DIGITALIZAZIOAK

Ekaitz Cancela eta Gorka Julio

EH digitalaren sinatzaileak

FAKE eraldaketa digitala

2021-06-29

Eraldaketa digitala ez da prozesu historiko natural bat, emaitza aldez aurretik ezarria duena, baizik eta borroka politikoen mende dago, non ideologia ezberdinak borrokatzen duten. Estatutik sektore pribatura zuzeneko diru eskualdatzea eta kapital metaketa defendatzen duen jarrera neoliberal, soluzionista eta kapitalistak bere posizioa markatu du.


Argazkia. Unsplash / Luca Bravo

 

Hala adierazten du Arantxa Tapiaren Ekonomia Sailak egindako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren aurkezpenak. Oro har, estrategia horrek anglizismoen inguruko neurriz gaineko narratiba erabiltzen du, hala nola, Silver Economy edo Smart City kontzpetuak, oinarrian dauden gatazkak eta jatorri antagonikoak ezkutatzeko, baita digitalizazioaren eraginez gizarte-hierarkiak betikotzeko ere. Dokumentu honen oinarri izan diren kasuen azterketa batek, gainera, estrategia honek eraldaketa baino, status quoa naturalizatu eta finkatu egiten duela berresten du; izan ere, azpiegitura digitaletarako sarbideari dagokionez, dauden desberdintasun arazoak betikotu eta enpresa sortzaile txiki eta ertainen artean teknologiaren onurak banatzea ekiditen baita estrategia honekin.

Eusko Jaurlaritzaren asmoen adierazpena argi ikusi zen Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI) Idom enpresari esleitu zionean lan honen garapena; "iparraldeko kartelean" parte hartu izanagatik, 254.100 euroko zigorra jaso zuena, hain justu. Funtzio publiko oro euskal kapitalismoaren testaferroei eskuordetzea SPRIren ohiko jarduera da: duela pare bat urte beste 242.000 euroko laguntza-kontratu bat eman zion Idomi Euskadiko 2020ko Agenda Digitalaren segimendua egiteko. Gainera, beste 200.000 euroko luzapen bat eman zion eta urtean zehar diru-partida gehiago esleitu zaizkie. Guztira, ia milioi bat euro inbertitu dira eraldaketa digitalean euskal posizioa zehazteko, oso azaleko eta zehaztasun gutxiko dokumentuen bidez justifikatuta. Adibidez, dokumentu honek 16 aipamen besterik ez ditu; gehienak Europako Batzordeari, Davosko Foroari edo PwC-ri dagozkion aipamenak dira.

Dokumentuan murgiltzen bagara, lehenik eta behin, estrategiak zenbait palanka teknologiko ezartzeko beharra deskribatzen du: "Euskadik ezagutza aurreratua irabazi behar du, jarduera publikoan, produktiboan eta sozialean aplikatzeko". Horretarako, teknologia digital berritzaileen deskribapena egiten du, McKinseyren aholkulari estilo garbian: 5G, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, cloud zerbitzuak, elkarreragingarritasun-zerbitzuak (jakina, publiko-pribatua), IoT eta baita blockchain ere. Paradoxikoa bada ere, teknologia horiek guztiak, Big Techek eskaintzen duten zerbitzu pribatu gisa baino ezin dira erabili, eta ez Gobernuak bermatu nahi duen eskubide gisa.

 

«azpiegitura digitaletarako sarbideari dagokionez, dauden desberdintasun arazoak betikotu eta enpresa sortzaile txiki eta ertainen artean teknologiaren onurak banatzea ekiditen baita estrategia honekin»

 

Bigarrenik, plan honen helburua Euskadiri 'Silicon Valley-friendly' eskualde zigilua jartzea da, garapen digilatalaren eragile gisa, tokiko ehunaren aldeko apustua egitea saihestuta. Asmo politiko bakarra teknologia burujabetza indartzeko estrategiak blokeatzea da, lankidetza publiko-pribatuaren esparru orokorraren bidez, hau da, azpiegitura teknologikoak atzerriko enpresei alokatzea, bereak garatu beharrean. Hala adierazten du planak eraldaketa horretarako gaitzaileei buruzko atalean: Berrikuntzako Erosketa Publikoa "eskariak bultzatutako berrikuntza sustatzeko mekanismoa da". Kaliforniako erretismoaren aurrean amore emateaz gain, Euskaltel, euskal jatorriko telekomunikazio hornitzaile handiena saltzen den bitartean gertatzen da hori. Bestalde, Google, Telefónica, Microsoft eta Facebookek zuntz optikoa Bizkaiko kostaldean sartzen ari dira. Planak, gainera, "banda zabaleko konektibitate ultralasterra" moduko esaldi erretorikoen bidez, aro digital berri honen gaitzaile moduan ezkutatzen ditu bere asmo interesatuak.

Gainera, dokumentuaren izaerak berak, helburu kapitalistatik harago ezer gutxi eskaintzen duten sektoreetan proiektu digitalen eta start-up-en hedapenaren alde egiten du; hau da, Bizkaia Dorrearen bulegoak, ekintzailetza-zentro bihurtuta, betetzen dituzten foodtech edo start-up-en sustapenaren alde egiten du. Atzerriko kapitalaren erakarpena bultzatzen duen fiskalitate apalaz edo ikusezinaz gain, plan honek finantziazio pribatuko tresna berriak abian jartzearen alde egiten du, besteak beste, venture capital delakoak, soilik etorkizun digitalarekin espekulatzera bideratuta dagoena.

