Argazkia. FOKU
`Herri Bidea´ dokumentuan mugimendu abertzaleak ondoko urteetan eskalaz aldatu behar duela nabarmentzen duzue. Horrekin, zer erran nahi da?
Zerotik abiatu zen Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea gaur egun iritsi da bigarren indar politikoa izatera lurraldean. Badakigu politiko-instituzionalki bigarren indarra garela, ezkerrean lehena eta abertzale mailan ere. Gure aitzinean bada zentro-eskuin frantsesa eta horrek du gehiengoa oraindik ere. Beraz, erronka da lehen indarra bilakatzea. Eraldaketa planteatzen duten indarren artean lehen indarra izanki, uste dugu eraldaketa prozesua ezkerreko abertzaleen eskutik heldu dela eta apaltasunetik, lidergo hori hartzeko prest izan behar dela.
Maila horretara iristeko, esparru guzietatik eragin behar dugu, bai arlo instituzionaletik, sindikaletik, kultur arlotik, ekonomikotik... Horrek suposatzen du gure jendarte proiektua eskaini behar diogula biztanleria osoari. Eskalaz aldatzea ere bada ideiak jendartean hegemoniko bilakatzea. Erronka baita gure ideiak ahalik eta gehien zabaltzea eta errotzea. Azken urteetan hainbat arazo konkretuei erantzuteko gai izan da mugimendu abertzalea eta horrelako bideei esker hainbat jende hurbildu da.
Ezkerreko abertzaletasunak urrats handiak egin ditu azken hamarkadetan, baina oraindik orain urrun da gehiengo politiko bat izatetik hiru lurraldeetan. Zer aukera izan ditzake ondoko urteetan?
Gehiengo batetik urrun gara, baina hazkundea azeleratzen ari da. Bada esperantza, baina ikusi behar da azelerazio horren garapena zein izanen den. Azeleratzeko, `Herri Bideak´ planteatzen duena da azken hamarkadetan jarraitu den estrategia baliatzea, uste baitugu bide horrek hainbat fruitu ekarri dituela. Bereziki borroka sektorialetatik herritarrek dituzten arazoei erantzunez eta hori herri agenda batera eramanez, biztanleriaren sektore zabalagoak hunkitzeko. Inkestan ikusi dugu hori zela gure indargune handiena, baina baita gure ahulunea ere. Beraz, ondoko hamarkadako estrategiaren ardatzetako bat izanen da sektore zabal horiek gureganatzea.
Politikoki ezingo dugu irabazi sozialki irabazten ez duguna. Ezkerreko abertzaleek badute hazkunde elektoral garrantzitsu bat preseski atzean badagoelako mugimendu bat, ekosistema oso bat, ber norabidean ari dena eta biziki aktibo dena. Horrek badu itzulpen bat hitzordu elektoraletan eta funtsean, hor bada bertute handiko zirkulu bat.
Demografiaren hazkundea nabarmentzeko moduko fenomenoa da Ipar Euskal Herrian. Gai hori ere aztertu duzue Bagira prozesuan, kontuan harturik bereziki Frantziar Estatutik heldu direla pertsona horiek. Hego Euskal Herriarekin alderatuta, tendentzia eta ezaugarri ezberdinak dira. Nola aurre egin erronka horri?
Urtez guziz lurraldean 12.000 pertsona sartzen dira eta 9.000 ateratzen dira. Horrek erran nahi du urtero hiru mila biztanle berri instalatzen direla. Errealitate horrek erronka handi bat sortzen du maila guzietan, izan etxebizitzaren arloan, hizkuntzan, kulturan, nortasunean... Gainera, instalatzea bereziki kontzentratua da kostaldean edo hiriguneetan, barnealdean biztanleria galtzen segitzen den bitartean. Ez da erronka berria baina lortu behar dugu jende hori ere gure proiektuan integratzea. Eta horretarako, lurralde eta jendarte eskaintza bat beharrezkoa da.
Euskal Hirigune Elkargoaren sorreraren ondotik, Ipar Euskal Herrian gero eta gehiago entzuten dira aitortza instituzionalean fase berri bat irekitzeari buruzko ahotsak. Mugimendu abertzaleak bere egin du erronka hori. Zergatik fase berri bat, nora iristeko?
