Argazkia. Unsplash / Jordan McDonald
Urtebete pasatxo igaro da V Jardunaldi Feministetatik (LINK), non 3.000 bat emakumek* 'gorputz eta sexualitateen' inguruan sakontzen eta hausnartzen jarraitzeko aukera izan genuen. Eztabaida hartatik jaso dudan indar-ideia bat: erosotasunetik jauzi egin behar dugu araua hausteko, trans-greditu behar dugu. Baina estatu espainiarraren zarata mediatikoa eta sare sozialetako eraso zuzenak isla izaten ari dira Euskal Herrian, eta lasai heldu behar diogu gaiari. Galdera batzuei erantzuna eman behar diegu gaia kokatu ahal izateko.
Zergatik eragiten du hain eztabaida polarizatua estatistikoki minoriarioa den kolektibo bati eragiten dion lege batek? Espainiar estatuko Berdintasun Ministerioak Unidas Podemosek proposatutako eta PSOEren eta UPren arteko akordio programatikoan jasota zeuden bi legerekin du zerikusia:
Eztabaida areagotu egin zen joan den ekainean PSOEren barne agiri bat argitaratu zenean trans legearen inguruan. Horrek, haustura ekarri zuen legea defendatzen dutenen artean eta barne testua transfobotzat jotzen dutenen artean. Gertaera horrek eztabaida piztu zuen estatuko mugimendu feministan, eta agertoki bortitz batera eraman zuen. Sexuari buruzko erregistro-zuzenketarako 3/2007 Legeak dagoeneko jasotzen zuen sexua sentitutako identitatearen arabera aldatu ahal izateko eskubidea. Orduan, zein da arazoa?
Eztabaidaren erdigunean genero-autodeterminaziorako eskubidea dago, trans* pertsonek beren genero-identitateari buruz askatasunez erabaki ahal izatea bermatzen duena. Bitxia bada ere, ez da kontzeptu berria. Hego Euskal Herrian, EAEko eta Nafarroako araudian jasota dago. Araudi horiek, estatuko trans lege berriak bezala, printzipio despatologizatzaile batetik abiatzen dira. 2007ko legeak, berriz, txosten mediko edo psikologiko baten eta bi urteko tratamendu mediko baten bidez 'genero-disforia' egiaztatzeko eskakizuna ezartzen zuen.
«Eztabaidaren erdigunean genero-autodeterminaziorako eskubidea dago, trans* pertsonek beren genero-identitateari buruz askatasunez erabaki ahal izatea bermatzen duena»
Beraz, trans* pertsonen aspaldiko eskarira araudia egokitzea da kontua, OMEk berak 2018an egin zuen bezala, buruko gaixotasunen kapituluko trans identitateak kenduz. Gogora dezagun, homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zitzaiola 1990ean. Zer eragozpen planteatzen dituzte sektore batzuek gaiari heltzeko paradigma aldaketa horri eta trans lege berriari dagokienez? Planteatzen diren gai batzuk erraz gezurtatzen dira, eta beste batzuek, garrantzi handiko eztabaida filosofiko eta soziala jartzen dute mahai gainean. Lehenengoetako batzuk kontuan hartuta:
Hauek dira sareetan izaten diren eztabaidak, errepikakorrenak. Horietan guztietan, emakume transak* aipatzen direla ikus dezakegu, eta horrek pentsarazten digu transmisoginiak bultzatzen dituela neurri handi batean, emakume transak* estigmatizatzen dituen imajinario kolektibo horrek. Bigarrenei erreparatuta.
Eztabaida oso konplexuetan sartu gabe, esan dezakegu ez dagoela herrialderik, non duela urte batzuetatik beren legeek genero-autodeterminazioa jasotzen duten, non "emakumeen ezabaketa" hori gertatu den. 2007ko estatuko legeak sexua erregistroan aldatzeko aukera ematen zuen, eta ordutik ez da gertatu ohartarazi diguten fenomeno hori.