Txostenak "zerbitzu teknologikoen hornitzaileen ekosistema" sortzea eta horretarako, GAIA-X izeneko plataforma paneuroparrean oinarritzea proposatzen du. Plataforma horri "Silicon Valleyko Troya zaldia" deitu izan zaio eta bertan Palantir, Google, Amazon edo Microsoft bezalako enpresak daude. Eraso korporatibo hori legitimatzeko, erreferentzia eta herrialde hauek erabiltzen dituzte: Singapur (kapital finantzario globalera erakartzea bilatzen duen eredu espekulatibo eta autoritarioetako ezagunenetako bat), Estonia (administrazio digitalizatua, sektore pribatuarentzat merkatuak sortzeko eta Europako periferian lehiatzeko baliatzen duen eredua), edo Alemania (Industry 4.0, ekonomia digitalera industria-hegemonia eta Europako zentro kapitalistaren superabit komertziala hedatzen saiatzen den eredua).

 

«plan honen helburua Euskadiri 'Silicon Valley-friendly' eskualde zigilua jartzea da, garapen digilatalaren eragile gisa, tokiko ehunaren aldeko apustua egitea saihestuta»

 

"Teknologia digitalei esker, datuak atzitu, transmititu, biltegiratu eta analizatu egiten dira", irakurri daiteke dokumentuan. Dirudienez, euskal plan berritzailea Alemaniako teknologia erabiltzea da, makina-erreminta ekoizten jarraitzeko eta euskal industriaren produktibitateari viagra pixka bat sartzen saiatzeko, baina, trukean, lehiarako abantaila galduz datuekin; izan ere, datu horiek Europako gainerako herrialdeei austeritatea ezarri zien herrialdean geldituko direlako. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak aurreikusten dituen 1.425 milioiak sormena eta talentua instituzionalizatzeko gai diren plataforma digital subiranoak garatzeko baino gehiago, Europako edo Estatu Batuetako multinazional teknologiko handientzako transferentzia ekonomikoa izango dira.

Azken batean, softwarearen eta hardwarearen berezko azpiegituren garapenaren aipamenak hutsaren hurrengoak dira, data center baten aldeko apustua egiteari buruzko aipamen batez harago. Merlin Properties socimiak Bilbon datu-zentro bat sortuko duela jakin ondoren agertzen da ideia hori. Bazkide honek nazioarteko inbertsio-funtsen laguntza du, esaterako, BlackRock, zeinak IBEX-35an kotizatzen duen 2015etik. Planaren finantzarizazio digitalaren ideologiaren adierazpenik argiena da, gaitzaileen atalean.

Azkenik, SPRI harro agertu ohi da bere bitartekari rolari buruzko propaganda ariketetan («oso ETEzaleak gara»), baina, egia esan, planaren aplikazio-eremu bakar batek ere ez du horri buruzko aipamenik egiten, orrialde pare bat eta atal txiki batean ez bada. Beste adar edo arlo batzuetan ere gauza bera gertatzen da: "e-osasuna eta ongizatea", "e-administrazioa" edo "e-justizia" ataletan, badirudi ETEak arazo gisa aurkezten direla. Hori konpontzeko, planaren helburua da hainbat hamarkadetan zehar huts egiten daramatzaten egitura bateratzaileetara bideratzea baliabide publiko guztiak, clusterrak esaterako, administrazio publikoaren plan digitalak diseinatzeko eta garai digital honetan Gobernuak egin beharreko lanak egiteko. Eta, ondorioz, aholkularitza-enpresa handientzako lizitazioak areagotu besterik ez dira egingo.

 

«planaren helburua da hainbat hamarkadetan zehar huts egiten daramatzaten egitura bateratzaileetara bideratzea baliabide publiko guztiak»

 

Azken finean, publikoa kostu bat delako ideia gailentzen da, berrikuntza-, sormen-, talentu- eta balio-iturri izan ordez. Hori dela eta, planean ez da gogoetarik egiten software libreari buruz, horri esker existitzen diren arren enpresa teknologiko gehienak Euskadin, ez eta aipatutako forma korporatiboak ez diren beste edozein enpresa-koordinaziori ere. Gauza bera gertatzen da ikerketarekin; izan ere, unibertsitate-zentroek duten beren funtzio publikoari buruzko aipamenik ez da agertzen, eta irtenbide itxiak edo enpresa pribatu handien berrikuntzak baino ez dira nabarmentzen.

Egia esan, software librerik gabe, ez dugunez jabetza intelektual propio gehiegirik,  ez litzateke lurraldeko garapen teknologikorako ia gaitasunik egongo. Halaber, ez da hain zaila beste etorkizun digital bat irudikatzea, non ESLE (Euskadiko Teknologia Askeen eta Ezagutza Irekiaren Enpresen Elkartea) edo Teks Sarea bezalako sareak (Ekonomia Sozial Eraldatzailearen esparruan teknologia libreetan lan egiten duten enpresa eta kooperatiben sarea), besteak beste, balioetsi, garapen teknologikoetarako sarbidea instituzionalizatu eta tokiko kooperatibei garai berrira egokitutako zerbitzu publikoen sorta bat eskaintzeko aukera emango balitz.

Aldiz, ekosistema kooperatibo digital lurraldetu bat plan horretatik oso urrun dago; Gobernuak App Store gisa eta gobernantza estrategikoa aurrez definitutako eta itxitako sistema eragile bat balitz bezala irudikatzen du. Honenbestez, alternatiba bat eta elkarlanean eraikitako etorkizun digital aberats bat zabaltzeko aukerak irudikatzeke daude oraindik.