Mugimendu abertzalearentzat biziki inportantea zen instituzionalki egituratzen hasteko etapa lortzea. Ipar Euskal Herria aintzat hartzen duen lehen instituzioa lortu du, 30 urteko borroka baten ondotik. Zazpi urteren ondotik, ikusten dugu tresna hori biziki mugatua dela. Euskal Hirigune Elkargoa funtsean mankomunitate bat da, aurrekontu biziki apala du, konpetentzia mugatuak ditu eta demokraziaren ikuspegitik ere muga handiak ditu. Herritarrek ez dute zuzenki bozkatzen hauteskunde bidez. Gisa berean, lurraldeen arteko orekak zaintzeko zailtasunak ikusten ditugu. Funtsean, ez du gaitasun politikorik eta ekonomikorik gaur egun Ipar Euskal Herriak eta bere jendarteak dituzten erronkei aurre egiteko.
Aldiz, argi ikusten dugu lurraldean eta hautetsien aldetik badela borondate politiko bat, baina tresna bera mugatua izanik, egoera honetan ez gara urrunago joaten ahal. Iristen ari gara momentu batera non beste instituzio bat lortzeko salto bat eman behar den. Beste instituzio bat eskumen gehiago ukanen dituena egungo erronka handiei erantzuteko arlo ezberdinetan. Eta baita ere, konpetentzia fiskalak ukanen dituena eta hurbiltasun handiagoa izanen duena herritarrenganako. Bozka zuzena beharko litzateke eta funtzionamendu demokratikoago batean sakontzeko aukera emanen luke instituzio berri horrek. Abertzaleontzat, burujabetza eta botere gehiago lortzea da erronka.
Iraganean, estatus bereziko Lurralde Kolektibitatearen alde kontsentsu handi bat lortu zen. Baldintza nahikorik ikusten duzu, gehiengo bat osatzeko aldarrikapen berri baten inguruan? Fase berri bat irabazteko zeintzuk izan daitezke gako nagusiak?
Nire ustez, baldintzak egon daitezke eta mugimendu abertzalearen funtzioa izanen da baldintzak sakontzea eta aukera berriak irekitzea. Helburua izan behar da herri mobilizazio zabal bat sortzea eta erran bezala, gehiengo bat lortzea aldaketaren alde. Iraganeko errezeta baliagarria da, gaurko egoera kontuan hartuz betiere. Gehiengo bat osatu behar da beste indar politikoekin, baina baita gehiengo sozial bat ere. Bi bloke horiek elkarrekin aritu behar dira Frantziar Estatuaren aitzinean presioa egiteko eta ondoko etapa horretan murgiltzea lortzeko. Iraganean hori izan zen gakoa eta pentsatzen dugu hori dela egun ere jarraitu behar dugun bidea. Bagira prozesuan ikusi dugu Batera bezalako herri plataforma zabal bat berriz muntatzea ezinbestekoa dela, ber norabide horretan lurraldean diren borroka sektorial eta transbertsal ezberdinak artikulatzeko.
`Herri Bidean´ azken hamarkadan gatazkaren ondorioen konponbide prozesuan eraman den lan eskemak irakaspenak eskaintzen dituela nabarmentzen duzue.
Konponbide prozesuan eta aitortza instituzionalaren borrokan erabili diren eskemak antzekoak dira. Azken batean, bada gehiengo sozial eta politiko bat. Adostasunak eraikitzen dira ezberdinen artean, ez bakarrik mugimendu abertzaleko kideen artean, baizik eta herri gisa. Ipar Euskal Herria Parisen aitzinean ahots bakar batez mintzo delarik, lorpenak izaten dira.
Mugimendu abertzalea zabaltzea eta etapa instituzional berria kausitzea izanik bi erronka nagusietarikoak, 2026an iraganen diren herri hauteskundeek eta Euskal Elkargoaren osaketa berriak zer aitzinamendu ekarri behar lukete bi maila horietan?
Herri hauteskundeak, garrantzia handieneko hitzorduak izan dira beti abertzaleentzat. Elkargoaren sorrerak premia hori areagotu du. Ondokoetan, bi helburu nagusi ukanen ditugu. Lehenik, orain arteko herriko etxeak atxiki eta gehiagotan boterera iritsi beharko ginateke, botoen emaitzak azkartuz. Elkargoan ere eragin gehiago ukan beharko genuke. Gure jendarte proiektuan jauzi bat emateko baldintzak hor dira. Mugimendu abertzalea zabaltzen ari da eta ondorioz, botere gune guztietan urrats horiek islatzea erronka bat da.
