SINADURAK

Maddi Zabalo

Itzulpengintza ikaslea

Zikindu dadin

2023-07-05

Arte ona eta arte txarra dago. Artea eginez gero, bi arte mota egin ditzakezu: ona, edo txarra. Inork ez daki zehazki zerk egiten duen artea on edo txar, baina badakigu horrela dela. Oso argi identifikatzen ez dakigun elite batek erabakitzen du, eta guk men egiten diegu haien sententziei.


Argazkia. Unsplash / Camilo Jimenez

 

Kontsumitzailea bazara ere, bi arte edo kultura mota kontsumi ditzakezu: ona, edo txarra. Baina zeri esaten diogu kultura txarra? Nork kontsumitzen du kultura tarra? Kultura on edo txar bihurtzen duten ezaugarriak ez dakit zerrendatzen, baina, apur bat begiratuz gero, argi dago arte edo kultura txarra herriak kontsumitzen duela, gehiengoak. Arte edo kultura ona, imaiinatuko duzuenez, eliteek. Arte txarra dira institutuko neska gazteek irakurtzen dituzten liburuak, langile auzoetan entzuten den musika, gure gizarteko biztanleriaren ehuneko handienak ikusten dituen igande arratsaldeetako filmak. Eta, beraz, gehiengoak kontsumitzen badu kultura hori, nola ausar daiteke inor txarra dela esatera? Biztanleen gehiengoak ideiarik ere ez daukala eta oker dagoela esan nahi al du?

Euskal kulturgintzan ere antzekoa gertatzen da: etengabe zigortzen dira Goazen, Huntza, edo antzekoak, ez baitira guri gustatzen zaigun kultura, ez da Almodóvar edo Silvia Pérez Cruz, ez da ona. Gustatzen zaigun kulturak esklusibotasun puntu bat du, ez du edozeinek ulertzen guri gustatzen zaigun kultura, ez da jende guztia gai Anariren kontzertu oso bat aguantatzeko, Amama ikusteko. Gure kultura ez da mainstreama, eta gustatu egiten zaigu. Ez dakit konturatzen garen, ordea, euskal kulturgintzak abangoardiako sortzaile eta eragileak behar dituen arren, kalitateko eskaintza behar duen arren, euskarak arte tarra ere behar duela.

Hasteko, ezin diogulako euskarari eskatu beste hizkuntzei eskatzen ez diegun zerbait. Ezin da euskaraz produzitzen den guztia ona izan, eta sakona eta edukiduna eta estilo jakin batekoa. Gure inguruko hizkuntza hegemonikoei ez diegu horrenbeste eskatzen. Gainera, gero gogoz kontsumitzen dugu beste hizkuntzetako eduki txarra. Kontsumitu ditugu ingelesezko telesail ezagun guztiak, kontsumitu ditugu pop musika “kursia” eta reggaeton “zakarra”. la denak erdaraz, ausartuko nintzateke esatera.

 

«Euskara normalizatuko bada, kultur sistema ere normalizatu beharko da, eta ezin dezake hori egin ez badiogu arte txarrari sartzen uzten»

 

Horrez gain, kalitateaz arduratzea ondo dagoelako, baina kantitatea ere garrantzitsua delako. Euskal kulturgintzak eragileak eta sortzaileak behar dituen arren, hartzaileak eta erabiltzaileak ere behar ditu. Badakigu euskara ez dela nahiko genukeena bezain irisgarria, baina ez du laguntzen euskarazko kultura ere esklusibo egiteak. Euskara herriari hurbildu behar diogu, eta hori herriak kontsumitzen duen kulturaren bidez egiten da. Herriak kultura behar du, beretzat eginda dagoen kultura. Herrigintzak ere kultura behar du: kulturak balio du mezuak zabaltzeko, baina horretarako mezua heldu egin behar da, eta guk bidea erraztu behar diogu.

Hizkuntzaren normalizazioaren ezaugarrietako bat da hizkuntza horrek gizarte esparru eta funtzio guztiak betetzea, hiztun ororentzat. Kultur sistemara eramanda, edozein kultura edo arte mota euskaraz egotea litzateke, gutxi gorabehera. Euskara normalizatuko bada, kultur sistema ere normalizatu beharko da, eta ezin dezake hori egin ez badiogu arte tarrari sartzen uzten. Sar dadila etxe barruraino, zapata lokaztuak atean utzi gabe. Lokaztuko digu lurra, baina guk etxean aurkitu ezin dugun zerbait ekarriko digu ordainean. Utzi behar dugu gure kultur sistema garbi, preziatu eta eder hau zikindu dadin. Sarrionandiak esan zuen modura, “bizitza duen guztia zikina da”. Eta nork ez du nahi euskal kultur sistema bizi bat?

 

«Gehiengoak kontsumitzen badu kultura hori, nola ausar daiteke inor txarra dela esatera? Biztanleen gehiengoak ideiarik ere ez daukala eta oker dagoela esan nahi al du?»