SINADURAK

Mikel Otero

EH Bilduko legebiltzarkidea eta militante ekologista

Zaldibar, zabortegiak eta ekonomia zirkularra

2020-07-06

2020ko otsailaren 6an, Euskal Herrian seinalatuta geratuko den data lotsagarrian, Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegi pribatuaren zati handi bat maldan behera jauzi zen, ehunka mila tona zabor artean oraindik agertu ez diren Alberto Sololuze eta Joakin Beltran langileak irentsita gelditu zirelarik. Luzaroan konponduko ez den kutsadura arazoaz gain, guztion begi bistara agertu ziren gure bizimoldearen aspektu negargarrienetariko batzuk. 


 

Zaldibarko zabortegian langileak makinekin zaborra altxatzen. Argazkiak: FOKU

 

Alde batetik, zaborraren kudeaketa eredu kezkagarria agertu zen begien bistara, zeinaren bitartez irabazi partikularren irrikiaren eta beste alde batera begiratzen duen administrazio arduragabearen baturak hondamendia ekarri zuen. Bestalde, zabor jauziak harrotutako zalaparta politiko eta mediatikoarekin batera, behar beste aztertzen ez ditugun kontuez jabetzeko aukera eman zigun; gure bizimoduak edo, zehatzago esanda, gure metabolismo sozial eta ekonomikoak, bere erreprodukziorako baliabide material kopuru ikaragarriak behar ditu eta, ekonomia zirkularraren inguruko diskurtsoez haratago, gure ekoizpen sistemak izaera lineala du. Hau da, materialen fluxuen ikuspuntutik, gorputz produktiboak naturatik baliabideak hartu eta irensten ditu eta liseriketaren bidez ondasun materialak sortzen ditu, baina prozesu horretan, albo ondorio gisa, hondakin kopuru ikaragarria “libratzen” du, zati handi bat atmosferara isuriz (krisi klimatikoa sakonduz), beste zati handi bat zabortegietara doalarik. Guztiaren atzean, gure bizimoduaren aztarna ekologiko handi eta jasanezina dago. Azter dezagun hau zertxobait gehiago.

Otsailaren 18an, Gasteizko Legebiltzarrean, Zaldibarko krisiaren inguruko agerraldiaren testuinguruan, Jaurlaritzaren jokaera traketsaren kontu emate ariketan Iñaki Arriola Ingurumen Sailburuak, ia oharkabean pasa ziren datu itzel eta eguneratuak ipini zituen mahai gainean. EAEn (eta Nafarroako datuak ez dira askoz hobeak), 6.300.000 tona hondakin sortzen ditugu urtean (industria hondakinak %60 direlarik), biztanleko 2.900 kilo, eta hauetatik 2.200.000 tonak zabortegietan amaitzen dute. Urtero! Zabor hau jasotzeko 15 zabortegi ditugu, bat Araban, publikoa, hiru Gipuzkoan (bat pribatua) eta hamaika Bizkaian (hauetako 9 pribatuak direlarik). Honez gain, esportatzen ditugun 320.000 tona hondakin industrial arriskutsu sortzen ditugu, bertan ez baitugu zabor industrial arriskutsuak jasotzeko lekurik. Are gehiago, urtean ehunka mila tona zabor erretzen dituen erraustegi bat gutxi ez balitz, bigarrena abian ipintzen ari dira. Erraz atzeman daiteke, datu apur hauekin, horrenbeste hika mika sortu duen etxeko hondakinen kudeaketaz harago, lehen mailako arazo orokortua dugula zaborrarekin.

 

«Materialen fluxuen ikuspuntutik, gorputz produktiboak naturatik baliabideak hartu eta irensten ditu eta liseriketaren bidez ondasun materialak sortzen ditu, baina prozesu horretan, albo ondorio gisa, hondakin kopuru ikaragarria “libratzen” du.»

 

Emandako datuek, larriak izanik ere, ez dute arazoaren tamaina bere osotasunean erakusten.  Gerturatze zorrotzago bat egiteko, nahiz eta bete betekoa ez izan, ekonomiaren materialen fluxuen diagrama ikustea komenigarria da:

 

  

Bertan ikusi daiteken bezala, gure ehun produktiboa elikatzeko urtean 47,9 milioi tona material sartzen dira (EAErako datuak), baina birziklatutako materialak 3,3 milioi tona besterik ez dira, hau da, prozesatutako materialen  %7a baino gutxiago. Datu hauek garrantzi berezia hartzen dute Ekonomia Zirkularraren inguruan asko hitz egiten hasiak garen garai hauetan. Ekonomia zirkularraren xedea material berdinak ehun produktiboan behin eta berriro erabiltzeko apustua baldin bada (konponketa, berrerabilpena eta birziklapena medio), datuek, errealitate gordinak, gure ekoizpena lineala dela gogora arazten digu (naturatik hartu, hondakinak sortuz ekoitzi eta bota eskema jarraitzen duena). 

