SINADURAK

Erria

Une berezirako gomendioak [Geopolitika #1]

2020-03-23

Covid-19 birusak eragindako larrialdi ezohiko egoera honetan eta etxealdiak irauten duen bitarterako, ERRIA aldizkaritik gai ezberdinei buruzko gomendio, iritzi eta elkarrizketak proposatu nahi dizkizuegu, denboraz, lasai irakurtzeko eta ikusentzuteko.

Aste honetarako aukeratu dugun gaia GEOPOLITIKA da.

Geopolitikak (grekerazko geos hitzetik, euskaraz lurra) nazioarteko harremanak aztertu eta horietan botere politikoa baliatzeko modu bat da, lurraldearen geografia (baliabide ekonomikoak, demografia eta garapen teknologikoa, kasu) nabarmentzen duena. Horrela, interes geopolitikoak aipatzen dira, lurraldeari buruzko interes politikoak lehenesten direnean. [euwikipedia]

Geopolitika antzinatetik jaiotzen den sentsibilitate bat dela esan daiteke. Baina hitza bera, 1905ean sortu zen. Geopolitika Estatuaren zientzia bezala definitu zen, estatua espazio batean adierazten den organismo geografiko bezala ulertuz. Geopolitika geografia politikoa zen orduan, geografiaren ahalmena analizatzeko saiakera bat. Disziplina horrek aldaketa bat jazan zuen ondoren, ordea, geografiaz gain disziplina asko integratuz, historia, ekonomia, zientzia politikoak... Finean, estatuen eta kontinenteen estrategia territorialak, haien arteko konfrontazioak, erlazio sozialak, aztertzen dituen jakintza bihurtu da.

LIBURUAK:

LAS 100 PALABRAS DE LA GEOPOLÍTICA
[Jean-Marc Huissoud & Pascal Gauchon (koord.) Ed. Akal]
Liburu honetan geopolitikara hurbilpen bat egiten da 100 hitzen definizioaren bitartez, arerioa, sarea, domeinua, iritzi publikoa, errepresioa, aldea globala… bezalako kontzeptuen azterketekin. Irakurketa arina eta pedagogikoa da, beraz, guztiz gomendagarria.

GLOBALIZAZIOAK ETA ERDI ARO BERRIA
[Joseba Gabilondo (Miguel De Unamuno XVI. Saria, Bilboko Udala) Ed. Erein]
Gabilondoren liburua globalizazio prozesuei buruzkoa da, globalizazio bakar bat baino, prozesu desberdinak daudela azpimarratzen du. Liburua ezkerrak alternatibak pentsatzeko zailtasunetik abiatzen da, eta globalizazio prozesuak ulertzeko erdi arora joatea planteatzen du. Alternatibak pentsatzeko, hainbat ideia albo batera utzi behar ditugula proposatzen digu, iraultzaren kontzeptua eta politika bakarraren ideia kasu. Euskal Herriko ikuspuntutik idatzia, idazlea AEBetan bizi arren, liburuak jakintza asko gurutzatzen ditu, filosofia, geopolitika, sexua, filmak… 2016an idatzia izan arren, egungo krisia ulertzeko ere hainbat gako aurreratzen dira bertan, nekropolitika, salbuespen estatua, teknologia biopolitikoak, eta baita ere, gaur indartsu ikusten dugun ideologia neoliberalaren kritika.

EL LARGO SIGLO XXI
[Giovanni Arrighi Ed. Akal]

Oinarrizko obra honek azken 700 urtez gertatu diren transformazioak aztertzen ditu, batez ere, kapitalaren akumulazioaren eta estatu formazioaren arteko erlazio eskalonatua. Teoria soziala, historia konparatiboa eta narrazio historikoa uztartuz, liburu mardul honek azken milurteko historia mundiala aztertzen du. Arrighiren iritziz, kapitalismoaren historia mende luzeen segiden historia da. Garai horietako bakoitzean, potentzia hegemoniko konkretuek espazio ekonomiko mundialaren kontrola ziurtatu dute, sare ekonomiko eta politiko propioak ehunduz. Horien nolakotasun espezifikoak eta logika estrukturalak lantzen dira liburuan. Horrez gain, autoreak hainbat garai historiko lantzen dituen arren, gaur egungo AEBen posizio hegemonikoa erosionatu duten indarren analisia egiten du ere. Maisulan hau ezinbestekoa da egungo geopolitika ulertzeko.