SINADURAK

Uma Ulazia eta Maider Barañano

Euskal Herriko Neska* Gazteak

Utopiak lehertzeraino

2023-04-22

Azken urteetan areagotu egin zaizkigu mundua amaituko denaren eta distopiara bidean goazenaren mundu-ikuskerak, pandemiak nahiz planetaren mugen gainditzeak eta baliabide naturalen agortze hurbilak indartuta. Katastrofeaz etorkizunean dihardute. Hala, berau iritsi artean, plazer efimero eta irtenbide indibidualen bilaketan irudikatu izan dira oraina eta etorkizuna, hau posible eta sostengarria balitz bezala. Desartikulazioa eta pasibotasuna, etorkizuneko distopia apokaliptikoaren zain egon bitartean.


Argazkia. Unsplash / Frame Hariak

 

Mintza gaitezen orainaz. Neska* Gazteok prekaritatean murgildurik eta lanerako bizi gara, botere kapitalistek bizirautea are eta garestiagoa bilakatzen duten bitartean; bikote heterosexualak osatzera, gizonak etengabe zaintzera, eta gainera, desio duguna hori dela sinetsaraztera garamatzate; diskurtso faxistak gurean ere lurreratu dira okupazioaren kriminalizazio gisa, segurtasunaren izenean arrazismoaren indartze gisa eta eraso klasista, transmaribollofobo eta sexista gisa.

Beraz, agian, distopia ez da etorkizunean, bat-bateko eztanda batek eraginda iritsiko. Distopikoa dena oraina bera da, sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialaren lurreratzea. Horregatik, orain da antolatzeko unea, antolakuntza feministara batzekoa.

 

«Askotan adierazi dugu, guk, gure begien aurrean eta gure kontra egunero erreproduzitzen den sistema hau ez dugula zainduko, erresistentzia egingo diogula bere fronte guztietan, feminismoak eman dizkigun eta feminismoan sortu ditugun tresnekin egingo diogula aurre.»

 

Erresistentzietatik bestelako munduak irudikatzeko saltoa ere aspaldi eman genuen eta horretan dihardugu. Utopiak lehertu behar ditugu eta gaurdanik eraiki, txikitasunetik sortu osotasuna eraldatzeko anbizioaz. Utopiak ortzi-mugak dira, proiektu politikoetan lurreratzen direnak, norabidetzat ditugunak; ez perfektuak, baizik eta ugari eta osagarriak, hemen eta orain baliagarri zaizkigunak, oraina eta geroa eraldatzeko baitira.

Orainaldi distopikoan utopia berriak pentsatzeak erresistentziak eta alternatibak gaurdanik sortzera garamatza, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministatik udazkenerako deitu dugun Greba Orokor Feminista da honen isla. Antolakuntzaren bidezkoak eta kolektiboak diren aldaketak materializatuz joan daitezen, ezinbesteko tresna politikoa da greba, Mugimendu Feministatik berrasmatzen jakin duguna eta helburu estrategiko partekatuen baitan artikulatzeko aukera ematen diguna: mugimenduak hauspotzeko, urgentziazkoak diren aldaketak abiarazteko, arrakalak sortu eta eraldaketetan sakontzen joateko aurrebaldintzak sortzeko.

 

Gure utopia propioetarako bidea konfrontaziotik etorri beharko da. Menderakuntzak politizatu, gatazkak sortu eta hauetan erradikaltasunez aritzea ezinbestekoa da eraldaketarako. Izan ere, boterea borrokatu egin behar da nahitaez.

 

Greba Orokor Feminista inoizko indartsuena izateko, utopiak pentsatzeko, horretarako tresnak sortu eta partekatzeko, haustura kolektiboak antolatzeko eta erresistentzietan sakontzeko Neska* Gazteok borrokan jarraituko dugu.

Iraultza feminista da gurea!