 

 

Ez hori bakarrik, birziklapena eskasa izateaz gain, hondakin kopuru handiena atmosferara isurtzen dugula ere ikusten da, hain zuzen 14,7 milioi tona, batik bat baliabide energetiko fosilen erretzearen ondorioa. Aldaketa klimatikoari gure ekonomiak egiten dion ekarpen nagusia da.  EAEtar bakoitzak urtean  9,2 tona CO2 baliokide isurtzen ditugu, Nafarrek 8,7 tona CO2 baliokide isurtzen dituen bitartean (mundu mailako bataz bestekoa 4,7 tona diren bitartean). Horrez gain, naturarenganako presioa aipatu diren baliabideak baino askoz handiagoa da. Ziklo ekonomikoan sartzen diren baliabideez gain, ezkutuko materialen fluxua ere kontutan hartu behar dugu (behar material orokorrak).

 

«EAEn 6.300.000 tona hondakin sortzen ditugu urtean (industria hondakinak %60 direlarik), biztanleko 2.900 kilo, eta hauetatik 2.200.000 tonak zabortegietan amaitzen dute.»

 

Indikadore kezkagarri hauek modu sinplifikatu eta argigarri batean ikusi nahi baditugu, errazena aztarna ekologikoari begiratzea da. Aztarna ekologikoak materialen, lurren, itsasoaren, basoen erabilpena eta erabilpenaren ondoriozko isuriak neurtzen ditu modu sintetikoan, eta planetaren biogaitasunarekin alderatzen ditu. EAErako emaitzak berriki aztertu dira, eta ondorioak argiak dira; gure ekoizpen eredua eta hondakinak sortzeko erritmoa mundu osora zabalduko balitz, 2,65 planeta beharko genituzke eta, dakigunez, planeta bakarra dago (hemen azterlana). Guztia kontutan harturik, gure jarduera sozial eta ekonomikoa bi, eta soilik bi, ardatzetan oinarritzen dugula esan dezakegu; alde batetik, munduaren bataz bestekotik askoz gorago kontsumituz, honek dakartzan desoreka eta injustiziekin. Bestetik, planetaren ahalmenaren gainetik ibiltzeak honen degradazioa ekartzen du, eta horrek esan nahi du datozen belaunaldiei dagozkien baliabideak erabiltzen ari garela, belaunaldien arteko elkartasuna hautsiz, garapen jasangarriaren oinarri basikoa apurtuz.

 

Datu krudeletatik abiatuz, hausnarketa batzuk ezinbestekoak dira

Iñaki Arriola Ingurumen Sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburua Zaldibarren prentsaurrekoan, hondamendiaz azalpenak ematen. Eusko Jaurlaritzak, Verter Recycling 2002 S.L. enpresaren gaineko kontrol faltagatik izan ditzakeen ardura oro ukatu dute etengabe, ardura osoa enpresaren gain utziz. Argazkia: FOKU

 

Egoeraren larritasunaz kontziente izan behar dugu. Gure eredu sozioekonomikoa planetaren biogaitasunaren gainetik bizi den neurrian, hondakinen kudeaketa eredua eta ekoizpen eredu harrapariaren eraldaketa arazo zentrala bihurtzen da. Gaur egun, orain arte arlo ezberdin bezala ikusi direnak (adib. arlo soziala, ekonomikoa eta ekologikoa) estuki erlazionatua daudela argi nabarmendu behar da eta beraz edozein politikak azaldutakoa kontutan hartu beharko luke. Horregatik, XXI. mendean, indar politiko eraldatzaile batek ekoizpen ereduaren eraldaketa ekologikoa (planetaren mugetara atxikitzea helburu) kontu sektoriala izatetik gai estrategikoa izatera eraman behar du. Porrota, ematekotan, atzera bota ezina izango da. Eta gaur egungo egoerari buelta emateko aukera leihoa dramatikoki estutu da.

 

«Datozen belaunaldiei dagozkien baliabideak erabiltzen ari gara, belaunaldien arteko elkartasuna hautsiz, garapen jasangarriaren oinarri basikoa apurtuz.»

 

Ekonomia zirkularra kapitalak kooptatzen duen zentzurik gabeko terminoa bihurtu ez dadin, premiazkoa da materialen zikloak itxi eta energia berriztagarriak erabiliko dituen benetako ekonomia zirkularreko eredu baterantz abiatzea. Horrela, ingurumenaren gaineko inpaktuak arinduko ditugu, bai baliabide naturalen erauzketa murriztuko dugulako, bai isurketak, hondakinak eta emisio kutsatzaileak murriztuko ditugulako. Ekonomia zirkular integrala eta sistemikoa proposatzea dagokigu. Estrategia eraginkorrenak aplikatzeaz gain, gure ekoizpen- eta kontsumo-zikloak birpentsatzeko, birlokalizatzeko, birdimentsionatzeko, birbanatzeko garaia da, gure jarduerak berrantolatzeko, bizitzari eusteko funtsezkoak direnak lehenetsiz, ekonomia zirkularraren ikuspegi sinplista eta partziala duten proposamenetatik aldenduz, industria-lehiakortasunean bakarrik azpimarra jarri gabe.

