egiteko protokolo ezberdinak garatzen hasi zenetik. Ibilbide luzea du beraz horretan. Baina ibiliaren ibiliak eskatzen duen moduan, ibilitakoaren, momentuko errealitatearen eta geure buruen behar berriei erreparatzeko momentua ere heldu zen. Hausnarketa eta partekatze prozesu bati ekin genion, beraz 2018an, Ernai, LAB eta Sortuko hainbat emakumek, feminismoan aditu eta arituak diren hainbat emakumerekin batera.

Prozesua abiatzerakoan, honako bi gako hauek hartu zuten indarra. Batetik, gure ibilbide propioak; ibilbide horrek gure kontzientzia hartze propioan izan duen eragina eta gure esperientzia eta bizipen propioek azaleratzen zituzten argi-ilunak, ongi eginak eta zailtasun edo eta ezinak. Bestetik, Euskal Herriko mugimendu feministak justizia erreparatzaile ez punitibistaren eta eraldaketa oso baten alde egin duen ekarpen mardulak, eta horrek gu busti gaituen modua. Beraz, bagenekien bi osagai hauen nahasketaz erantzun berri bat eman behar zuen tresna bat osatu behar genuela, hori izan zen helburu nagusia.

 

«Paradigma berri baten aurrean kokatzen gaituen tresna eraldatzaile, berritzaile eta koherente bat sortu dugu, aitzindaria den tresna.»

 

Uste dugu ongi bete dugula helburua, paradigma berri baten aurrean kokatzen gaituen tresna eraldatzaile, berritzaile eta koherente bat sortu dugula, aitzindaria den tresna.

Indarkeria matxisten kasuen kudeaketarako Barne Protokoloa ez da zerbait isolatua, aitzitik, geure buruak feminismotik eraldatzea helburu duen Plan Feministaren baitan kokatzen da, eta eraldaketa integral baterako ekarpena egin nahi du. Azken helburuetako bat, Ezker Abertzalea indarkeria matxistarik gabeko espazio aske eta erosoa bilakatzea bailitzateke.

 

«Geure buruak feminismotik eraldatzea helburu duen Plan Feministaren baitan kokatzen da, eta eraldaketa integral baterako ekarpena egin nahi du.»

 

Beraz, protokoloaren ikuskera, filosofia, edukia eta lanketa, klabe eraldatzaile eta erreparatzaileetan oinarritutako prozesuak garatzeko borondatetik egiten dugu. Eta horretarako, ahalik eta kudeaketa koherente eta kolektiboenak osatu nahi ditugu.

 

Dimentsio pertsonala eta kolektiboa

Honen ildotik, jakin badakigu indarkeria-matxistak dimentsio politikoa eta pertsonala daukala, egiturazkoa, eta era berean, gure militantzian bizitzen duguna. Horregatik, Ezker Abertzaleko erakundeok geure agenda politikoen lehen lerroan jartzeko eta modu koherentean kudeatzeko konpromisoa hartu dugu protokolo honen bitartez.

Eta uste dugu, horretan egiten duela protokolo berrituak ekarpen berri handienetariko bat, Ezker Abertzalearen izate kolektibo horren baitan ematen diren eraso matxistekiko ardura eta erantzukizuna kolektibo horren gain kokatzean, hain zuzen ere. Indarkeria transistemiko edo egiturazko baten aurrean gaudela ulertuta, gure baitan ematen den indarkeria matxistari kolektiboki determinazioz begiratu eta gure baitatik desterratzeko giltza gugan soilik aurkitu dezakegula onartzetik egiten dugu. Guk soilik baitugu gure buruak, indibidualki eta kolektiboki, eraldatzeko gaitasuna edo ahalmena.

 

«Gehiegitan gertatzen zaigu oraindik, gure baitan eman den indarkeria matxista kasu bat identifikatzen ez jakitea, kokatzen ez jakitea edo eta egoki erantzuten ez jakitea.»

 

Horregatik planteatzen dugu hiru ardatzi erantzungo dioten prozesu integralak garatzea: erasoa jasan duenaren ardatzari, erasoa egin duenaren ardatzari eta ardatz kolektiboari edo komunitateari dagokion ardatzari, alegia.

Argi dugu indarkeria matxistak hartzen duen dimentsioa kontutan izanda, indarkeria matxista ematen den modua, eragiten duena eta sortzen duena ulertzeko, prebentzioa eta trebakuntza ezinbesteko tresnak izango ditugula. Gehiegitan gertatzen baitzaigu oraindik, gure baitan eman den indarkeria matxista kasu bat identifikatzen ez jakitea, kokatzen ez jakitea edo eta egoki erantzuten ez jakitea. Hau gaur gaurkoz, dugun jendarte eredua kontutan izanda, barne errealitate gisa normaltzat eman dezakegu, baina jendarte eredu hori eraldatzeko aspirazioa baldin badugu, gure buruak eraldatzetik hasi beste erremediorik ez dugu.

 

«Ezarritako genero-estereotipoak nahiz heteroaraua zalantzan jartzen duten pertsonek pairatzen dituzten indarkeriak ere aintzat hartzen ditugu.»

