EKOLOGIAK

Pello Otxandiano Kanpo

Sortuko Herrigintza idazkaria

Deskarbonizatzea eta herri burujabetza

2021-05-24

Aste honetan Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) Net Zero by 2050 energia sektorearentzako bide orria ezagutu dugu. Oso kontuan hartzeko dokumentua da, zer esaten den eta nork esaten duen aintzat hartzen bada. IEA OCDEko gobernuen arteko agentzia da, herrialde aberatsenen energia politikak markatzen dituena.


Argazkiak. Unsplash / Chris LeBoutillier

 

Bide orri honekin hauxe esatera dator, besteak beste: hidrokarburoak lurpean uzteko ordua iritsi da. Horrek energia sektorearen eraldaketa orain arte ikusi gabeko bat martxan jartzea eskatzen du, gehiago itxaron gabe.

Aste berean Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak esan du falazia bat dela deskarbonizatzea elektrifikazioarekin parekatzea eta hausnarketa sakona eskatu du mugikortasunaren elektrifikazioaren inguruan (auto elektrikoari buruz ziharduen), ez ote gabiltzan ergelkeriatan («haciendo el canelo», esan du literalki). Gasa funtsezkoa dela deskarbonizatze estrategian eta Afrika iparraldetik ekarri behar dela defendatu du. Repsoleko burua IEAk markatutako estrategiari kontra egiten ikusteak adierazten du zer-nolako interes lehia dagoen trantsizio energetikoaren afera honetan.

Lehia horietako bat hidrogenoaren eta elektrifikazioren artekoa da. Hidrokarburoen industriak hidrogenoan ikusi du erregai fosilen zikloa luzatzeko aukera. Hidrogenoa berdea izan baitaiteke (energia berriztagarrietatik eratorria) baina baita grisa ere (hidrokarburoetatik eratorria). Hidrogenoak etorkizuneko mix energetikoan zer leku izango duen eta zer motatako hidrogenoak hartuko duen leku hori da auzitan dagoena. Logikak dio, efizientzia energetikoaren ikuspegi soilak, ahal diren sektore guztiak elektrifikatzea dela hautu arrazoizkoa, eta hidrogenoa elektrifikatu ezin daitezkeen sektoreetarako gorde behar dela. Baina Petronor bezalako enpresek interes korporatibo argia dute hidrogenoaren garapenean, hidrokarburoen negozioa utzi eta beste aukera batzuetara salto egin behar baitute oso denbora gutxian, eta hori oso prozesu zaila da enpresa ikuspegitik.

 

«Hidrokarburoen industriak hidrogenoan ikusi du erregai fosilen zikloa luzatzeko aukera.»

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programaren bertsio eguneratua aurkeztu du asteon. Hitzaurrea irakurri eta bistakoa da garaiak eskatzen duen literatura jaso dutela. Bada zerbait. Orain literatura horrekiko koherentea den herri proiektu bat jostea falta da, apustu estrategiko zuzenak egitea eta norabide horren kontra doazen iraganeko eta orainaldiko proiektuak baztertzea. Eta horrek herri eztabaida bat ekarri beharko luke gai estrategiko nagusien inguruan, horietako bat da eztabaida energetikoa.

Petronorrek gidatu asmo duen hidrogenoaren korridoreak zer ekarpen egiten digu herri gisa? Zeri erantzuten dio proiektu horrek, deskarbonizatze estrategia eraginkor bati ala Petronorren interes korporatiboei? Finantziazio publikoa jaso behar al du, beraz?

Herbert Diess Volkswageneko CEOak txio bat bota du asteon hidrogenozko autoa ez dela krisi klimatikoari aurre egiteko aukera esanez, eta auto elektrikoaren aldeko apustua berretsiz. Noski, Volkswagenek ere bere interes korporatiboak defendatzen ditu, azken urteetan inbertsio handiak egin ditu-eta auto elektrikoaren garapenean. Esan nahi dudana da dilema estrategiko handi baten aurrean gaudela eta inbertsio publikoak zer norabidetan egin behar diren sakon eta, batez ere, eztabaida demokratikoaren bidez erabaki behar dela.

 

«Petronorrek gidatu asmo duen hidrogenoaren korridoreak zer ekarpen egiten digu herri gisa? Zeri erantzuten dio proiektu horrek, deskarbonizatze estrategia eraginkor bati ala Petronorren interes korporatiboei?»

 

Zer da inbertsio publikoak lehenetsi behar duena? Auto elektrikoarentzako bateriak Euskal Herrian ekoiztearen aukera sektore publikoak akziodun bezala parte hartuz enpresa egitasmoan (asteon EH Bilduk Arabako bateria faktoriaren aukera jarri du mahai gainean), ala erregai sintetikoa ekoitziko duen Petronorren proiektua? Efizientzia energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko inbertsioa ala hidrogenoaren industriaren aldekoa? Eta hidrogenoaren industria baten alde egin behar bada, esku pribatuetan utzi behar al da osoki halako sektore estrategiko bat?

Zein da Euskal Herriak jarraitu beharreko deskarbonizatze estrategia? Non eta nola egingo da gure herri burujabetza goitik behera baldintzatuko duen eztabaida estrategiko hau? Gaur-gaurkoz Euskal Herriaren estrategia energetikoa sektore honetan interes korporatibo oso zehatzak dituzten enpresa multinazionalek erabakitzen dute de facto. Eta hori onartezina da ikuspegi demokratikotik.