Beste helburu nagusia, herri eta Elkargoko hauteskundeetatik, aldaketa instituzionalaren aldeko gehiengo transbertsal batekin ateratzea izanen litzateke. Elektoralki hazten bagara ere, soilik gure indarrekin kontatuz, oraindik gehiengorik ukanen ez dugula aurreikus dezakegu. Elkarlan eskemak asmatu beharko dira Herri gisa aritzeko. Eragin-gaitasun osoa mobilizatu beharko dugu hauteskunde kanpaina markatzeko aitortzaren gaiarekin. Hauteskunde horiek urtetarako aukerak zabaldu edo hets ditzaketelako. Asko jokatuko da 2026an.
Nazio ikuspegia indartzearen garrantzia azpimarratzen du Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, noiz eta ezkerreko independentismoa Euskal Herri osoan indartzen ari denean. Zer hutsune eta aukera ikusten dituzu arlo horretan?
Egin dugun inkestan eta izan ditugun eztabaida momentuetan, Ipar Euskal Herriko militanteek faltan sumatzen dute Euskal Herri mailan harreman handiagoak izatea. Hiru lurraldeetako mugimendua ez da sekula hain azkarra izan eta gauza bera erraten ahal dugu Hego Euskal Herriari buruz. Lehen aldia da historian hain azkarrak garela Ipar zein Hego Euskal Herrian. Momentua heldu zaigu berriz Euskal Herri mailan aritzeko. Arlo ezberdinetan izan behar luke. Erraterako, esparru politiko-instituzionalean, hiru instituzioen artean elkarlana sendotzeko edota hautetsien arteko harremanak garatzeko eta saretzeko.
Baina gisa berean, mugimendu abertzaleko eragileen artean Euskal Herri mailan elkarrekin gehiago aritzeko beharra ikusten dugu. Eta konkretuki, tresna batzuk eta alternatibak eraikitzeko. Militanteek gero eta gehiago ikusten dute, biztanleek dituzten arazoei eta beharrei aterabideak emateko Euskal Herriko eskala egokia dela. Arlo ezberdinetan izan daiteke, hots, energia mailan, ekonomian, laborantzan, hizkuntzan edota kulturan.
Errealitate bat da Frantziar Estatuko erreferentzia handia dela Ipar Euskal Herrian, baina aldi berean, egungo krisi egoeran, atxikimenduaren ahultze bat izan daiteke. Hori aukera izan daiteke Euskal Herriko eskala indartzeko?
Hori da `Herri Bidean´ egiten dugun egoeraren azterketa. Hainbat faktorerengatik eta burutzen dituen zapalkuntza ezberdinengatik, Frantziar Estatuak galdu du frantses nazioan jendea integratzeko gaitasuna. Indartzen ari baita Estatuak jendeari ongizaterik ekartzen ez dionaren ideia eta aldiz, toki mailatik etor daitezkeela ongizate horretarako bideak. Hemen, hori, Euskal Herriko eskala da. Horri esker mugimendu abertzalean jende gehiago integratzea lortzen dugula erranen nuke, baita kanpotik etorritako jende hori ere.
Egun, nazio mailako dinamikari begira aro berri baten aitzinean egon gaitezkeela uste duzu?
Nire ustez kontua ez da aro berri baten aitzinean egoten ahal garela. Aro berri batean gaude jada. Momentu batean gaude, non Ipar zein Hego Euskal Herrian ezkerreko abertzaleak kokatuak diren bigarren posizioetan, lehen posizioetan lehiatzeko aukerekin ere, babes sozial izugarriarekin, alternatiba indarrak irudikatzen eta eraldaketa prozesuak bultzatzen.
Bestalde, gatazkaren ondorioen konponbide prozesuak etapa bat pasa du eta horrek aldaketa handia ekartzen du, oraindik bide garrantzitsua egitekoa bada ere. Mehatxu globalek herrien burujabetza beharra areagotu eta Euskal Herrian jendarte libre eta aurrerakoi bat eratzeko pertinentzia sakontzen dute. Alde horretatik, nire ustez, haizea alde dugu, ezkerreko abertzaleak garelako Euskal Herri osoan hazten ari garen sektore politikoa. Beraz, aro berri batean gaude, hasteko, Ipar Euskal Herrian ez dugulako sekula halako baldintzarik izan. Horregatik, gure zeregina bada baldintza horiek ongi baliatzea ahalik eta urrunen joateko.