 

Eta horrek, aldaketa handia eskatzen du. Justizia feministak erakutsi bezala, gaur egungo justiziaren iruditeriak errudunaren zigorrean kokatzen gaitu, erantzukizun kolektiboan eta erasoa jasan duenaren babesean eta elkartasunean kokatu beharrean. Beraz, egindako minaren aitortzari eta erreparazioari nahiz berriro ez gertatzeko bermeak eraikitzeari bide emango dioten prozesuak garatu nahi izango ditugu guk.

Berriz diogu, horretarako prebentzioa eta trebakuntza feminista klabeak izango dira gure baitan.

 

Berrikuntza gehiago ere bai

Batetik, indarkeria sexista kasuei aurre egiten zien protokolo batetik, indarkeria matxista kasuei erantzun nahi dien protokolo batera pasa gara. Zer esan nahi du horrek? Begirada altxa eta indarkeria matxistak bere gain hartzen dituen indarkeria mota guztiei erantzun nahi diegula, hain zuzen ere. Hau da, indarkeria sexistaz gain (emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten indarkeria), ezarritako genero-estereotipoak nahiz heteroaraua zalantzan jartzen duten pertsonek pairatzen dituzten indarkeriak ere aintzat hartzen ditugula, eta beraz lesbofobia, homofobia eta transfobia kasuen aurrean ere protokoloa aplikatuko dugula.

Bestetik, indarkeria matxista nola ematen den ulertu eta eraso matxistei integraltasunez begiratu edo eta erreparatzeko erabakia hartu dugu. Eraso matxistak ez baitira kuspidean kokatzen diren eraso matxista kasu larri horiek soilik. Eraso matxistak, gure egunerokotasunean naturaltzat hartzen ditugun eraso matxista sotil horien eta eraso matxista bortitzenaren artean kokatzen diren izaera ezberdineko eraso mota guzti guzti horiek baitira. Eta eraso mota guztiei egoki eta modu eraldatzaile batean erantzuteko lagungarri izateko anbizioa du protokolo berrituak.

 

«Eraso mota guztiei egoki eta modu eraldatzaile batean erantzuteko lagungarri izateko anbizioa du protokolo berrituak.»

 

Protokoloak berak esaten duen moduan, erasoak izendatzea “maila pertsonalean eragiteko nahiz funtzionatzeko molde kolektiboa politizatzeko ariketa bat da. Gure ustez, jarrera matxistak izendatzea eta zerrendatzea ariketa feminista izateaz gain, kontzientzia hartze eta trebakuntzarako neurri bat ere bada. Ezker abertzaleko kideon arteko jokamoldeetan, harreman militanteetan, botere harremanetan, espazioen kudeaketetan, lanen banaketan, gure harreman pertsonaletan zein sentimentaletan izaten ditugun harreman motetan egon daitezkeen jarrera matxistak identifikatzeko ariketa da, agerian jartzeko; alegia, ikasitako eta, areago, naturalizatu ditugun jarrera hauek eraldatzeko, desegin eta beste berri batzuk eraikitzeko. Harremantzeko eta finean, izateko eta funtzionatzeko modu berriez ari gara, pertsonon garapena, askatasuna, autoestimua eta ahalduntzea erdigunean izango dituzten eta bultzatuko dituzten moduez, hain zuzen”.

Anbizio oso handia duen protokolo berritu baten aurrean gaude beraz.

 

«Jarrera matxistak izendatzea eta zerrendatzea ariketa feminista izateaz gain, kontzientzia hartze eta trebakuntzarako neurri bat ere bada.»

 

Batetik, justizia ulertzeko edo eta justizia egiteko paradigma aldaketa bat suposatzen duelako. Justizia eredu patriarkal punitibista baten aurrean, alternatiba justizia erreparatzaile eraldatzaile ez punitibista bat garatzea dela aldarrikatzen duelako.

Bestetik, egiturazkoa den zapalkuntza egoera bati, kolektiboaren ardura eta erantzukizunetik abordatzea ezartzen duelako, kolektiboak bere burua eraldatzeko duen gaitasuna eta determinazioa erdigunean jarriz, honek esan nahi duen guztiarekin: ahalduntze prozesuak garatzea eskatzen digun maila berean eskatzen baitigu deseraikitze prozesuak ere garatzea. Ulerturik pribilegiodun pertsonek pribilegiorik ez dituztenekin espazioa partekatzen dutenean era ezberdinetara indarkeria ematen dela, ikas dezagun, lehenik pribilegio horien kontzientzia hartzen, ondoren pribilegio horiek erabili egiten ditugula konturatzen eta aitortzen, eta azkenik pribilegio horiei uko egiten, horrela soilik egingo baitugu guztion eskubideen alde. Horrela soilik bihurtuko baikara gu eta egingo baititugu gure espazioak eroso eta aske.

 

«Justizia eredu patriarkal punitibista baten aurrean, alternatiba justizia erreparatzaile eraldatzaile ez punitibista bat garatzea dela aldarrikatzen du.»

 

Erronka potoloa dugu beraz esku artean, protokoloak berak biltzen duen filosofian trebatu behar dugu gure burua; eta ahalik eta sakontasun handienarekin, ahalik eta denbora gutxienean, praktikan jartzen ikasi behar dugu.

Aitzindaria den tresna politiko bat sortu dugu eta harro egoteko zerbait dela uste dugu.