 

«XXI. mendean, indar politiko eraldatzaile batek ekoizpen ereduaren eraldaketa ekologikoa kontu sektoriala izatetik gai estrategikoa izatera eraman behar du.»

 

Bultzatu beharreko eredu ekonomikoak, trantsizio ekosozialerantz doazen lurralde eta gizarte erresilienteagoak sortzeko balio behar digu. COVID19ak sortutako krisiak erakutsi digu ildo horretan ibiltzeko beharra dagoela. Ekonomia zirkularraren aldeko apustu irmoak baldintza horiek bete beharko lituzke eta, gainera, enplegu-nitxo berriak sortzea ahalbidetu beharko luke, sektore zirkular asko lan-intentsiboak baitira. Sinbiosi eta eredu integral eta sistemikoak behar ditugu, gure subiranotasuna (ekonomikoa, elikadurakoa, energetikoa) eta gure lurralde-autonomia handitzeko, ingurumen-mugak errespetatuz eta gure aztarna ekologikoa minimizatuz. Edozein hondakin baliabide bihurtzen duten eredu eraginkorrak, nahikotasunetik bideratuak eta ingurumenerako kaltegarriak diren jarduerak murrizten dituztenak. Ikuspegi sistemiko bat lagungarria da eredu ekonomiko zirkularraren abantailak lurralde osoarenak eta haren eragileenak izan daitezen, elkarlanean, eta ez deslokalizazio mehatxuarekin jokatzen duten enpresa lehiakor gutxi batzuen kontua; modu honetan, etor daitezken onurak guztiok eskuratzeko, ingurumen- eta gizarte-justizia aldi berean sustatuz.

 

«Ekonomia zirkularra kapitalak kooptatzen duen zentzurik gabeko terminoa bihurtu ez dadin, premiazkoa da materialen zikloak itxi eta energia berriztagarriak erabiliko dituen benetako ekonomia zirkularreko eredu baterantz abiatzea.»

 

Amaitzeko, hasi naizen puntura itzuli nahiko nuke. Aipatu dut Zaldibarren, zaborrarekin batera, kudeaketa eredu bat jauzi zela. Irabazi azkarrak bilatzen dituen kudeaketa pribatua, bere lana planifikazio falta eta begi bistako utzikeriaz egin duen administrazio batekin  elkar elikatu dira. Nola ulertu bestela urtean 2 milioi tona zabor baino gehiago sortzen duen lurralde batek hondakinen inguruko legerik ez izatea? Nola ulertu jarduera esanguratsu gehienak erregulatzen saiatu den administrazio batek hondakinen inguruko Lurralde Arloko Plan bat ez izatea? Nola da posible inguruko biztanle guztientzat agerikoa zen kudeaketa eskasaren aurrean eskua sartu ez izana? Edo are okerrago, nola liteke ikuskaritza lanetan topaturiko irregulartasun guztien ondoren espediente zigortzailerik ez abiatzea? Eta guztia gutxi balitz, nola ulertu Zaldibarko hondamendiaren ostean, kontrolek huts egin zutela onartu ostean, Azkoitian beste zabortegi pribatu bati bide emateko pausoak ematea? Guzti hau ezin da ulertu interes gurutzatuak ez badaude. 

 

«[Zaldibarren] Irabazi azkarrak bilatzen dituen kudeaketa pribatua, bere lana planifikazio falta eta begi bistako utzikeriaz egin duen administrazio batekin  elkar elikatu dira.»

 

Jakitun izanik ekonomia zirkularra hastapenetan dagoela, jakitun izanik milioika tona zabor industrialei irtenbidea ematen jarraitu beharko dugula eraldaketa sakonak egiten ditugun bitartean, zabortegi pribatuen ereduarekin amaitzea guztiz premiazkoa da, are gehiago eredu hau fidagarria ez dela frogatua geratu denean. Arazoaren tamaina ikusita, argi dago irtenbide magikorik ez dela izango epe laburrean, baina kontu gutxi batzuk argi izan behar ditugu; aztarna ekologikoa murriztu behar dugu, benetako ekonomia zirkularra bultzatu behar dugu, baliabide naturalen erabilpena jaitsi beharrean gaude klima krisiaren erronka heldu nahi badugu, hondakinen sorkuntza sustatzeari utzi behar diogu eta sorturiko hondakinen kudeaketa planifikatu eta publifikatu behar ditugu, etekin pribatutik ardura publikora igaroz.