SINADURAK

Urtza Alkorta eta Maider Lazkano

Sortuko kideak

Zaldibar, pandemiaren entsegu gisa

2021-02-06

Apokalipsiaren zaldunek izurria, gerrak, gosea eta heriotza ekarri zituzten. Horixe bera da egoera, izurriak krisi ekonomiko latza ekarri duelako eta trantsizio klimatikoak ere ez baitu ematen baketsua izango denik.


Artikulua Berria egunkarian

 

Argazkia. Dani BlancoCC BY-SA 4.0

 

Apokalipsiaren lau zaldunek izurria, gerra, gosea eta heriotza ekarri zituzten. 2020ak ekarri diguna imajinatu ere ezin genuen egin duela urtebete eskas. Sarri irakurri dugun baieztapena izan da pandemia hau larrialdi klimatikoak ekarriko digunaren entsegu gisa hartu behar genukeela, bertatik irakaspenak atera eta erronka erraldoi horri ahalik eta ondoen prestatuta aurre egin ahal izateko. Baina etxeko konfinamenduak guztiok isolatu baino hilabete eskas lehenago, izurri honen entsegu orokor bat bizi izan genuen Deba eta Durangaldeko bailaretan Zaldibarko Verter Recycling 2002 SL zabortegian izandako hondamendiaren ondorenetan.

Otsailaren 6aren osteko egun haiek EAJ eta PSE-EEren koalizioak osatutako Eusko Jaurlaritzak pandemiaren kudeaketan izan duen harrokeria, ilunkeria eta arduragabekeriaren aurrekari ere izan ziren. Apokalipsiaren lau zaldunak Zaldibar kasuaren bueltako lau irudi bilakatuko ditugu hurrengo lerrootan, Zaldibar kasuaren eta izurriaren kudeaketaren arteko kointzidentziak azaltzeko.

 

«Sarri irakurri dugun baieztapena izan da pandemia hau larrialdi klimatikoak ekarriko digunaren entsegu gisa hartu behar genukeela»

 

Lehen irudia musukoak eta zabortegia sutan. Zaldibarko «zulo beltza» AP-8 autobidearen gainera erori eta ordu batzuetara suteak piztu ziren, gas toxikoak isuriz zerura. “Dioxina” eta “furano” berbak hitzetik hortzera erabili genituen aste batzuetan. Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren kalean musukoak erabiltzea gomendatu zen, ariketa fisikorik ez egitea aholkatu, leihoak itxi eta etxean egoteko esan. Alerta egoera ezarri zen. Ohitu gara dagoeneko futbol partiduak estadioetan publikorik gabe ikustera izurriaren ondorioz, baina horrela jokatu zuten Eibarren eta Realaren arteko Ipuruako derbia airean zeuden elementu kutsakor horien ondorioz.

Bigarren irudia, Josu Erkoreka Anbotoko tontorrean; sailburuak eta lehendakaria enkoadretik kanpo. Gardentasun falta, erabakiak gaizki eta berandu hartzea, enpatia falta eta oposizioko alderdiekin zein eragile sozial eta sindikalekin harreman eza konstantea izan dira “Zaldibar kasuan” eta izurriaren kudeaketan. Bost egun pasa behar izan ziren Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak zerbait esateko. Nekane Murga Osasun sailburuaren berririk ez zegoen. Josu Erkoreka bozeramaileak zabortegiaz ezer esan baino lehen, hondamenditik bi egunera Anbotoko tontorrean selfie bat atera eta Twitterren eskegi zuen.

