ERREPORTAJEAK

Joseba Permach

Gorputz biluzien garaia

2018-09-29

Sarri esan ohi da publikoan hitz egin aurretik beldurra sentitzen baduzu, egokiena dela aurrekoak biluzik imajinatzea. Ez dut inoiz frogatu, baina primeran ulertzen dut esamoldearen esanahia: jantzirik gabe, biluzik, denon arteko egoera parekoagoa da, horizontalagoa eta, beraz, beldurraren tartea (bertikala izan ohi dena) murrizten da.

2008-09-16, Lehman Brothersen erorketa. Freelance argazkilariak, telebistako kazetariak eta satelitedun kamioiak bankuaren erorketaren berri ematen. / Patrick Stahl, CC BY-SA

Ekonomiaz dihardu artikulu honek eta, beraz, aurreko paragrafoaren zergatiaz galdetuko diozue zuen buruari. Zergatik? Bada, diskurtso ekonomikoaz jantzita aritzen diren aditu ekonomikoak biluzteko garaia badelako, erabiltzen duten hizkuntza arrotz horren azpian dagoena agerian uzteko unea delako. Finean, ekonomiaren eta herritarron artean harreman horizontalagoa eraikitzeko garaia eraiki beharra dagoelako, askeago biziko bagara bederen.

Beldurraren tartea bertikala dela aipatu dugu. Aitzitik, ekonomialarien diskurtsoak, gehienetan, hori besterik ez du helburu: ulertezina eta, ondorioz, irenstezina zaigun maila bat eraikitzea (irudikatzea), herri xehea, behean, beldurti eta babesik gabe gera dadin. Harira joz, hau da gure hipotesi nagusia: ekonomia, oro har, diskurtso arrotzez janzten da, herritarrok haren funtzionamendua ulertu ez dezagun eta, era berean, bizi garen sistemaren zapalkuntzak berezkoak eta aldaezinak direla sinestarazteko. Bidenabar, haren gainean eragiteko gaitasuna ere lapurtzen digute.


2016an Berria egunkarian eginiko elkarrizketan, Ha-Joon Chang Cambridgeko ekonomialari heterodoxoak horrela zioen: “ekonomia bizi dugun ordenu sozialaren ideologia bilakatu da” (Chang, 2016). Hau da, diskurtso ekonomiko nagusiak ideologiaren funtzio bera betetzen du egungo gizartean, hots, sistema kapitalista eta patriarkarraren legitimazioa. Diskurtso ekonomiko dominantea funtzionala zaio sistemari. Jakina, horregatik da hain garrantzitsua ikertzea, biluztea eta ezkutatu nahi duen hori agerian uztea.

Nola laburbildu daiteke diskurtso ekonomiko nagusiarekin herritarroi bideratzen zaigun mezua? Modu erraz eta ulergarrian azaltzeko, halako zerbait diosku: “ekonomia zientzia bat da. Zuk ezin duzu ekonomia ulertu, zientzia zaila delako. Baina ez duzu kezkatu beharrik, sistema kapitalista-patriarkarrak eta, zehazki, azken bertsioa den neoliberalismoak ez dutelako alternatibarik. Merkatu librea da berezkoa eta naturala den sistema bakarra; gainontzekoa utopia da, ameskeria”. Hori da ekonomialari gehienek janzten duten diskurtso arrotz eta ilunarekin adierazi ohi digutena eta berau naturaltzat hartuz, alternatibaren zerumuga ezabatzen saiatzen dira.

Baina, benetan, horrela al da? Lerrook horretaz hausnartzeko gonbitea izan nahi dute. Alta, egungo krisi ekonomikoaren harira erabili den diskurtsoari so egin aurretik, atzera egingo dugu haren sustraiak ezagutzeko.


Jantzirik gabe, biluzik, denon arteko egoera parekoagoa da, horizontalagoa eta, beraz, beldurraren tartea (bertikala izan ohi dena) murrizten da.


