SINADURAK

Maite Aranalde Ijurko eta Asier Bengoa Lopez de Armentia

Arrazakeriaren aurkako aktibistak

XXI. mendeko arrazakeria

2023-03-20
ES   

Martxoaren 21a arraza diskriminazioarekin amaitzeko nazioarteko eguna da. Egun horretan, 1960ko martxoaren 21ean, Sharpevillen, Hegoafrikan, gertatutako sarraskia gogoratzen dugu: poliziak tiro egin zuen arraza-bereizketan oinarrituriko erregimenaren aurkako manifestazio baten aurka. 69 pertsona erail zituzten, eta ehunka zauritu. Apartheid izenez ezaguna (1948 eta 1990 artean), bereizketa sistema hori gutxiengo zuri pribilegiatu eta basati baten nagusitasuna bermatzeko diseinatu eta garatu zen, pertsonatzat aitortuta ez zen lurralde horretako gehiengo beltza menderatzea helburu.


Argazkia. Unsplash / visuals

 

Independentziaren lorpenak 1961ean eta apartheidaren amaierak hiru hamarkada geroago, aldiz, ez zuten Europatik gauzatutako egiturazko dominazioaren aldaera guztien desagerpena ekarri. Aitzitik, horiek areagotu egin ziren, garai berriek ekarritako aldaketetara egokituz, mekanismo berritzaile eta konplexuagoak eraikiz menderatzearen jarraipena ziurtatzeko. Zibilizazio eredu horren inposizioa garai kolonialarekin hasten da, eta ez da euren administrazioen amaierarekin desagertzen; denboran irauten du, gaur egunera arte iritsiz. Harreman mota hori, prozesu hori, kolonialitate izenarekin ezagutzen dugu.

Bien bitartean, alde batetik, eredu liberal-demokratikoa “esportatu” genuen, herri ezberdinen soberanian esku hartzeko eta horien baliabideak kontrolatzeko. Bestetik, gure izanaren eta inguratzen gaituenaren inguruan dagoen ikuspegi dogmatikoa zabaldu genuen bortxaz, jatorrizko herriek Abya Yala izendatzen duten kontinente erraldoian lur zentimetro bakoitza eta bertakoen gogoak kristautuz. Gure zibilizazioa bi hankako sistema baten gainean eraikia izan da: bata, ondasunak lapurtu eta langile klasea zein sektore herrikoiak zapaltzen duen ekonomia kapitalista; bestea, inposizio epistemologikoaren eredua.

Deskribatutako errealitatearen barruan, gaur egun migratzen duten pertsonek Europara eta gurera ailegatzea lortzen badute, heriotza saihestuta baina bidaian era guztietako egoera latzak igarota, beren jatorriko lekuetan jasanezinak diren egoerek behartuta egiten dute: izaera inperialistako gerrak, jazarpen politikoa, itxaropen falta erabatekoa, gosea, miseria, klima aldaketa, etab.

 

«Iparralde globala, eta gu horren parte gara; arpilatzea une historiko bakoitzean planetako gainerako nazio eta estatuetako lehengaiak ahalik eta gehien estutuz hazi eta garatu da.»

 

Batzuetan biolentzia hori gordinki agertzen zaigu: Libiako Estatuaren suntsiketa, saharar herriarekiko traizioa, Palestinako herriaren aurkako genozidioa, etengabeko desegonkortze saiakerak eta izaera inperialista duen esku hartzea ezkertiar eta progresistak diren hainbat gobernuren politiketan Atlantikoaren bestaldean (Urkullu lehendakaria lapurreta erraldoi horretan zuzenean parte hartu eta eusko labela duten multinazionalen konplize gisa agertuz).

Beste batzuetan, indarkeria bera askoz ere sotilagoa den moduan aurkezten zaigu: lawfare; turismo harraparia; "garapenerako edo berreraikuntzarako diru laguntzak” izenpeko kolonialismo ekonomikoa eremu horietan jarduten duten GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde)-en bitartez;ospakizun ponposoak eta laudorioak, baita Euskal Herrian ere, konkistatzaileak eta haien egintza handiak goraipatuz, etab.

Praktika eta harreman-modu supremazista horiek guztiak dagoeneko aipatu Mendebaldeko inposizio epistemologikoan oinarritzen dira. Gure Historia guztien historia da, guk idatzita eta guretzat kontatua: Errenazimentua, Modernia, Iraultza Handiak, Munduko gerrateak eta "aurkikuntzak". Ez dago gurea ez den beste errealitate eta ikuspegirik.

 

«Egoera horiek guztiak ezpadira gehienak, Mendebaldetik gainerako herrialdeen, horietako biztanleriaren eta Naturaren aurka zabaltzen dugun bortizkeria izugarriaren ondorio zuzenak dira.»

 

Beraz, planetaren goialdea behekoaren bizkarrean, eta horri esker, bizi dela ikusteko eta ulertzeko aukera ematen diguten gakoak zuzenak badira, honako egiaztapen hau argia da: euskaldunok zapalketa egoeran bizi gara Espainiar Erreinua eta Frantziar Errepublikaren menpe alde batetik; baina, bestetik, bagara ere herri zapaltzailea, artean kontaturiko mundu mailako krimenetik onura atera eta ateratzen jarraitzen dugun heinean, Europako hiritar moduan gure pribilegioei etekina ateratzen. Kondizio bikoitz horrek zeharkatzen gaitu erabat.

Egungo euskaldunak ez gara gure herriak mendeetan gauzaturiko ekintza guztien erantzulea, baina bagara orain eta etorkizun hurbilean egiten eta egingo dugun horrekiko. Hortik abiatuta, halako praktika onargaitzak baztertu eta Justizia, Berdintasuna eta Elkartasuna oinarri izango dituen bestelako errealitate bat hasi ahalko gara pentsatzen eta bistaratzen biziki maite dugun gure herriarentzat.

 

«Arrazakeria, beraz, gure sistema politiko eta kulturalean berezkoa da eta batera doa, gure ongizatearekin eta munduan dugun nagusitasun posizioarekin estuki lotuta baitago. Arrazistak gara, materialki eta kulturalki. Eta gure helbururik behinena argia da: arrazistak izateari behingoz uztea.»