 

«Gardentasun falta, erabakiak gaizki eta berandu hartzea, enpatia falta eta oposizioko alderdiekin zein eragile sozial eta sindikalekin harreman eza konstantea izan dira “Zaldibar kasuan” eta izurriaren kudeaketan»

 

Iñigo Urkullu lehendakariak otsailaren 11n hauteskundeen aurrerapena iragartzeko prentsaurrekoa deitu zuen. Ez zuen txintik esan Zaldibarrez kazetariek galdera egin zioten arte, mundu guztiak adierazpenen bat espero zuenean; enpatia apur bat eta azalpenak. Kazetariak hondamendi gunera joateko asmorik ez ote zuen galdetuta, «Twitterreko kanpainengatik ez» erantzun zuen lehendakariak haserre eta harropuzkeriaz. Hondamenditik sei egunera bisitatu zuen lehenengoz zero gunea.

 

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratzeko oroigarriak. Argazkia / Wikipedia Commons. Txikillana.

 

Koronabirusaren datuekin gertatzen den gisan, informazio garden falta eta mezu kontraesankorrak etengabeak izan ziren egun haietan. Astebetez airearen kalitatea ona zela errepikatu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailaren 14an urgentziaz agerraldia egin eta dioxina eta furano kantitatea uste baino handiagoa zela esan zuten arte. Orduan, neurri murriztaileak gomendatu zituen gobernuak. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertutako langileen familiek Lakuako gobernuari azalpenik ez ematea leporatu zioten behin eta berriz. Iñaki Arriola eta Verter Recyclingeko nagusien arteko laguntasun harremanaz ere ez da behar beste argi jarri.

Hirugarren irudia, Iñigo Urkullu haserre herritarrekin eta Josu Jon Imaz Petronorren. Covid-19ren kudeaketan Eusko Jaurlaritzaren estrategia bat eta bakarra izan da: ardurak besterendu. Kutsatzeak handitzen badira norbanakoaren ardura dira neurriak ez betetzeagatik. Urteetako politika neoliberal eta pribatizatzaileek utzi duten osasun sistema ahularen ardurak beren gain hartu eta inbertsio publikoak egitea baino erosoago zaie, noski. Verter Recycling 2002 SL enpresaren kasuan ere berdina egin dute; ardura guztia haiena da. Txintik ere ez dute esan, ordea, 2000. urtean Josu Jon Imazek Industria sailburu zela administrazioak zabortegiak tutelatzeko zuen betebeharra minimizatzeko eman zuen Aginduari buruz, politika pribatizatzaileen abaroan. Ardura gainetik kendu beste behin ere, arduragabekeria itzelez.

 

«Izurriak eta larrialdi klimatikoak ispiluaren aurrean jarri ditu Euskal Herria eta zibilizazioa oro har»

 

Laugarren eta azken irudia Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzerena da, noski. Ez dezagun ahaztu Albertoren gorpua sei hilabete geroago topatu zutela eta Joaquinek oraindik desagertuta jarraitzen duela. Gutxi batzuen interes ekonomikoak lehenesten direnean osasunaren, segurtasunaren edo onura kolektiboaren aurretik, bizitzak atzera egiten du, batzuetan heriotzaraino. Hala gertatu zen Zaldibarren AP-8 autobidea lehentasunez irekitzea erabaki zuenean Bizkaiko Foru Aldundiak, amiantoarekin langileak arriskuan jarriz. Eta hala gertatu zen Joaquinen eta Albertoren bizitzekin.

Izurriak eta larrialdi klimatikoak ispiluaren aurrean jarri ditu Euskal Herria eta zibilizazioa oro har. Apokalipsiaren zaldunek izurria, gerrak, gosea eta heriotza ekarri zituzten. Horixe bera da egoera, izurriak krisi ekonomiko latza ekarri duelako eta trantsizio klimatikoak ere ez baitu ematen baketsua izango denik, horrek dakarrenarekin. Izurria larrialdi klimatikoaren entsegua izango bada, euskal jendarteak bere buruari galdetu behar dio EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu bat, ikusitakoak ikusita, erronka erraldoi horiek gardentasunez, segurtasunez eta konfiantzaz kudeatzeko gai ote den. Alternatiba indartzeko garaia da.

 

TWITTER