SINADURAK

Egoitz Urrutikoetxea

Iratzar Fundazioko kidea

Zer irudikatzen du separatismo hitzaren erabilerak?

2020-12-10
FR

Azken asteotan, "separatismoa" kontzeptuak indar handia hartu du berriro ere eztabaida politiko eta mediatikoan. Joan den irailaren 4an, Hirugarren Errepublikaren 150. urteurrena ospatzeko Panteoian egindako ekitaldian, Emmanuel Macron presidenteak zera adierazi zuen, "Errepublika zatiezinak" ezin zuela "abentura separatistarik" onartu. 


Argazkiak / Wikipedia Commons

 

Barne Ministerioaren arabera, Frantzia "komunitarismoak jota gaixoturik dago". Frantzia gerra zibilaren atarian legoke. Diskurtsoa alarmista da. Hitz gogorrak dira. Ustez Frantzia "gaixotzen" duten gaitz horien "sendagaia" lege proiektu batean barnebildurik legoke; hain zuzen ere, "separatismoaren" aurka borrokatzea xede duen lege proiektuan.

Hitzak ez dira inozoki hautatzen; errealitatea areagotu edo leundu egin dezakete baina, batez ere, errealitatea desitxuratu egin dezakete. L'Homme révolté lanean, Albert Camus-ek gogorarazten digu "hizkuntza argia lortzeko borrokatu" behar dugula, "gezur unibertsala ez loditzearren".  

 

«Zer dago termino horren lekuz kanpoko erabileraren atzean?»

 

"Separatismo" hitzaren erabilerari hainbat alderditatik egin dakioke kritika, gertaera historikoak desitxuratzen dituelako, gaur egungo mugimenduen arteko loturak iradokitzen dituelako eta nahaste-borrastea sortzen duelako.  

Historikoki, nazio lurraldearen osotasuna eta batasuna urratzeko nahitzat interpretatu izan da legeetan. Batik bat, 60ko hamarkadan erabili zen hitz hori, Frantziako kolonietan independentzia lortzeko izan ziren borrokaldiekin loturik. Horrela, bada, separatismoaren aurka borrokatzeko, Frantziak errepresioa baliatu zuen kolonietan eta, horren ondorioz, 1963. urtean Estatuko Segurtasun Auzitegia sortu zen; auzitegi berezi horretan independentistak epaitu zituzten, izan guyanar, izan guadalupar, izan korsikar edo izan euskaldun, 1981. urtean desegin zen arte.

"Separatismo" hitzak iruditeria frantsesa gogorarazten du, balio unitarioen eta estatu-nazio unitario baten ideian oinarrituta eratutako iruditeria. Gogora dezagun, bide batez, Frantzia "bat eta zatiezina" forzepsekin eraikitakoa dela, edo Charles de Gaulle-ren hitzei jarraikiz, "ezpata ukaldika". Iraganean erabilitako metodoak pentsaezinak izango lirateke gaur egun, erabat.

 

«"Errepublikaren" nolabaiteko ideia bat aitzakiatzat hartuta, "bestea" estigmatizatu eta baztertu zuten, jatorria, hizkuntza eta kultura direla eta, "frantses onaren" arautik gehiegi aldetzen zen oro»

 

"Errepublikaren" nolabaiteko ideia bat aitzakiatzat hartuta, "bestea" estigmatizatu eta baztertu dute, jatorria, hizkuntza eta kultura ezaugarriak direla eta, "frantses onaren" arautik gehiegi aldentzen delakoan. Frantziako kultura eta hizkuntzaaurrerabidearen sorburutzat jotzen dira, iraultza progresista, aurrerakoi batetik sortu ziren aldetik. Eta errealitate horrek aldi historiko legitimo eta ofizial bat irudikatzen du. Aldiz, kultura eta hizkuntza periferikoak –hala nola euskara, bretoiera edo okzitaniera– gizarte "zahar" eta "estatikotzat" hartzen dira, funtsean, "kontserbadore" eta "erreakzionarioak".Horren ondorioz, bi espazio antagoniko eratu dira ideologiari dagokionez: lehenengoak aurrerabidearen gizarte modernoa eta zentralizatua irudikatzen du eta, bigarrena, aldiz, mundu primitiboarekin identifikatzen da, ustez iraganean izozturik gelditu den eta modernitatean sartu ezin izan duen munduarekin.  

Harrezkero, hizkuntzak, kulturak edo herriak aintzat hartzeko aipamen oro aurrerabidearen aurkako erresistentziaren parekotzat jo da. Frantzian, Estatu-nazioaren eskala soilik da askatasunaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren ideal unibertsala irudikatzeko gai. Nazioaren batasuna eta zatiezintasuna, beraz, emantzipazioaren premisa bakarrak bihurtu dira.  

 

«Zentralismo abstraktua izan da, beti, estatu errepublikanoaren bereizgarri, zentralismo bihozgabea eta zapaltzailea»

 

Gizakiak pentsamolde eta jokamolde bakarrera mugatzeko nahi hori Hirugarren Errepublikan sendotu zen, zibilizazio frantsesaren nagusitasunaren izenean. Gizakiak eredu "ideal" batera egokitzeko ideia, eredu hori ona izan arren, sufrimenduaren eta jazarpenaren bitartez baino ezin izan da gauzatu: uniformizazio politika Frantzia barruan, eta kolonizazio politika Frantziako lurraldearen mugetatik kanpo.

Errepublika Frantsesa ez da inoiz izan proiektu inklusibo eta unibertsal baten adierazlea. Zentralismo abstraktua izan da, beti, estatu errepublikanoaren bereizgarri, zentralismo bihozgabea eta zapaltzailea, aldi berean. Estatu errepublikanoaren historian argi ikus daiteke hautabide sekuritario eta autoritarioaren tentazioak iraun egin duela. Sarraski ugari egin dira ordena errepublikanoaren izenean: Pariseko Komuna garaia, langileen grebaldietako triskantzak edo 1945eko maiatzaren 8an Aljerian hasitako Setif, Guelma eta Kherrata-ko sarraskiak.

Frantzia gaixo baldin badago, alteritatearekiko edo ezberdina denarekiko duen harreman konplexu eta gatazkatsua da horren arrazoia. Harreman gatazkatsu hori baretu zen, bere garaian, Estatu errepublikanoak proposatutako sasi kontratu sozialarekin; izan ere, kontratu horren bitartez, frantziar hiritarrek beren egoera sozial eta ekonomikoak hobera egingo zuelako itxaropena izan zezaketen. Alabaina, Estatu errepublikanoak aspalditik huts egin du kohesio sozial eta ekonomikoa lortzeko bere eginkizunean. Zerbitzu publikoak uzkurtzen ari dira, mindutako hatz lodi baten antzera.Estatuak bizkarra eman dio herritarren babes sozialari. Orain, arau ekonomiko suntsitzaileak zorrotz aplikatzeaz baino ez da arduratzen, bertako herritarren borondatea gorabehera eta borondate horren aurka.  

"Separatismoa", "Errepublika" eta "Laikotasuna" hitzen erabilera akusatzaile eta baztertzaileak lerratze nazionalista sakona irudikatzen du. Horrela, Frantziako nazioaren "batasun santuaren" izenean, Estatu errepublikanoak gizartearen amorru legitimo guztia desbideratzea espero du.