Gaur arte, liberalismo ekonomikoa izan da zientzia ekonomikoaren paradigma nagusia eta merkatu librea bere oinarria. Homo economicusa (uneoro erabaki arrazionalak hartzen dituen balizko pertsona-eredua) deritzon erreferentzia hartuta, pertsona bakoitzak bere interes propioa lehenetsi behar du eguneroko jardueran. Ondoren, merkatuaren esku ikusezinak eskaria eta eskaintzaren arteko bitartekaritza jorratuko du. Horrela, guztion mesederako den oreka bermatuko da, baita gizartearentzat garapen ekonomikoa ere. Halaber, esku ikusezinak bere lana ongi egingo duenez, liberalismo ekonomikoak estatuaren esku hartzea arbuiatuko du. Horra hor, beraz, labur-labur sistema kapitalistaren oinarri ideologikoan dagoen liberalismo ekonomikoaren bi zutabeak: merkatuak auto-arautzeko gaitasuna du eta, ondorioz, estatuak ahalik eta gutxien parte hartu behar du.


Europako Banku Zentralaren (EBZ) egoitza. / Solvency li Wire

Adam Smith izan zen liberalismo ekonomikoaren sortzailea. Hari zor diogu gaur arte iraun duen esku ikusezinaren metafora. Ekonomialarien diskurtsoa aztertzera goazen honetan, aipatu metafora kontuan hartzea ezinbestekoa da. Metaforek garrantzia handia dute gure eguneroko bizitzan, gure diskurtsoan eta, ondorioz, errealitatea bera interpretatzerakoan. Hala dio metaforen ikerkuntzan aditua den Blumenbergek: “Gizakia animal symbolicum bat da. Errealitatea menperatzeko, berau etengabe ordezkatzen eta irudikatzen du bestelako modu batez. Ulergaitza egiten zaionetik begirada baztertu eta ezaguna zaionari zuzenduko zaio” (Blumenberg, 1999:125).

Adam Smith ekonomialari gisa ezagutzen dugu gehienok. Ez da ezaguna, ordea, erretorikako irakaslea ere izan zenik. Horretan aditua izaki, Smithek ezin hobeto bete zuen Blumenberrek aipatutako ordezkapena, hots, ulergaitza suerta dakiguken merkatuaren mekanismoa esku ikusezinarekin estaltzea. Beraz, jainkoaren eskuak dena bedeinkatu eta erabakitzen zuen gizarte eredutik, esku ikusezinak dena gidatzen duenera igaro ginen. To zientzia!


Caja Madrid aurrezki kutxa Bankia bilakatu zen. Ondoa jo eta Espainiar Estatuak diru publikoz "erreskatatu zuen". Diru hori ez zaio sekula itzuli Estatuari.

Ekonomia, oro har, diskurtso arrotzez janzten da, herritarrok haren funtzionamendua ulertu ez dezagun eta, era berean, bizi garen sistemaren zapalkuntzak berezkoak eta aldaezinak direla sinestarazteko.


Eta zergatik iraun du hainbeste urte Smithen metaforak? Metaforetan adituak direnen ustetan bi arrazoi nagusiengatik: batetik eskua naturarekin (zehazki, anatomiarekin) zerikusia duen metafora bat delako eta halakoak funtzio ideologikoa betetzeko oso eraginkorrak direlako. Aurrerago sakonduko dugu horretan. Eta, bestetik, ikusezina delako. Bai, ekonomia gidatzen duen mekanismoa ikusezina dela esateak haren ikerketa zailtzen du.

Ikusezina den neurrian, ez dugu zertan saiatu berezkoa den eskaria eta eskaintzaren arteko orekatze prozesu hori ulertzen. Jainkoaren eskuak bezalaxe, esku ikusezinak ere izaera magikoa islatzen du eta, jakina, horrekin haren ulermena sinestera gonbidatzen gaitu, eta ez ulertzera.

Baina zer gertatzen da, benetan, errealitatean? Liberalismo ekonomikoaren diskurtsoak dioena dioela, esku ikusezinak ez du historian zehar inolako gaitasunik erakutsi merkatua orekatzeko. Marxek aspaldi iragarri bezala, kapitalismoa krisitik krisira doan sistema da, dela gainprodukzio krisiak eragiten dituelako edo dela finantza burbuilak sortzen dituelako. Ez gara orain horien azalpenetan luzatuko, bai ordea haien ondorietan.


