Argazkia. Unsplash / Markus Spike
Iragan otsailaren 12an ez-ohikoa zaigun argazkia ikusi ahal izan genuen Baionako Michel Portal Antzokian. Euskal Hirigune Elkargoak (EHE) antolatuta, ‘Mugaz gaindiko 3.Topaketak’ burutu ziren, euskal lurraldeetako instituzioetako arduradun nagusietakoak bertan bildu zirelarik; tartean, EAE eta EHEko presidenteak, Nafar Gobernuko presidente-ordea edota euskal hiriburuetako alkate eta alkate-ordeak.
Albisteak gure inguruneko agenda politikoan eta mediatikoan izandako oihartzun apalak ez lioke esangurarik kendu behar. Herri-proiekzioa izan zuen argazkia izan zen, herri bateko ordezkaritza instituzional nagusia bildu zen heinean. Hara iristeko egindako ibilbideak, aldiz, iragan luzea izan du. Aski ezagunak zaizkigu, herri ekimenak hauspotuta, hamarkada luzeetan euskal herritarrek mugaz gaindi garatutako lana. Horrek bere isla izan du eremu instituzionalean ere.
Euskal lurraldeetan nagusi diren erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzak (MGL) azken hamarkadetan bi forma nagusi hartu ditu. Batetik, instituzioen aldebiko edo alde anitzetako akordioen eskutik emandakoa (inter-instituzionala). 1980an Europar Kontseiluak adostutako Hitzarmen Markoak estaldura juridikoa eman zion estatu-azpiko instituzioen arteko MGLri.
«Euskal lurraldeetan nagusi diren erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzak bi forma nagusi hartu ditu: instituzioen aldebiko edo alde anitzetako akordioen eskutik emandakoa eta Europar Kontseiluaren Hitzarmen Markoak emandako estaldura juridikoa.»
Ibilbide gorabeheratsu baten hasiera suposatu zuen. 1989an etorri zen ‘Euskadi-Akitania Lankidetza Protokoloa’; hiru urte beranduago, Nafarroaren parte hartzearekin, eguneratu zena. Mende berriarekin batera, Nafarroak hiruko protokoloa utzi eta, bere aldetik, akordioa sinatu zuen Akitaniarekin. Miguel Sanzen agintaldiaren urteak ziren.
MGLrako bigarren eredua, bertan parte hartzen duten erakundeen maila bateko instituzionalizazioa ekarri duena litzateke (intra-instituzionala). Honakoa hertsiki lotuta egon da europar integrazio prozesuari. Nagusiki esparru ekonomikoan eragina izan duen prozesu horrek, bere isla eremu politikoan ere izan du.
Prozesu horretan jauzi bat emateko asmoarekin, 2006an egitura juridiko berri bat martxan jarri zen Europa mailan: Lurralde Lankidetzarako Elkarte Europarra (LLEE) edo Euroeskualdea. Bost urte pasa ziren Akitaniako eta EAEko presidenteek (alderdi sozialistetakoak biak) bi lurraldeak bilduko zituen Euroeskualdeari bide eman ziotenetik; 2016an, Nafarroa bilduko zuen hiruko LLEE berrosatu zutelarik.
«Prozesu horretan jauzi bat emateko asmoarekin, 2006an egitura juridiko berri bat martxan jarri zen Europa mailan: Lurralde Lankidetzarako Elkarte Europarra (LLEE) edo Euroeskualdea»
Europako Interreg diru-funtsak kudeatzeko azken urteetan eraikitako hezurdura instituzionalaren artean, berriki sortutako Mendebaldeko Eremu Funtzionala (AFOMEF) nabarmendu daiteke. Egitura horrek Euskal Herriko lurralde guztiak eta Bearneko Baretous-eko bailara barneratzen ditu, bertan erakunde ezberdinetako ordezkariak elkarlanean aritzen direlarik.
Hauek MGL instituzionalean garatutako adibide batzuk baino ez dira. Aldiz, elkarlan horrek bere gabeziak erakutsi ditu. Horietako bat asimetriarena. Mugaren bi aldeetako instituzioen eskumenen arteko desoreka politiko eta ekonomikoak nabarmenak dira. Ez hori bakarrik.
Elkarlanerako gai izan zitezkeen edukien artean, estatuek beraien eskuetan era artatsuan mantentzen dituzten gaiak asko dira. Ezin ahaztu ere, gure erreferentziazko komunitate politikotik haragoko lurraldeak ere biltzen direla egitasmo hauetako askorengan; pultsio ezberdinak antzeman daitezkeelarik MGL non, nola eta zeinen artean garatu erabakitzeko orduan.
«Hutsuneak hutsune, maila instituzional ezberdinetako gobernantza eredu partekatua garatzen ari da gurean»
Hutsuneak hutsune, maila instituzional ezberdinetako gobernantza eredu partekatua garatzen ari da gurean, mugaz gaindiko politika publikoen sarea edo policy network-a artikulatzen ari dena. Alabaina, otsailaren 12ko jardunaldietan aldarrikatu zen bezala, bestelako tresna juridikoen beharra agerikoa da, norabide horretan urrats berriak eman nahi badira.
Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinen etorkizunaren inguruko eztabaida irekitzen ari dela dioten ahotsak ugaltzen ari diren honetan, euskal lurraldeen arteko etorkizuneko harremanei buruzko proposamenak ere mahai-gaineratzen hasi beharko dira. Hainbatetan, politika den ‘bitartean’ horretan, euskal lurraldeetako erakundeen arteko trinkotze instituzionala lurralde kohesiorako funtsezko tresna bezala agertzen da; baita mugaz gaindi ere.