EDITORIALAK

Azaroak 30. Herri bat, bestelako herri eredu bat aldarrikatzen eta sortzen. Greba feminista orokorrak hartu ditu Euskal Herriko kaleak, denon bizitzak erdigunera ekarriz, zaintza eta sistema bera errotik eraldatzera dei eginez, eta askotariko borrokak elkarrekin lotuz.

Egun hori eta gero, ezer ez da berdina izango. Atzera bueltarik ez duen borroka ziklo horrek herritarron eskubideak ditu aldarri, eskuineko bideei ateak ixten dizkie. Euskal Herriaren historia idaztera eta kontatzera dator; edo, hobeto esanda, idazten eta kontatzen ari da jadanik.

Eskubideak. Bizitza duina izateko ezinbestekoak ditugu, tartean, etxebizitzarakoa. Ordea, pribilegiotik hurreago dago gurean, negoziorako eta espekulaziorako iturri bihurtu baitute batzuek; aldiz, herritar askorentzat buruhauste eta arazo da. Horri heldu diogu lehenengo dosierrean: erreportajean, Euskal Herriko egoera aztertu dugu, azken hamarkadetako bilakaeratik abiatuta.

Bestetik, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko kidea elkarrizketatu dugu, besteak beste, administrazioetan egin denaz eta egin daitekeenaz jabetzeko. Infografian, berriz, Europako errentaren eta etxebizitzaren arteko harremana aztertu dugu.

Azkenik, Izaskun Soto Hiritik At kooperatibako kideak bestelako etxebizitza ereduak izan ditu hizpide, eta bizitza komunitarioaren eta espazio komunen indarguneak aipatu dizkigu.

Eskuin bideak. Zenbaitetan, gainera, eskubideen eta askatasunaren mozorropean datozenak. Eskuin muturrak eta faxismoak baditu mila aurpegi, baita eguneratzeko eta jendartearen aldaketetara moldatzeko gaitasuna ere. Adibide ugari ditugu azken aldian, nola alderdi politikoetan hala mugimendu sozialetan ere.

Horiek aletu ditugu bigarren dosierrean; ezaugarriak, tresnak, bilakaera eta beste zenbait ertz jorratu ditugu erreportajean eta Floren Aoizen artikuluan, baita infografian ere. Ordea, eskuinaren eta faxismoaren oldarraldi horrek izan du herri erantzuna gurean, eta badu gaur egun ere. Borroka horretan feminismoak duen gaitasuna eta garrantzia nabarmendu du June Iartza Ernaiko kideak iritzi artikuluan.

Istorioak eta historia. Honako hau esan zuen Graxi Etxebeherek Miribillan, 2018an: “Ametsari eutsi diogu, indarrez, malkoz, maitasunez. Baina eutsi diogu. Bakotxak ekarri du hona bere istorioa. Bakotxak idatzi du istorio zati bat. Begiratu diezaiogun elkarri, eta ikusi zenbat istorio elkartu diren gaur hemen”. Istorioek mugitzen gaituzte, eta mugitzen den horrek egiten (eta idazten) du historia.

Horretan datza storytellinga, istorioak kontatuz, emozioak eragitean eta jendea mugiaraztean. Publizitatean ez ezik, politikan ere ohiko tresna bihurtu da, boterera iritsi diren joera eskuindarreko presidente -eta, aldi berean, pertsonaia zenbaitek erakusten duten bezala. Storytellingean erabiltzen diren zenbait teknika jorratu ditugu hirugarren dosierrean, benetako adibideetatik abiatuta. Hortik ere baitugu zer ikasi; badugulako zer borrokatu, zer sentitu, zer kontatu eta zer idatzi.