Argazkia. Unsplash / Crawford Jolly
Trans* errealitateak ez du patriarkatua ukatzen; hain zuzen ere, sexu-genero sistemarekin bat ez datozen pertsonak dira sistema zapaltzaile hori gehien pairatzen dutenak. Alde horretatik, emakume transak* dira indarkeria gehien jasotzen duen kolektiboetako bat. Trans* pertsonen giza eskubideak defendatzeak ez ditu beste kolektibo baten eskubideak murrizten. Kolektibo zehatz baten eskubideak bermatzea jendarte guztiarenak zabaltzea dakar. Kolektibo baten oinarrizko eskubideak bermatzean gerta daitekeena da pribilegio batzuk murriztea.
Lege berriak kendu egiten du sexua aldatzeko prozesu horiek hasteko beharra, eta NANean izena aldatzeko aukera ematen du, erregistroko sexua aldatu behar izan gabe. Era berean, ondo zehazten ditu hormonazioarekin lotutako prozedurak, eta ezartzen du modu informatuan egingo direla, laguntza psikologikoarekin eta adingabearen erabakia errespetatuz. Era berean, ebakuntza kirurgikoak adin nagusikoei bakarrik egingo zaizkie.
Errealitate horiek bizi dituzten adingabeen familiek esaten digute oso zaila dela trantsizio-prozesu horietan laguntzea, eta haurrarentzat argi dagoenean egiten dela; ez da kapritxo bat edo hausnartu gabeko erabaki bat. Arinkeria hutsa da horrelako baieztapenak egitea bizitzak jokoan daudenean.
«Trans* errealitateak ez du patriarkatua ukatzen; hain zuzen ere, sexu-genero sistemarekin bat ez datozen pertsonak dira sistema zapaltzaile hori gehien pairatzen dutenak»
Hemen, zientzia ezberdinetan sortutako eztabaida zahar bat irekitzen da, gure 'inputen' edo kulturaren emaitza garenaren inguruan. Esentzialismoa vs. konstrukzionismoa. Eztabaida interesgarria eta aberasgarria da, baina ezin dugu ebatzi arte itxaron oinarrizko eskubideak bermatzeko.
Eztabaida infinituraino luza genezake eta beste gai batzuetara estrapolatu. Zer da homosexualitatea? Sentitutako identitatea, identitate esentziala, identitate politikoa, gizarte-eraikuntza, sexu-praktika multzo bat, etab. Ez dirudi eztabaida bukatu denik, baina aurrera egin dugu modu batean edo bestean kategoria horretako kide diren pertsonen eskubideen bermean. Berdintasunezko ezkontzaren legeak ez zuen familia tradizionalarekin amaitu, ultraeskuindar kontserbadoreek iragartzen zuten bezala. Familia tradizionalaren eta ezkontzaren egitura zapaltzailea ere ez ditu indartu, lehendik zegoena baino gehiago ez behintzat. Baina eskubide-berdintasuna bermatu zien pertsona askori, besteak beste, bikote hetero baten berme bereko haurrak izan nahi zituzten bollera bikoteei.
Beste adibide bat jar genezake, mugarik gabeko mundu batean sinesten duen eta pertsona migratzaile bati paperak izateko eskubidea ukatzen dion pertsona batena, administrazio-egintza honek mugako politikak sostengatzen baititu. Generorik gabeko mundu batekin amets egiten dugun bitartean, gizon edo emakume izatea hain kortse itogarria ez den baten alde lan egin behar dugu. Pertsona batzuentzat genero-aniztasunerako leku posiblerik ez egoteak trantsizio-prozesuak egitea eragin dezake; arazo biologiko batengatik edo sistema bitar batekiko biziraupen-erreakzio batengatik, biak dira prozesu legitimoak.
Lege batek eskubide formalak berma ditzake, eta hori funtsezkoa da. Baina ez dugu perspektiba galdu behar. Trans legearen eta LGTBI legearen proposamen berriek ez dute neurri bakar bat ere jasotzen genero-arauen kultura eraldatzeko. Jar dezagun arreta Euskal Herrian eta ezar ditzakegun politika publiko eta komunitarioetan, errealitate despatriarkalizatu bati hurbiltzeko.
Francis, Moio, Ekai eta beste hainbat gogoan.