2012, Lisboa. Troikaren aurkako mobilizazioa. "Fuck the Troika. We wants our lives back." / Pedro Ribeiro Simoes. CC BY 2.0

Krisiak etengabe eragiten dituen sistema ekonomikoak pobrezia, langabezia eta prekarietatea sortu, hedatu eta iraunkortzen ditu gehiengoarentzat; emakumeak lan erreproduktibora eta sektore prekarizatuetara kondenatzen ditu, gizartearen dualizazioa edo arrakala soziala egunetik egunera handiagotzen du, baliabide naturalak inolako kontrol eta bermerik gabe ustiatzen ditu eta iparraren garapena hegoaldearen miseriaren gainean eraikitzen da. Horrela izan da denbora luzez eta egoera hori areagotu eta larriagotu egin da azken hamarkadetako neoliberalismoren eta globalizazioaren ondorioz.

Nola da posible, beraz, halako krisiak eta ondorioak eragiten dituen sistema eraginkorra dela esatea? Nola da posible ekonomialari gehienen diskurtsoak sistema auzitan ez jartzea? Nola da posible, oraindik ere, ekonomiako fakultateetan inoiz betetzen ez den esku ikusezinaren mirarian oinarritutako azalpenak ematen jarraitzea?

Horren harira, Max Neef ekonomialari heterodoxo Txiletarrak hala dio: “Ekonomia zientzia balitz, ekonomialariak zientifikoen modura arituko lirateke. Hau da, ohartuz gero, teoria edo modelo batek ez duela funtzionatzen, berehala baztertu eta bestelako alternatiben bila joko lukete” (Max-Neef y Smith, 2011:5). Ez da hori, ordea, ekonomialari gehienek egiten dutena.


2013. Lisboan manifestazioa "Que se Lixe la Troika". / Bloco de Esquerda

Azken krisi sakon eta iraunkor honetan, adibidez, zer egin dute aditu ekonomiko gehienek esku ikusezinak (merkatu libreak) funtzionatzen ez duela agerian gelditu denean? Liberalismo ekonomikoaren gabeziak eta ezintasunak onartu beharrean, naturalizatuta eta fetitxizatuta (bizitza propioarekin) ageri den diskurtso bat berrasmatu dute. Zertarako? Sistema bera legitimatzen jarraitzeko.

Hamar urte pasatu dira, jada, krisiaren hasieratik eta hiru fasetan laburbilduko dugu adituek erabilitako diskurtsoa. Lehen fasean krisiaz hitz egin ziguten gertakari meteorologiko edo natural gisa. Finantza-tsunamiaz edo -turbulentziaz edo -lurrikaraz mintzatu ziren, krisia naturalizatzeko eta, jakina, gertatutako guztiaren arduradunak ezkutatzeko. Naturala bada, ez dago arduradunik. Lehenago aipatu dugu metafora naturalek duten eragin ideologiko garrantzitsua eta krisi honetan ere funtzio oso garrantzitsua bete dute. Berriz ere, merkatu libreak ez duela funtzionatzen agerian gelditu da, aitzitik, ekonomialari ortodoxoek hori onartu beharrean, naturaren metaforekin ezkutatu nahi izan dute esku ikusezinaren ezintasun guztiak.

Ondamendi naturalaren ondoren, diskurtsoaren bigarren fasea eraiki zuten. Zer dator ondamendiaren ondoren? Erreskatea, jakina, eta horrela legitimatu da, adibidez, esku publikoetatik pribatuetara inoiz egin den transferientziarik (lapurretarik) handiena, hots, bankuen erreskatea. Esan dugu liberalismo ekonomikoak estatuaren parte hartzea, teorikoki, arbuiatzen duela, baina ondamendiaren salbuespen egoeran estatuaren esku hartze iraunkorra bultzatu dute betiko liberalek, baita neoliberalek ere. Eta erreskatearen metafora nahikoa iruditu ez zaienean, ekonomia fetitxizatu eta bizitza eman diote, gaixorik dagoela esan eta berau salbatzeko interbentzio kirurjikoa eta errezetak defendatu dituzte. Horrela, metafora medikuak gailendu dira diskurtso ekonomikoan. Nork ukatuko dio laguntza eri dagoenari? Laguntza oro zilegi egitea izan da, beraz, metafora mota horren zeregina.

PSOEko ekonomiako arduraduna zenak, adibidez, hala zioen aipatu erreskate bankarioaren inguruan: “El Gobierno abrió en canal al sistema financiero para intervenirlo quirúrgicamente, pero aún no sabía ni cuales eran los órganos dañados ni el instrumental quirúrgico que disponía” (Rodríguez Piñeiro, 2012). Ekonomialaria da bera, mediku gisa hitz egiten duen arren. Sozialista da bera, bankuei oparitu zaien dirutza kontutan hartuta, neoliberala dirudien arren.

Azkenik, krisiaren diskurtsoaren hirugarren faseak gaur arte iraun du eta, finean, ekonomiaren gaixotasuna kronifikatzea du helburu. Zertarako? Estatuaren parte hartzea ekonomian gaixotasunaren logikan iraunkortzeko. Lagarde, FMIko burua, horrela mintzatu zen Bilbora eginiko bisita batean: “Krisiaren ebakiondoek denbora behar dute sendatzeko” (Lagarde, 2014) eta, jarraian, gobernuen esku hartze iraunkorraren beharra aldarrikatu zuen. To liberalismo ekonomikoa!


2014-03-03, Bilbo, Guggenheim. Global Forum Spain. Autoritateei ongi etorria Iñigo Urkullu lehendakariak. Juan Carlos Borboikoa erregea eta Christine Lagarde NDFko buruari. / FOKU

Parte hartzea gaixotasunaren logikan argudiatzeak baliogarria izan zaie, adibidez, zilegi egiteko kutxa publikoetatik esku pribatuetara burutzen ari den lapurreta iraunkorra.


Bestelako afera bat da esku hartze hori zein norabidetan eta noren mesedetan planteatzen duten. Jakina, parte hartzea gaixotasunaren logikan argudiatzeak baliogarria izan zaie, adibidez, zilegi egiteko kutxa publikoetatik esku pribatuetara burutzen ari den lapurreta iraunkorra. Nekez agertuko da, ordea, xahuketa horren azalpen errealik ekonomian adituak omen diren komunikabideetan.

Azkar eta oso labur aztertu ditugu fase honen harira aditu ekonomikoek erabili duten diskurtsoaren metafora mota nagusiak. Ekonomian zer gertatu den azaldu beharrean, alegia, merkatuak eta paradigma ekonomiko liberalak ez dutela funtzionatzen aitortu beharrean, metaforaz jositako diskurtso berria eraiki dute azken urteotan. Helburua, hala ere, bera da: egungo sistemaren gabeziak ukatu, krisiari izaera naturala eman eta arduradunak ezkutatu, politika ekonomiko injustoak justifikatu eta, bitartean, herritarroi tontoak bagina bezala hitz egitea.

Hamaikagarrenez, sistemak krak egin du eta haren ondorio lazgarriak aipatu ditugu. Hori guztia onartu beharrean, naturarekin eta medikuntzarekin lotutako metaforaz josita dagoen diskurtsoa berreraiki dute sistema bera eta haren instituzioak (merkatua, adibidez) legitimatzen jarraitzeko.

Esku ikusezinarekin ekonomiak politika irentsi zuen. Egun, gure bizitza duina galarazten duten politika ekonomikoak legitimatu nahi ditu berreraikitako diskurtso ekonomiko nagusiak. Ekonomialari ortodoxoek haien ezintasun teorikoak metafora horiekin mozorrotzen dituzten bitartean, krisiaren ondorioak milaka eta milaka gorputz biluzietan pairatzen ari dira. Bai, ahaztu zaigu, baina ekonomiaren helburua bizitza duina beharko luke izan, gorputz biluzi horien baitan eraiki behar diren bizitza duinak.

Gorputz biluzien eta bizitza duinaren garaia, ordea, iristear da. Geroz eta gehiago gara ekonomiaren paradigma nagusia zalantzan jartzen dugunak; diskurtso dominantea deseraikitzearen beharra aldarrikatzen dugunak; erreprodukziorik gabeko produkziorik ez dagoela pentsatzen dugunok; amalurra amaigabea ez izanik, sistemarekin amaitu behar dela sinesten dugunak edota munduan zehar herrien eta herritarren burujabetza aldarrikatu eta egunez egun eraikitzen ari garenak. Finean, geroz eta gehiago gara kapitalaren diskurtso mozorrotuaren eta kapritxoen aurrean, gorputz biluzien aldarria eta beharra aldarrikatzen dugunak.

Oharra: artikulu honen edukia UEUk argitaratu duen “Esku Ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika” liburuan oinarrituta dago. Bertan, artikulu honen edukiak eta alboko beste gai batzuk era garatuagoan topa daitezke.